• EKONOMIA
  • Sindikatuek auzitara eramango dute Confebask gutxieneko soldata propioa eskatzeko

Sindikatuek auzitara eramango dute Confebask gutxieneko soldata propioa eskatzeko

ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxalde sindikatuek kontziliazio eskaera bat erregistratu dute; Jaurlaritzari bitartekari lanak egin ditzala eskatu diote, baina Jaurlaritzak ezetz esan du

Argazkia: ELA sindikatua
Argazkia: ELA sindikatua
2025eko irailaren 29a - 13:36

ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxaldek Confebask salatzeko lehen urratsa eman dute, Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa negoziatzeari uko egiteagatik. Sindikatuek kontziliazio eskaera bat erregistratu dute, patronalak bere erantzukizunak saihestu dituela agerian uzteko eta elkarrizketa mahaian esertzera behartzeko.

 

Mugimendu sindikalak defendatzen du gutxieneko soldata propioa ezartzea funtsezkoa dela pobreziari aurre egiteko, prekaritatea murrizteko, aberastasuna modu bidezkoagoan banatzeko eta soldata arrakalak ixteko. Hori lortzeko, bi bideren alde egin dute: esparru autonomikoan egindako lanbide arteko akordioa, Confebaskek eta CENek atzera bota zutena, eta Langileen Estatutua aldatzeko 138.495 sinadura bildu dituen herri ekimen legegilea.

Salatu dutenez, Confebaskek “sistematikoki uko egiten dio” negoziazio berriak irekitzeari, eta patronalak nahiago du Espainiako Estatuko lan baldintzek zuzentzen duten lan-merkatuari eutsi, baldintza “kaskarrak” baitira. “Patronalak bere ardura hartu behar du, eta milaka langilek eskatzen duten bezala, gutxieneko soldata propio baten negoziazioei heldu behar die”, aldarrikatu dute.

 

Era berean, sindikatuek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote beste urrats bat eman dezala eta bitartekari gisa jardun dezala gatazka honetan, eskura dituen tresna guztiak erabilita, patronalak prozesuan parte har dezan. Bitartean, gutxieneko soldata propio baten alde lanean jarraituko dutela ziurtatu dute, “bidezkoa delako, beharrezkoa delako eta milaka sinaduren babesa eta mandatua dagoelako”.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak azkar erantzun die: ezin da gutxieneko soldata propio baten inguruko gatazkan bitartekari lanetan aritu. Izan ere, Jaurlaritzak dio negoziatu ezinagatik “auzitegiek ezin dute irtenbidea izan”, eta “elkarrizketaren eta negoziazioaren alde” egitea beharrezkotzat jo du “langileen lan-baldintzak eta enpresen lehiakortasuna hobetuko dituzten akordioak” lortzeko.  Gauzak horrela, Torresen departamentuak sindikatuei eta patronolari dei egin die berriro, “negoziatzera eser daitezen”.