Cebekek amaitutzat jo ditu “Definitu absentismoa kudeatzeko zure plana” zikloko lehenengo bost saioak. Ekimena Lanean On proiektuaren barruan kokatzen da, eta helburu du Bizkaiko enpresei laguntzea lan-absentziak erregistratzen eta haiei aurre egiteko modua antolatzen. Jardunaldi horietan hainbat alderdi landu dira, hala nola, absentismoari buruzko adierazleak lantzea, absentzia-moten araberako protokoloak diseinatzea, baita erregistro- eta jarraipen-sistemetarako estrategiak ere.
Zikloaren azken saioan, erakundeen barruko komunikazioan zentratu dira. Cebekeko proiektuko lan-taldeak hau adierazi du: “Ziklo honek aukera eman digu baieztatzeko enpresekin egiten dugun lanean ikusten genuen zerbait: absentismoa hobeto kudea daiteke, eta horretarako tresnak badaude. Enpresek uste dutena baino jarduteko tarte handiagoa dute, eta tailer-ziklo honek horiek martxan jartzen lagundu du”.
Programari amaiera emateko, Cebekek seigarren jardunaldi bat egingo du Mutualiarekin batera. Jardunaldi horretan, absentziak erregistratzeko eta monitorizatzeko, abisuak aktibatzeko, kasuen jarraipena egiteko eta adierazleak aztertzeko tresna informatiko bat aurkeztuko da, eta, gainera, zehaztutako protokoloen aplikazioa egiaztatuko da. Saioa ekainaren 15ean izango da, 09:30etik 12:00etara bitartean, Cebeken egoitzan, eta zuzendaritzako, giza baliabideetako eta taldeen kudeaketako arduradunei zuzendutakoa izango da. Topaketan, kasu praktiko bat landuko da, eta sortutako datuen erabilera aztertuko da, hainbat erakundetan duten aplikazioa baloratzeko.