• EKONOMIA
  • Bizkaiko enpresen %29k uste baino fakturazio okerragoa izango dute

Bizkaiko enpresen %29k uste baino fakturazio okerragoa izango dute

Cebeken egoera ekonomikoari buruzko txostenak zerbitzuen sektorearen indarra berretsi du

Argazkia: Cebek
Argazkia: Cebek
2025eko urriaren 7a - 15:46

Cebek Bizkaiko enpresen elkarteak gaur aurkeztu du egoera ekonomikoari eta enpresen ikuspuntuari buruzko azken txostena, udazkeneko datuetan oinarritutakoa, hain zuzen ere. 412 enpresek hartu dute parte inkestan eta lortutako emaitzek adierazi dute Bizkaiko enpresak “arduratuta” daudela etorkizunarekin.

 

Azterlanaren arabera, hamar enpresetatik hiruk (%29) espero du 2025eko fakturazioa uste zutena baino okerragoa izango dela, 2020. urteaz geroztik izan den zenbatekorik altuena. Izan ere, %25ek adierazi du aurtengo fakturazioa “okerragoa” izango dela urte hasieran aurreikusitakoa baino, eta beste %4ak “askoz okerragoa” izango dela esan du. Kontrara, fakturazioa pentsatutakoa baino “hobea” izango dela adierazi du enpresen %18k, eta “askoz hobea” %2k.

Sektoreka aztertuta, zerbitzuena da emaitza onenak lortu dituena: enpresen %62k esperotako fakturazioa edo handiagoa izan du (%19k esan du gehiago fakturatu duela). Industrian, ordea, emaitzak ezkorragoak izan dira, esperotako fakturazioa %43k soilik lortu baitu, eta, gainera, %24k uste du urte amaiera okerragoa izango dela. Aldi berean, gehien bat enpresa txiki eta ertainek (gehienez, hamar langile dituztenak) erakutsi dute zaurgarritasuna .

 

Plantillak, inbertsioak eta kezkak

Txostenak dio Bizkaiko enpresen %63k langile kopurua mantendu duela urtean zehar, eta %27ak handitu egin duela. Enpresei zerk kezkatzen dituen galdetzean, “lan-kostuak” izan da gehien aipatutako aldagaia, %96k hala adierazi baitu. Inkestatuen %73k azpimarratu du zailtasunak dituela plaza hutsak betetzeko, eta langile kualifikatuak aurkitzeko zailtasunak ere badira enpresen kezka. Inbertsioei dagokienez, %69k berretsi du inbertsio maila berdin mantendu duela; %18k gehiago inbertitu du eta beste %13a inbertsio-planak berrikusten ari da.

DSC00663 1
Argazkia: Cebek

Bestalde, enpresen %52k kezka edo ziurgabetasun “handia” edo “oso handia” hauteman du araudiari dagokionez, eta, ondorioz, konpainientzat konplexuagoa izaten ari da erabaki estrategikoak hartzea. Arau-ziurgabetasunari lotutako kezken artean aurki daitezke kostu sozialei eta kotizazioei lotutakoak (enpresen %91rentzat), enpresen fiskalitateari lotutakoak (%84arentzat) eta lan-erreformari eta lanaldiari buruzkoak (%81arentzat). Ildo beretik, Bucesek komentatu du “kezkagarriak direla” Espainiako Gobernuak ezarritako “erregulazio-aldaketak eta gizarte- eta lan-arloko aldaketak”.

Gutxieneko soldata propioa

Sindikatuek pasa den astean erregistratu zuten Hego Euskal Herrirako gutxieneko soldata propioa eztabaidatzeko kontziliazio eskaera, eta hari buruz galdegin diote prentsaurrekoan Bucesi, zeinak erantzun duen Cebekek ez duela sindikatuen (ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru) Lan Harreman Kontseiluaren (LHK) “inolako berririk” jaso.

Halaber, patronaleko buruak jakinarazi du edozein gairi buruz eztabaidatzeko prest daudela, betiere, gizarte elkarrizketarako mahaian egiten bada. “Prest gaude beti elkarrizketa sozialeko mahaira joan eta gutxieneko soldatari buruz eztabaidatzeko”, esan du, baina gogorarazi du “absentismoari, malgutasunari, eraginkortasunari eta dena delakoari buruz ere” hitz egin beharko dela.