Cabify Bilbo Handian

Bilboko eta Bizkaiko erabiltzaileek beste aukera bat izango dute auto gidaridunen garraio motari dagokionez. Espainiako Cabify enpresa gehituko zaio orain arte lanean ziharduen Uber nazioartekoari, hiriarteko mugikortasunaren aukerak hedatuz

    Cabify konpainiaren auto bat, Madrilen (Espainia) | Argazkia: iStock
    Cabify konpainiaren auto bat, Madrilen (Espainia) | Argazkia: iStock
    2025eko uztailaren 19a - 05:30

    Bilbo Handiko eta Bizkaiko garraio mugikortasunak eskaintza berria izango du hemendik aurrera. Bilbora datozen bidaiariek eta lurraldeko erabiltzaileek aukera gehiago izango dituzte, batez ere Bilbo eta Loiuko Aireportuaren artean. Izan ere, Cabify Espainiako enpresak bere zerbitzuak eskainiko ditu herrialdeko hiriarteko bidaietarako. Isabel Carballo Cabify-ko komunikazio arduradunak EnpresaBIDEAri adierazitakoaren arabera, “2024an, 36.000 lagunek baino gehiagok ireki zuten Cabifyren aplikazioa, zerbitzua Bilbon eskuragarri ote zegoen jakiteko, eta horrek Cabifyk hirian izan dezakeen interesa eta eskaria ulertzen lagundu digu”. Bere ustez, urteetan zehar, herritarrek kexak adierazi dituzte garraiobide eraginkorrak eta ingurumenarekiko arduratsuak ez zeudelako. Enpresaren ikuspuntuari jarraiki, Bilbok geroz eta turismo eta biztanle gehiago dituenez, mugikortasun-irtenbideak behar ditu, egoiliarren eta bisitarien beharretara egokitu ahal izateko. “Zentzu horretan, hirian mugikortasun-alternatiben beharrizan gero eta handiagoari erantzun nahi diogu. Erabiltzaile pribatuentzat, ECO kategoria duen lehen hiria izango da Bilbo, eta horrek esan nahi du aplikazioaren bidez lan egiten duten auto guztiak ibilgailu elektrifikatuak direla”, gehitu du.

     

    Bizkaiko Aldundiaren garraio sailak ditu eskumenak VTC-ei dagozkien lizentziak emateko eta estatu mailako araudia betearazteko. “Uste dugu operadore berrien etorrera, hala nola, VTC zerbitzuak biltzen dituzten plataformak, garatzen ari den mugikortasun-ekosistema baten parte dela, baldin eta betetzen badute indarrean dagoen araudia, zerbitzu osagarri bat eskain dezakete. Ordutegi-tarteen edo garraio publikoa dagoen eremuen estaldura indartuko duena. Taxiak ez dira intentsitate berarekin iristen. Hori bai, gure lehentasuna mugikortasun ordenatua, segurua, iraunkorra eta legezkoa da”, adierazi du Bizkaiko Foru Aldundiko Mugikortasun saileko garraio zuzendaria den Antonio Jaraicesek.

    2023az geroztik, Bizkaiko Foru Aldundiak 30 VTC lizentzia baimen eman ditu hiriarteko zerbitzuetarako. Baimenok pertsona fisikoei (13) zein juridikoei (17) eman zaizkie, horietako batzuk lehendik ere lanean ari baitziren. “Garrantzitsua da azpimarratzea Cabify plataformak ez dituela baimenak zuzenean eskatu. Haren plataforman integratu baititu dagoeneko baimenak lortuak zituzten operadoreak”, dio Jaraicesek.

     

    Isabel Carballo (Cabify): “2024an, 36.000 lagunek baino gehiagok ireki zuten Cabifyren aplikazioa, zerbitzua Bilbon eskuragarri ote zegoen jakiteko, eta horrek Cabifyk hirian izan dezakeen interesa eta eskaria ulertzen lagundu digu”

    Lizentziak esleitu ondoren, aldundiak kontrol-eskumenak izango ditu, eta, irailetik aurrera, ikuskapen arrunt bat jarriko du abian. Zerbitzuari buruzko berariazko ikuskapen-kanpaina berezia, hain zuzen ere. Arauak bete ezean, 1.500 eurokoak izan daitezke isun komunak (hiri barneko bidaiak egitea, batez ere). Orobat, jarduera larriagoak antzematen badituzte, isunak 50.000 euroraino irits daitezke.

    Ignacio Alday Bilboko Udalaren Garraio eta Mugikortasun zuzendariaren arabera, Cabify-ren etorrera positiboa izango da Bizkaiko hiriburuarentzat. “Herritarrei zerbitzu bat eskaintzera datorren edonor ongietorria da Bilbora, mugikortasunaren aukerak zabaltzea ezinbestekoa baitzen. Betiere, legedia betetzen baldin badute, jakina: ezin dituzte hiri barneko zerbitzuak eskaini, hiriartekoak soilik. Eta ezin dute Bilbotik noraezean ibili, honako hau taxiei ere dagokie, ez dugu nahi ibilgailuak noraezean ibiltzea kutsadura sortuz. Taxi bat bere geltokira joan behar da zerbitzua amaitzean, eta VTC bat bere egoitzara”, Aldayren esanetan.

    Bilboko Udalak ikuskaritzak egingo ditu Espainiako Estatuko eta EAEko legedia bete dadin, taxiekin egiten duten modura. Kontuan izan behar da, halaber, taxien tarifak Bilboko Udalak berak ezartzen dituela. VTC zerbitzuen tarifak, berriz, merkatuak berak ezartzen ditu. Cabify eta beste plataforma batzuk tarifa dinamikoak eskaintzen dituzte, eskaeraren arabera alda daitezkeenak, eta, oro har, bidaia baieztatu aurretik prezioa erakusten dute, gardentasun handiagoa ahalbidetuz.

    VTC zerbitzuen tarifak, berriz, merkatuak berak ezartzen ditu. Cabify eta beste plataforma batzuk tarifa dinamikoak eskaintzen dituzte, eskaeraren arabera alda daitezkeenak

    Taxi-gidarien kolektiboaren aldetik kontrako ahotsak sortu dira, eta legedia bete-betean betearaztea eskatu dute. Esaterako, Euskal Herriko taxi-enpresatako dekanoa den Radio Taxi Bilbao enpresako presidente Iñaki Pardok adierazi du arduratuta daudela VTC-ak egun tarifak jaitsi dezaketelako, etorkizunean merkatua monopolizatzeko xedearekin.

    Asun Fernández-Villarán Deustuko Unibertsitateko turismo graduko arduradunaren ustez, “turismoari dagokionez, eta beste balorazio batzuetan sakondu gabe, mugarri bat izango da hiriarteko mugikortasunean”. Haren iritziz, mota honetako garraioa malguago eta lehiakorragoa da. "VTC-ak ezaguna duten bisitariek nabarmentzen dutenez, hemen faltan botatzen ziren”. Horrez gain, Fernández-Villarán-en aburuz, ECO kategoria gehitzeak turisten aldetik garraio jasangarrien gaineko geroz eta eskaera handiagoari erantzungo dio. “Asko hobetuko da hirirako irisgarritasuna. Leku gakoen arteko mugikortasuna erraztuko du, batez ere, aireportuarekin sortuko duten loturarekin. Eta hirigune konektatu eta modernoaren gaineko pertzepzioa handituko du”, amaitu du.