Europako Batzordeak 550 milioi euroko isuna jarri dio AliExpressi, legez kanpoko produktuak saldu eta faltsifikazioak egiteagatik. Txinako multinazionalak DSA Zerbitzu Digitalen Legea urratu du, bere plataforma digitalean ez zuelako nahikoa kontrola ezarri hainbat produktu saltzeko.
AliExpressek urriaren 20ra arteko epea izango du neurriak hartu, ekintza plan bat aurkeztu eta Europako araudia betetzeko, eta legea urratzen jarraitze badu, isun handiagoa jaso lezake.
DSA legea urratzeagatik plataforma txinatarrak jasotzen duen hirugarren zigorra da honakoa. Izan ere, legeak derrigortzen du zenbait neurri hartzea kontsumitzaileentzat kaltegarriak izan daitezkeen produktuak ez saltzeko. Shein eta Temu enpresa txinatarrek ere jaso dituzte isunak azken hilabeteetan. Aitzitik, AliExpressek erabiltzaile gehiago ditu (193 milioi), eta, hortaz, ardura handiagoz jokatu beharko lukeela iritzi dio Bruselak. Sheinek 156 milioi erabiltzaile ditu, eta Temuk 130 milioi.
EBk dio lege-urratzeak “larriak” izan direla, eta 2025ko ekainera bitartean gauzatu zirela. 2024ko martxoan ekin zion Bruselak AliExpressen jarduera ikertzeari, eta ondorioztatu du enpresaren barne kudeaketan “gabezia sakonak” daudela. “Legez kanpoko produktu asko, faltsifikazioak edota eta jostailu ez-seguruak, baita kosmetiko arriskutsuak ere, plataforman zabaldu ziren, eta, detektatuak izan arren, hainbat astez egon ziren plataforman”, adierazi du Europako Batzordeak.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta