Bizkaiko zergadunek aukera dute jada 2025eko ekitaldiko errenta-aitorpena simulatzeko. Izan ere, Bizkaiko ogasunak atzo jarri zuen eskuragarri online tresna, zeinak ahalbidetzen duen aldez aurretik 2025eko aitorpena kalkulatzea. Hogeita lau ordutan jada 598 pertsonek erabili dute erreminta, iaz baino 300 pertsona baino gehiagok, eta 2.061 simulazio egin dira.
Aldundiak azaldu du tresnaren helburua dela zergadunei “erraztasunak ematea”, aukera ematen baitie hurrengo kanpainaren emaitza “aurretik kalkulatu eta planifikatzeko”. Gainera, apirilean onartu zen zerga-berrikuspenaren harira, kenkari berriak sartu dira indarrean, eta, ondorioz, “garrantzia berezia hartu du” tresnak.
Hainbat aukera azter ditzake erabiltzaileak simulagailuari esker: “Etxebizitza-kontura ekarpenak egitea edo ohiko etxebizitza erosteko mailegua amortizatzea, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei ekarpenak egitea edo, jarduera ekonomikoren bat egiten dutenen kasuan, I+G+b proiektuak edo kultura sustatzeko proiektuak finantzatzeko kontratuak formalizatzea”, besteak beste.