Gaur goizean elkartu dira Euskal Herriko sindikatuetako ordezkariak Osakidetzako lanuzteei buruz erabakitzeko. Bada, SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGTk bost greba egun iragarri dituzte urritik abendura bitartean. Urriaren 30ean eta abenduaren 14ean Osakidetzako langile guztiak deitu dituzte grebara. Abenduaren 9an Araban soilik egingo da greba, abenduaren 10ean Bizkaian eta abenduarean 11n Gipuzkoan.
Bost sindikatu deitzaileek agerraldia egin dute mobilizazioak iragartzeko. Osakidetzako langile guztientzat lan baldintza hobeak eskatu dituzte, eta azaldu dute “benetako negoziazioa” eta "benetako edukiak" nahi dituztela eta ez dutela negoziazioaren "simulaziorik" onartuko.
Joan den uztailean Osakidetzak akordioa itxi zuen SME Euskadiko Medikuen Sindikatuarekin, baina gainerako sindikatuek hitzarmen hura gaitzetsi zuten, eta Mahai Sektoriala utzi. Salatu zutenez, hitzarmenak ez zuen medikuen lan zama arintzen, eta guardia kopurua murriztu arren, atsedenaldiak betetzeko aparteko orduak egitera behartuta daude. Halaber, sindikatuen arabera, akordioak agerian uzten du lan baldintzak hobetzea borondate politiko kontua dela.
Gehiengo sindikalak Osakidetzaren egiturazko arazoei aurre egitea exijitu du, eta kolektibo ororen lan baldintzak hobetzea. Besteak beste, kolektibo guztien ordainsariak eguneratzea, lanaldi arrunta murriztea, profesionalen arteko desberdintasunak ezabatzea edota belaunaldi-errelebo eta talentua erakartzeko plana diseinatzea eskatzen dute.
Lan eskaintzaren bigarren faseko azterketak
Osakidetzak, halaber, jakinarazi ditu ekainean abiatutako Lan Eskaintza Publikoaren bigarren faseko proben datak: Gasteizen, EHUren campuseko Elurreta eraikinean, eta Barakaldon, BECen egingo dira azterketak, azaroaren 6, 7, 8, 21, 22 eta 27an.
Guztira, 23.747 hautagaik eman dute izena 41 kategoriatan.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta