
Coop57k 2 milioi euro bildu ditu partadetza tituluen bidez, etxebizitza kooperatiboa finantzatzeko eta lurra erabilera komunitarioetara bideratzeko. Zerbitzu finantzario etikoak eta solidarioak eskaintzen dituen kooperatibak Etxe Komuna izeneko kanpaina abiatu zuen astelehenean, etxebizitza kooperatiboa finantzatzeko asmoz, eta 13 ordu eskasetan helburua bete zuten (kooperatibaren asmoa zen 34 eguneko kanpaina egitea), 278 pertsona eta entitatek 2 milioi euro jarri zituztelako.
“Etxe komuna kanpaina banakako aurrezkia etxebizitza-eskubidearen zerbitzura dagoen tresna kolektibo bihurtzeko proposamena da", azaldu du Coop57k ohar bidez. "Kanpaina honek aurrezkiak modu etiko, garden eta komunitate-balioekin modu konprometituan inbertitzeko aukera zehatza eta eskuragarria eskaintzen du".
Partaidetza-tituluen jaulkipen kanpaina hau ez da Coop57k egiten duen lehena. Joan den 2024ko urrian 1,5 milioi euro lortzeko kanpaina bat abiarazi zuen kooperatibaren funts propioak handitzeko. Helburua 27 ordutan lortu zuten.
Atzoko proposamenak 1.000 eurotik gorako partaidetza-tituluak erosteko aukera ematen zuen, urteko %2ko ordainsariarekin, 2029ko ekainera arte. Tituluak edozein unetan itzul daitezkeela argitu du kooperatibak, "baldintza argietan" eta Coop57ren bazkide izan beharrik gabe.
Kooperatiba taldeak zera gaineratu du: "aurrezkiak ohiko bankuetan gordetzen ditugunean, oso gutxitan jakiten dugu zertarako erabiltzen diren. Askotan, diru hori hainbat sektore finantzatzeko erabiltzen da, hala nola armagintza, erregai fosilak, ingurumen-inpaktu handia duten azpiegiturak edo etxebizitzari lotutako espekulazio-proiektuak”. Bada, Etxe Komuna kanpaina, aurrezteko modu bat izateaz gain, “eguneroko ekonomiatik politika egiteko modu bat” ere badela aldarrikatu dute.