Gaur goizean hasi eta igandean amaituko dira Osakidetzako 9 kategoria profesionaletako azterketak. Zehazki, administrazioko eta kudeaketako goi mailako teknikaria, fisioterapeuta, laborategiko teknikari espezialista, zeladorea, erizaintzako laguntzailea, zerbitzuetako langilea, erizaina, administrazioko laguntzailea eta administrari posturako azterketak egingo dira, Barakaldoko BECen.
101.693 pertsonek eman dute izena deialdian, eta orotara 3.764 lanpostu izango dira. Besteak beste, zeladore posturako 22.839 lagun aurkeztuko dira, administrari laguntzailerako 17.945 eta erizain laguntzailerako 15.073.
Bero-bolada betean, Osakidetzak beharrezko neurriak hartu ditu azterketak baldintza egokietan egin ahal izateko, eta Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldu duenez, Osakidetzak 2023, 2024 eta 2025 urteetako Lan Enplegu Publikoak egingo ditu aurten, 5.425 lanpostu eskainita.
"Parte hartze errekorra izango duen asteburu historikoa biziko dugu, gure lan merkatuarentzat zein Euskadiko osasun sistemarentzat benetan garrantzitsua den gertaera", esan du Martinezek, eta era berean, adierazi du Osakidetza “erakargarria” dela bertan lan egiteko.