Uztailaren 30 eta 31n dozenaka mila gaztek Ceuta Marokotik aldebanatzen duen hesia gainditu eta erresuma alauiaren eta espainiarraren arteko enegarren (baina, agian azken 50 urte hauetako larriena izango den) krisia sutu denean, zalapartaren gainetik hausnarketa hobesten dutenek gogotsu ekin diote testuingurua argitzeari. Ia ahobatezkoa izan da gogora ekartzea aurrekari politiko-militarrak —aspaldikoak asko eta asko—, baina baita diplomatikoak ere —oso hurbilekoak hauetako batzuk—. Ez da oldoztu gabe geratu geopolitika ere. Gutxi, hutsaren hurrengoa aipatu da, ordea, korapiloaren saihets ekonomikoa.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Argigarria da, lehenik eta behin, nola Espainiar Estatuan oldartu den iskanbila politikoan, protagonista nagusiek, oro har, iskin egin nahi izan dioten aretoaren erdi-erdian duten elefanteari: 1975eko Madrilgo Hirutariko Akordioei. Harez geroztikoen botaharria ez ezik froga-harria izan baita hura. 1975eko azaroaren 14an, Franco azken arnasa ematear zela, Juan Carlos I.aren erregealdia, de facto, hasita zegoenean Espainia, Maroko eta Mauritaniaren artean “Mendebaldeko Sahararen auzia” kitatzeko sinatu zen hitzarmen hartan, beste higuingarritasun askoren artean, gezur eta ezkutaketa mordoa bilbatu zelako.
Ceuta eta Melillaren estatusaren ingurukoa da gezur horietako bat, egungo gertakariekin lotura zuzena duena. Trantsizioaren ondorengo establishment espainiarrak betiere aditzera eman du Saharako deskolonizazioan egindako utzikeriaren ordaina izango litzatekeela Marokok Ceuta eta Melillaren espainiartasuna ontzat ematea. Baina ez da halakorik agertzen inondik ere akordioaren idazkian. Espainiako errege-etxeak exklabe horiekiko erakutsi (ez) duen jarrerak iradokitzen du behin baino gehiagotan Juan Carlos I.ak Hassan II.ari esan omen ziona (“Utz dezagun gai hori gure semeek konpon dezaten”) egiaren antzeko zerbait dela. Krisiaren harira Sánchezek Felipe VI.ari egindako kinadak berretsi egin du.
Edonola ere, esan behar da imajinazio beroa behar dela bestelako ezer itxaroteko. Erresuma alauiak sortzetik darabilen bilbe ideologikoan dagoelako Ceuta eta Melilla beretzeko asmoa. Sustraian du aldarrikapen hori, Mendebaldeko Sahara beretzea baino argiago (besteak beste, askoz oniritzi zabalagoa duelako nazioartean hartarako). Kondaira goraipatzen dutenek oroitu behar dute munduak mapari begiratzen diola lehendabizi; saiatuek arakatuko dute historia, gero. Itzulketaren luzapena ez beste ezer hitzemango balu norbaitek Ceuta eta Melillari buruz Marokoren izenean, iruzurrean arituko litzateke.
Erresuma alauiak sortzetik darabilen bilbe ideologikoan dagoelako Ceuta eta Melilla beretzeko asmoa. Sustraian du aldarrikapen hori, Mendebaldeko Sahara beretzea baino argiago
Historiatik ezabatu ezina da, bestalde, Espainiaren izenean Madrilgo Akordio hura (Fraga bera ministro zela egikaritu zena) sinatu zuena izan zela Carlos Arias Navarro... aurretiaz frankismoaren factotumetakoa izan ondoren, gerora, Aliantza Popularraren senatari-gai ere izango zena. Perrexil asko behar da mokadu hori irentsi eta oposizioko politika sinesgarri bihurtzeko.
Magrebekiko politikan, realpolitikaz jantzita, Alderdi Sozialistak erakutsi duen transformismoa izan daiteke, ordea, Feijooren PPren kapital politiko baliagarriena abian den krisian. Felipe Gonzálezek Tindufeko kanpalekuak bisitatzetik Madrilen “Marokoren gizona” bihurtzeraino egin duen zeharkaldi luzean pausatu gabe, zabu horietako azken jazoera handiak, Sánchezen Kanpo-harremanetako ministro-aldaketak, lotura zuzena baitu gertatzen ari denarekin.
2021eko uztailaz geroztik Arantxa González Layaren ordez José Manuel Albares izatea harreman horien arduradun gorena, bi norbanakoren arteko gorabehera (hori ere izango zen arren) baino gehiago, bi ikuskera politikoren arteko talka izan zela ondorioztatu behar da. Batik bat, geroztik gertatu dena ikusita.
Alderdi Sozialistaren sen "errealista" dei genezakeena nagusitu zen orduan, argi eta garbi, berezkoa lukeen mundu-ikuskera ideologikoaz betiere Aljeriatik hurbilago legokeen sen "doktrinalaren" gainetik. Eta Brahim Gali, Polisario Frontearen arduradun gorenari emandako laguntasun humanitarioa krisia pizteko Marokok erabili zuen aitzakia besterik ez zen izan, zinez. Haren ondorengo 2021eko maiatzeko hesi-zeharkatze masiboa, aurtengoaren aurrekari nabarmena izan zen, hamar aldiz txikiagoan.
Magrebekiko politikan, realpolitikaz jantzita, Alderdi Sozialistak erakutsi duen transformismoa izan daiteke Feijooren PPren kapital politiko baliagarriena abian den krisian
Baina Albaresen izendapenak (eta luzaro Marokon enbaxadore izandako Planas ministroak Sánchezen bigarren gobernuan jarraitzeak) Rabatekiko harremanak lehengoratzea lortu bazuen ere, ez zitzaion musu-truk atera aldaketa Sánchezi, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren kausak Espainian duen babes sozial zabalaren haserreaz harago. Espainiarekin zuen Adiskidetasun Hitzarmena etentzat eman eta enbaxadorea etxera itzularazi egin zuen Aljerrek, 2024ra arte luzatu den hotzaldian.
Benetako kaltea, hala ere, besterik izan zen: 1996az geroztik Marokotik barrena Iberiar penintsulara iristen zen eta 2021eko urriaren 31n iraungi behar zuen Algeria-Europa gasbidearen kontratuaren luzapena zetzan beroaldi haren benetako sustraian. Eta bertan behera utzi zuen 2021ean gasbide horren kontratua Aljeriak.
Marokok, igarobidean egoteagatik lortzen zuen gas-hornidura garrantzitsua galdu zuen. Bere hornikuntza-iturri eroso eta merkeenetako bat agortutzat eman behar izan zuen Espainiak ere. Errematerako, handik lau hilabetera, Errusiak eraso egin zion Ukrainari, eta munduko gas-merkatua oraindik amaitu ez den prezio-zurrunbiloan sartu zen.
Zalantzarik gabe, hori izango da datorren urrian Tebboune aljeriar presidenteak Madrilera egingo duen estatu-bisitaldian solas-mahaiaren gainean egon beharko duen gai mamitsuenetakoa. Ceutako hesikoak gertatu baino hamar egun lehenago Sánchezek Aljerrera egin zuen joan-etorrian izango zen bezalaxe. Gehiegizko atrebentzia ote da susmatzea aurtengo uztailaren amaierako gertakari horiek Marokoren gaztigu gisako zerbait direla, 2021eko haien berrargitalpen biderkatua, Sánchez eta Tebboune Madrilen biltzen direnerako?
Marokok, Aljeria-Europa gasbidearen igarobidean egoteagatik lortzen zuen hornidura garrantzitsua galdu zuen. Bere hornikuntza-iturri eroso eta merkeenetako bat agortutzat eman behar izan zuen Espainiak ere
Gasarena da auziaren lehen korapilo ekonomiko potoloa. Bere garaian, Aljeriatik jasotzen zuen Espainiak bere horniduraren %70 inguru; baina 2021eko etenduraren ondoren, Medgaz, bi herrialdeen arteko zuzeneko itsaspeko gasbideak bakarrik diharduenez, espainiar inportazioen herena baino asko gehiago ez dator herrialde hartatik. Errusiatik letozkeenak zigorpean daudenez, eta aurtengo martxoaz geroztik Ormuzko itsasartea buxatuta dagoenez, Estatu Batuetatik itsasoz iristen den gas garestia da aukeran geratzen den ia bakarra... barne-kontsumorako eta Maroko hornitzeko.
Harremanak onbideratzeko Aljeriak ezarri duen baldintza baita Espainiak ezin dezala gas aljeriarra Marokora berresportatu. Baina, prezioak prezio, Marokorekiko gas-konpromisoei eusteko hautua egin du, orain arte, Madrilek. Lehen hegoaldetik iparralderantz gasa bidaltzeko erabiltzen zen gasbidea orain alderantziz baliatuz, Marokok hautabide alternatiborik ez duen heinean. Bistan da presio-bide nabaria ematen diola horrek Espainiari. Eta arrazoitzen duela ahapeka aurtengo abuztuan norbaiti entzun zaion “Txarrera jarrita, guk irabazten dugu” hori. Baina...
Ez da gasarena bi herrialdeen arteko korapilo ekonomiko bakarra. Ezta energiaren alorrean ere. Maroko eta Iberiar penintsularen arteko lotura elektrikoa delako, hein batean, gasbideen ifrentzua. Itsaspean 29 kilometro egiten dituen kable lodikoteak (400 kVko 700na MWeko bi hari) garraiatzen du elektrizitatea alde batetik bestera, bakoitzaren izakinen eta premien arabera. Hala, iazko apirilaren 28ko itzalaldian, espainiar elektrizitate-sarea berpiztu zutenetakoa izan zen Marokorekiko konexioa, Frantziakoarekin batera.
Gaur egun, emailea baino gehiago da hartzailea Maroko elektrizitatearen hartu-emanetan; baina bere proiektu fotovoltaiko erraldoiak egikaritzen badira, esportatzaile garbia izango litzateke Iberiar penintsulatik barrena Europarantz urte gutxi barru. Tenore horretan, bere kokapenaren "kapitala" edukiko luke Espainiak, Europarako sarbidea litzatekeen adinean, baldin eta bere garraio-sareak ahalbidetzen badu.
Emailea baino gehiago da hartzailea Maroko elektrizitatearen hartu-emanetan; baina bere proiektu fotovoltaiko erraldoiak egikaritzen badira, esportatzaile garbia izango litzateke Iberiar penintsulatik barrena Europarantz urte gutxi barru
Baina Maroko ere jabetzen da horretaz eta, hitzez bederen, Portugal eta Frantziarekiko lotura elektriko zuzenak itsaspeko kablez egiteko asmotan dabil une honetan. Berriztagarrien munduak berariazko eskakizunak dituenez (biltegietan gordetzea edo/eta orekari eutsi behar dion sareetan garraiatu eta merkaturatzea, adibidez), energia-iturri fosilek ez dituztenak bezalakoak, antzekotasun handiak dituzten bi ekoizle, Maroko eta Espainia, lankide izan ordez arerio bihurtuko balira, kaltea bertsua izan daiteke bien ala bientzat.
Marokoren benetako indargune ekonomikoa (eta ez soilik Espainiarekiko), halaz eta guztiz ere, bestelako lehengai batean datza gaur egun: ongarriak ekoizteko erabakigarriak diren fosfatoetan. Mendebaldeko Sahararen anexioari esker, munduko fosfato-erreserben hiru laurdenen kontrola edukiko luke Marokok. Egitate hori aspaldikoa —duela 50 urtekoa, Madrilgo Akordioei esker– da; baina haren balio estrategikoa biderkatzen ari da oraintxe bertan. Berehalakoan, Ukraina eta Iranen aurkako erasoek ongarrien merkatuetan sorrarazi dituzten estutasunengatik. Baina luzaroago begiratuz, pronostiko guztietan agertzen delako elikadura-emergentziak, muturreko klima-gorabeheren eta abarrengatik, etengabeak izango direla XXI. mendean. Eta ongarriek balio estrategikoa izango dutela ezinbestez. Espainiarentzat ere bai, jakina.
Espainiari irain eta Marokori losintxa egiteko Estatu Batuek darabilten jokamoldean oso aintzat hartu beharrekoa da fosfato horien kontrol-grina, Venezuelako petrolioarekin gertatzen denaren paretsukoa. Batik bat, munduko nekazal industriarik handiena duelako AEBek, eta, aldiz, berezko ongarri-sorburu gutxi. Bestalde, norbait ohartuko zen Marokok baino fosfato-erreserba apalagoak dituen arren, munduko lehen ekoizlea den Txinak jada galarazi egin duela haien esportazioa, elikadura-burujabetasunaren izenean. Aintzat hartzeko iradokizuna da.
Mendebaldeko Sahararen anexioari esker, munduko fosfato-erreserben hiru laurdenen kontrola edukiko luke Marokok
Bestelako kontua da haien ustiapenerako Trump administrazioak Marokori hitzeman dizkion azpiegitura erraldoiak gauzatuko ote diren. Edo Rotako basearen ordezkorik eraiki ote dezaketen Estatu Batuek Marokoko kostaldean. Urrutiko intxaurrak dira horiek.
Baina elkarri kalte ekonomiko larriak eragiteko baliabideak badituztela erakusten dute hiru atal horiek, ageriagoko beste batzuk (errepidezko garraioa, Marokoko nekazal industriarako hil edo bizikoa dena, esaterako) ukitu gabe ere. Merezi ote du bide horretatik abiatzeak? Agian, galdera horixe ekarri nahi izan du mahai gainera norbaitek Ceutako krisia sutuz.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta