
Hirugarren greba eguna dute gaur Bizkaiko autoeskoletako langileek: goizeko zortzi eta erdietan abiatu da manifestazioa Casilda Iturrizar parketik. Uztailaren 8an egin zuten lehen lanuztea eta uztailaren 16an bigarrena, zazpi hilabetez patronalarekin negoziazioak blokeatuta egon ostean.
Izan ere, hamarkada bat baino gehiago pasa da jada sektoreko hitzarmena azken aldiz eguneratu zenetik. Gauzak horrela, langileek KPIaren araberako soldata igoera aldarrikatzen dute, baita lanordu kopurua murriztea ere.
Apavi Bizkaiko autoeskolen probintzia-elkarteak lansariak %2,5 handitzea proposatu zien enplegatuei (KPIren azpitik), baina horiek ez onartzea erabaki zuten, eskatutakoa baino igoera baxuagoa zelako. “Patronalak ez du aurrerapausorik eman, eta, hortaz, kolektiboak grebara deitzen jarraituko du”, azaldu du Ainhoa Tirapu ELAko kideak.
Orain arte hitzarmena negoziatzeko zortzi mahai egin dituzte patronalak eta langileek, azkena uztailaren 15ean; irailaren 2an bilduko dira berriro ere.