Blanca Boix Sáez de Ocariz: "Dirua ez da bide bakarra, bide bat baizik"

REAS Euskadiko ekintzailezaintza eta merkatu sozialeko koordinatzaileak "kontsumo kritikoa" egiteko deia luzatu du, eta gogorarazi du ekonomia ez dela soilik "lan produktiboa", baizik eta "zaintza lana" ere

Blanca Boix | Argazkia: REAS Euskadi Blanca Boix | Argazkia: REAS Euskadi

Gero eta esparru gehiagotan nabarmentzen ari dira ekonomia ez dela soilik dirua. Hori da ekonomia sozialak defendatzen duen alderdietako bat. Dena den, adar asko ditu ekonomia beste modu batera ulertzeko bide horrek. Horietako bat da ekonomia sozial eta solidarioa, REAS Euskaditik bultzatzen dena. Euren printzipioen artean dira ekitatea, aberastasunaren bidezko banaketa edo lan duina, eta bestelako kontsumitzea ahalbidetuko duen merkatu soziala bultzatzea. Horiek azpimarratu ditu, besteak beste, Blanca Boix Sáez de Ocariz ekintzailetza eta merkatu sozialeko koordinatzaileak. Azkenari lotuta, merkatu sozialaren bilatzailea atera berri dute.

Ekonomia soziala terminoa singularrean erabiltzeko ohitura dugu, baina hori ulertzeko modu asko daude. Nola ulertzen duzue REAS Euskaditik?

Guk ekonomia sozial eta solidarioaren adarrean egiten dugu lan. Alegia, ekonomia sozialaren parte gara, eta harekin hainbat balio partekatzen ditugu, baina apur bat harago joaten gara. Ekonomia solidarioa aspalditik dagoen mugimendu sozioekonomiko eta politiko bat da, asko ikasi du ekonomia feminista eta ekologistatik, eta sei printzipio ditu: ekitatea, lan duina, jasangarritasun ekologikoa, lankidetza, aberastasunaren bidezko banaketa, eta ingurumenarekiko konpromisoa. Komunitatean antolaketa sustatzen du, parte hartzea bultzatzen du, elkartasun ekonomikoa, gizarte premiak asetzea... Eta ongizatea sustatzen duten gizarte ekimenak bultzatzen ditu, bai diruaren bitartez, bai dirurik gabe.

Beraz ekonomia ez da soilik balio monetarioa duen hori.

Ekonomiaren definizioa hartzen badugu etxearen kudeaketaz ari gara. Etxearen kudeaketa gertatzeko, zenbait lan produktibo daude, baina hainbat lan erreproduktibo eta zaintzarenak daude oinarri hori sortzen dutenak. Maiz erabiltzen den icebergaren irudia hartuta, goian dago ikusten den hori, produktiboa dena eta dirua ematen duena, baina hori guztia mantentzeko beharrezkoa da zaintza, ez duena balio monetariorik —eta hala izaterik ez duguna nahi—.

"Ekonomiaren definizioa hartzen badugu etxearen kudeaketaz ari gara. Etxearen kudeaketa gertatzeko, zenbait lan produktibo daude, baina hainbat lan erreproduktibo eta zaintzarenak daude oinarri hori sortzen dutenak"

Zein zentzutan?

Askotan ulertzen da nahi duguna dela zaintzako espazio horiek dirutan neurtu. Eta ez. Guk ez dugu nahi etxean haurra zaintzeko norbait kontratatu behar izana, baizik eta zuk zure espazioa eduki ahal izatea hori egin ahal izateko, egingo baldin baduzu. Guretzat hori ere ekonomiaren parte da.

Egunerokotasuneko kezkak izatean (inflazioa, energia...), ez al dugu horrekiko arreta galtzen?

Bai eta ez. Lehen urgentziazkoa bazen halako gauzei kasu egitea, orain are gehiago. Pandemia garaian oso ondo ikusi zen, eta orain krisiarekin ere ikusten da eredu kapitalista indibidualista baten bakarrik biziraun daitekeela aberatsak aberatsago egiten, pobreak gero eta pobreago bilakatzen, eta ia existitzen ez diren erdiko klase hori polarizatzen. Nik uste dut horrelako egoeretan inoiz baino garrantzia handiagoa hartzen dutela ekonomia sozial eta solidarioko ekimenek. Adibidez, pandemia garaian, ekonomia solidarioko erakunde pila batek lan askoz gehiago eduki zuten. Zergatik? Aurretik hainbat sistema eraikita zituztelako, erantzun kolektiboak eman ahal izateko.

"Pandemia garaian, ekonomia solidarioko erakunde pila batek lan askoz gehiago eduki zuten. Zergatik? Aurretik hainbat sistema eraikita zituztelako, erantzun kolektiboak eman ahal izateko"

Merkatu kapitalistaren aldean, aberastasunaren bidezko banaketa defendatzen duzue, besteak beste. Zer da hori?

Merkatu kapitalistan, balioa berdin prezioa izaten da, alegia, zerbait balio handikotzat hartzen denean oso prezioa altua du. Primarkeko kamiseta batek oso balio txikia daukat eta, horregatik, oso prezio txikia. Guk ez dugu horrela ikusten. Gure ustez gauza gehiago daude atzetik. Eta prezioa da bat. Dirua ez da bide bakarra, bide bat baizik. Guretzat askoz garrantzitsuagoa da pertsonen eta komunitatearen beharrak asetzea, eta behar horiek benetakoak izatea. Horregatik, krisi garaietan, ekonomia sozial eta solidarioarentzat dirua ez denez azkeneko funtsa, lortzen du egokitzea eta aukera gehiago sortzea. Eta ematen dizkit hainbat produktu eta zerbitzu modu doakoan, ulertzen duelako beste zenbait bidetatik lortuko duela mantentzea, eta erlazio ekonomikoek ez dutela zertan beti dirua eduki behar erditik.

Horren adibiderik?

Egungo egoerara ekartzeko, ekonomia solidarioan asko ari gara hitz egiten prezio inklusiboen inguruan. Batetik, badago mugimendu hori guztia bidezko merkataritzaren inguruan, hornitzaile eta katean dauden pertsona guztiei ondo ordaintzeko, eta euren bizitza duin bat bultzatzeko. Bestetik, ordea, geroz eta elkarrizketa garrantzitsuagoa da kontsumitzeko eskubide hori izatea. Beraz, prezio inklusiboen inguruan hitz egiten dugunean, ulertzen dugu badaudela hainbat gauza ez ditugunak denok zertan berdin ordaindu. Hori bada modu bat krisi bati aurre egiteko.

"Merkatu kapitalistan, balioa berdin prezioa izaten da. [...] Gure ustez gauza gehiago daude atzetik. Eta prezioa da bat. [...] Guretzat askoz garrantzitsuagoa da pertsonen eta komunitatearen beharrak asetzea, eta behar horiek benetakoak izatea"

Gizartearen parte bat horrekin guztiarekin oso kontzientziatuta dago, eta kontzientzia hori areagotzen ari da. Aldiz, kontsumo tendentziak —amazonen erosi eta etxera ekartzea, janaria Glovo bezalako plataformen bitartez eskatzea— ez al doaz horren kontra?

Dudarik gabe. Ekonomia solidarioa ez da mainstreama. Eta askotan guk geurean ikusten dugu barne-inkoherentzia asko ditugula. Baina ekonomia solidarioa, eraldatzaileak diren ekonomiak bezala, egiten dutena da analisi kritikoa egungo ekonomiari buruzkoa, eta alternatibak proposatu. Eta balio du laborategi bezala praktika eta modu berriak martxan jarri, eta balio duten horiek sustatzeko.

Glovo, Amazon eta horiek guztiek atzean duten balioa da gehiago eta gehiago edukitzearena. Baina ekonomia solidarioaren beste mugimendu bat da, non ez den sustatzen behar ez dena erostea. Ez dugu mugikor berriena behar bi urterik behin, eta horrek eraman zaitzake hainbeste diru behar ez izatera eta hainbeste lan egin behar ez izatera. Hala, denbora askoz gehiago duzu zure bizitza bizi ahal izateko, kontziliatu ahal izateko —familiarekin, lagunekin, zure motibazio pertsonalekin—. Nola egiten diegu aurre halako mugimendu indartsuei? Kostata. Baina azkenean atzean dago zein balio nahi dituzun sustatu.

Jasangarritasun ekologikoaren printzipioa ere aipatu duzu.

Lokala dena, km0, gure DNAaren barruan dago. Amazon horren kontra doa, eta Glovok prekarizazioa bultzatzen du. Ekonomia solidarioaren barruan sortzen ari dira rider mugimenduak, baina beste mota bateko sistemekin: kooperatiba moduan, non beraiek diren beren arduradunak. Agian janaria ez dizute ekarriko eskatu eta ordu erdira, baina segur aski bai egunean bertan. Orduan egin beharko duzuna da lehenago planifikatu. Egiten ari garena da egokitzen, eta alternatibak bilatzen dauden sistemekin.

Sare sozialekin ere debate handia dugu. Badakigu sare horiek lobby teknologikoak direla, lau buruzagirekin hori guztia mugitzen. Baina aldi berean hor ez bagaude gure mezuak ez dira iritsiko. Ekonomia solidarioak ez du proposatzen mundua puskatu eta berriz hastea. Proposatzen du aldaketa bat non gutxinaka askotariko praktika onen bitartez lortzen den balioak aldatzea, gizartea aldatzea eta ekonomia desberdin bat egitera iristea.

"Sare sozialekin ere debate handia dugu. Badakigu sare horiek lobby teknologikoak direla, lau buruzagirekin hori guztia mugitzen. Baina aldi berean hor ez bagaude gure mezuak ez dira iritsiko"

Kontsumo “kritiko, kontziente eta eraldatzaile baterako”, merkatu soziala delakoa aldarrikatzen duzue. Zertan datza?

Ekonomia sozial eta solidarioari loturiko zirkuitu ekonomiko alternatiboa. Gune bat da, baita estrategia bat ere, non erosketa eta salmenta ematen den ekonomia sozial eta solidarioaren balioekin. Baliteke zu egun horren kontsumitzaile izatea kontziente izan gabe: Kooperan erosten duzu kamiseta bat, Goienerreko bazkide zara edo Fiarerekin egin duzu zerbait. Merkatu horretan, zuk, Goienerreko bazkide zarenak hainbat arrazoiengatik, halako printzipioak sustatzen dituen beste negozioak topatu ditzakezun. Baina, era berean, ekonomia sozialeko eta solidarioko erakundeek ikusarazi ditzakete beraien balioak. Interkooperaziorako gune gisa ere ulertzen dugu, proiektuen artekoa.

Testuinguru horretan sortu duzue kontsumo arduratsuaren edo merkatu sozialaren bilatzailea. Zergatik?

Lehen urtean behin azoka egiten genuen, fisikoa, eta energia asko jartzen genuen egun horretan proiektu horiek guztiak ezagutarazteko. Baina ohartu ginen merkatu sozialaren estrategia egun batera mugatzen zela. Eta guk egunero gertatzen zen estrategia izatea nahi genuen. Hasiera batean marketplace edo 'amazon alternatibo' baten pentsatu genuen, baina hainbat zailtasun zituen azpiegiturari eta beste hainbat alderdiri dagokienez. Beraz, bilatzailea abiarazi genuen, ekonomia sozial eta solidarioko kamiseta erosi nahi duenak, bertan kamiseta jarri eta ikus dezan zein erakundek eskaini ahal dizkion kamiseta horiek eta non dauden. Oraindik martxan jartzen ari gara, eta hitz guztiak ez daude sartuta. Baina hilabete honetan zehar, proiektuak euren informazioa ondo betetzen joango dira, eta 2023 hasierarako produktu eta zerbitzu guztiak bertan izango dira.

"[Merkatu sozialaren] bilatzailea abiarazi genuen, ekonomia sozial eta solidarioko kamiseta erosi nahi duenak, bertan 'kamiseta' jarri eta ikus dezan zein erakundek eskaini ahal dizkion kamiseta horiek"

Gabonetara begira, gomendiorik kontsumoan?

Animatzen dugu jendea kontsumo kritikoa egitera, ez dezatela erosi erosteagatik, ez baita beharrezkoa zuhaitza 40 oparirekin inguratuta izatea. Eta kontsumo kritiko hori non egin ez badakite eta aukera berriak ezagutu nahiez gero, bilatzailean bilatzera animatzen ditugu.

Zer eduki behar du kontuan ekonomia sozialean ekingo duen proiektu batek?

Gida batean jaso dugu zergatik den garrantzitsua ekonomia sozial eta solidarioan ekitea, datorren urtean aterako dena. Batetik, ez duzulako bakarrik egiten. Ekintzailetza eredu hegemonikoa oso bakartia da. Gure ideia, ordea, ondorengoa da. Demagun, zeramikako tailerra sortu nahi dudala. Ekiten dudan garaian izan behar naiz zeramikako espezialista, hori baita ematen dudan zerbitzua, baina baita kontabilitatea eramango duena, marketinen aditua —saltzeko—, lan kudeaketa egiten duena —norbait kontratatzeko—... Ekonomia solidarioan sustatzen ditugun proiektuak kolektiboak dira. Horrek asko laguntzen du bakartasun sentimendua ez izaten. Gainera, sarean sustatzen dugu, norbere proiektuarekin bateragarri izan daitezkeen beste proiektuekin lotura egin dezaten.

Horrekin batera gure filosofia da bizitzaren euskarri izango den lana izatea, ez lanaren euskarri izango den bizitza. Lehen aipatzen zenituen sistema horiek —Amazon, Glovo...— mantentzeko sekulako jardunaldiak behar dituzu. Gure apustua da gutxiago baino hobeto, hori ere lanean islatzen delako. Asko landu dugu beraiekin denboraren kudeaketa, hausnartzea norberak zein punturaino egin nahi duen lan, nola egin nahi duen kontziliazio hori. Sei orduko jardunaldia egin daiteke? Bale. Kontuan hartu nola egin behar duzun errentagarri izan dadin hori.

"[Ekonomia sozial eta solidarioan] ez duzu bakarrik egiten. Ekintzailetza eredu hegemonikoa oso bakartia da"

Behar batetik sortu behar dira?

Ez dira sortzen sortzeagatik, ez; behar soziala ikusten delako sortzen dira. Ekonomia sozialeko proiektuek oro har oinarrizko beharrei ematen dietenez erantzuna krisi garaietan ere erosten jarraitu behar dugun produktuak dira.

Ekitatea, lokala, komunitatea. Lehen aipatu dituzun beste printzipio batzuk dira.

Bai, proiektu bat bultzatzean bilatzen dugu lokala izatea, komunitatetik komunitaterantz, planetaren eta biodibertsitatearen mugak errespetatzea, eta krisietarako jarrera erresilienteagoak izatea. Espazio inklusiboa eta ahalduntzekoa ere izan behar du, eta egitura eta gobernantza ekitatiboagoak sustatzen dituena. Eta horrekin batera, enpresaren propietatea langilearena denez, erabakiak ez dira soilik hartzen diruari dagokionez. Adibidez, kooperatiben kasuan langileak bazkideak direnez, krisi garaietan jendea kaleratu ordez, askok erabakiko dute soldatak txikitzea. Zu erabakiaren parte zarenean, askoz inplikazio errealistagoa duzu enpresan, ez dituzulako ikusten beraiek eta gu bezala. Bidea da zuek eta zure lankideek erabakitakoa.

"Proiektu bat bultzatzean bilatzen dugu lokala izatea, komunitatetik komunitaterantz, planetaren eta biodibertsitatearen mugak errespetatzea, eta krisietarako jarrera erresilienteagoak izatea"

Programarik duzue horretarako?

Bai, Presstatzen izenekoa. 10 proiektu hautatzen ditugu, eta egiten dugun lehenengo gauza da proiektuak euren artean aurkeztu, lehenengo minututik ikusteko zein aliantza mota topatu ditzaketen —bata bestearen hornitzaile izan adibidez—.

Ekonomia solidariori loturiko proiektuan berak eraldaketarako nahi hori duela azpimarratu duzu. Baina baliteke bere garaian sorturiko enpresa batek eraldaketa egin nahi izatea. Horretarako tresna izan daiteke auditoria soziala?

Hori batez ere ekonomia sozial eta solidarioan lan egiten duten enpresak laguntzeko tresna da, doakoa, nahiz eta edonork egin ahal izateko zabalik dagoen. Hala ere, hainbat urte lanean daramatzan ETE edo autonomo batek aldaketa egin nahi badu, Presstatzen programa da laguntzeko erabiltzen dugun tresna. Izan ere, ez da soilik ideia berriak martxan jartzeko; enpresa merkantilak ekonomia sozial eta solidarioko enpresa ereduetara igarotzeko formakuntza eta aholkularitza ere badu. Azkenean egiten duguna da errebisio kritikoa enpresa ereduari, hainbat balio nola sartu enpresaren funtzionamenduan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK