Ekonomia eta gizartea eraldatzeko finantza zerbitzuak

Koop57k gizarte zibilaren aurrezkiak jasotzen ditu, ondoren, ekonomia sozial eta eraldatzaileko proiektuak finantzatzera bideratuz

Argazkia: Koop57 Argazkia: Koop57

1986ean, krisi ekonomikoaren ondorioz, Kataluniako Bruguera argitaletxea itxi eta banku baten esku geratu zen. Argitaletxeko ia mila langile kaleratuak izan ziren egun batetik bestera. Langile horietako batzuk itxieraren aurka eta kalte-ordainak lortzeko saiakeran batu ziren, eta prozesu judizial bat jarri zuten martxan. Zenbait urteetako borroka eta gero, 1995ean, epaiketa irabazi zuten eta jasotako indemnizazioarekin zenbait proiektu finantzatu zituzten. Horietako proiektu bat da Coop57, urte berean sortua. Gerora, Espainiar estatuko beste zenbait erkidegotan proiektuarekiko interesa sortu, eta printzipio berekin, ekonomia sozial eta solidarioko erakundeen sareen bidez proiektua partekatzea erabaki zen. Hala nola, Aragoin, Madrilen, Andaluzian edota Galizian. Euskal Herrian, berriz, Koop57 2015ean eratu zen.

Koop57k zerbitzu finantzario etikoak eta solidarioak eskaintzen ditu, eta egungo ekonomia eta gizartea eraldatzea du helburutzat. Koop57 Euskal Herriko idazkari teknikoa den Jone Otxoaren esanetan, “eraldaketa sozial eta ekonomian oinarritutako zerbitzu kooperatiba bat” dira. “Ez gara banku bat eta ez dugu izan nahi. Kooperatiba bat gara eta jabetza bazkideena da. Ez daukagu bezerorik, izan ere, gure bazkideak dira zerbitzuak kontsumitzen dituztenak.”

Jone Otxoa: “Ez gara banku bat eta ez dugu izan nahi. Kooperatiba bat gara eta jabetza bazkideena da”

Gizarte zibilaren aurrezkia biltzen du kooperatibak, gero ekonomia sozial eta eraldatzailea oinarri duten entitateetara bideratzeko. “Aurrezkiak mailegu eraldatzaile bihurtzen ditugu”, azaldu du Otxoak. Horretarako bi bazkide mota ditu kooperatibak. Alde batetik, euren dirua kooperatiban aurrezten dutenak (bazkide kolaboratzaileak), eta beste aldetik, maileguak eskatzen eta erabiltzen dituztenak (zerbitzu bazkideak). “Banku konbentzional batean aurrezkiak gorde beharrean, Koop57n gorde ezkero, badakizu ekonomia sozial eta eraldatzaileko proiektuei laguntzeko erabiliko dela dirua. Banku normalean, ordea, ez dakizu zertan inbertitzen duten zure dirua. Seguru aski, askotan, gure ideietatik urrun dauden gauzetan”, gehitu du.

Finean, kooperatiba irabazi asmorik gabeko erakunde demokratikoa da eta oinarri asanbleario du. Idazkari teknikoaren hitzetan, “helburua ez da kapitala eskuratzea, baizik eta ahalik eta proiektu gehieni laguntzea”.

Eraldaketa sozialaren zerbitzura

Kooperatibaren zerbitzu bazkideak pertsona juridikoak dira eta aurrezteaz gain, maileguak eska ditzakete. “Koop57k bermatu behar du mailegua ez diola edonori ematen. Batzorde sozialak ebaluazio bat egin behar dio entitateari. Zer jarduera egiten duten, lurraldearekiko duten erlazioa, langile kopurua eta beste zenbait informazio jasoz. Gero elkarrizketa pertsonal bat ere egiten da. Ekonomia sozial eta eraldatzailean diharduten kooperatiba, elkarte, fundazio eta erakundeak izan ohi dira”. Esaterako, aurreko urteko urrian, Katakrak proiektuari 400.000 euroko mailegua eman zioten euren lokala erosteko zuten mailegua birfinantzatzeko. Otsailean, berriz, “orain arteko mailegu handiena” eman zioten Goiener kooperatibari, 500.000 eurokoa, hain zuzen.

Katakrak liburu dendari 400.000 euroko mailegua eman zioten euren lokala erosteko zuten mailegua birfinantzatzeko eta aurten, 500.000 euroko beste mailegu bat Goiener kooperatibari

Bazkide kolaboratzaile izateko, hau da, aurrezkia kooperatiban gordetzeko, interesdunak 300 euroko gutxieneko ekarpena egin behar du, baina bazkide izateari uztean berreskuratzen ditu. Alegia, ez da gastua. Banku konbentzionalarekin alderatuta, aurrezkiak kooperatiban edukitzeak baditu zenbait abantaila. Ekonomia sozial eta eraldatzaileko proiektuetara bideratzen dela jakiteaz gain, “bulego birtual baten bidez kontrola dezakezu zeure aurrezkia, nahi duzun momentuan sartu eta ateratzeko. Gainera, bazkideek sei hilabetero buletin bat jasotzen dute non azaltzen zaien zer proiektu finantzatu diren”, azaldu du Otxoak. Hori gutxi balitz, kooperatiba izanik, bazkide bakoitzak erabaki guztietan parte hartu dezake. “Konfiantza eta errespetuan oinarritzen da proiektua. Bazkideen beharretara ahalik eta gehien moldatzen saiatzen gara, eta abal mankomunatuekin lan egiten dugu”, gaineratu du.

Egun, 201 bazkide kolaboratzaile eta 48 zerbitzu bazkide ditu Koop57k. 2015tik Koop 57 Euskal Herriak ia 3 milioi euro eman ditu maileguetan. Espainiako estatuan, ordea, 2021era arte ia 160 milioi euro mailegatu dira denena, eta 23 milloi pasatxo soilik azkeneko urte horretan. “Pandemian 100 mailegu baino gehiago birfinantziatu dira estatuan, 4,5 euro milioitan, eta 271 mailegu berri eman ziren 17,6 milioi eurotan”, azpimarratu du Koop57ko kideak.

Mailegu eskaera guztiei erantzuteko aurrezki gehiagoren bila

“Banku normalekin alderatuta, oso diru gutxi ematen dugu oraindik, baina beste era bateko finantzazioa posible delaren eredu gara. Gero eta bazkide gehiago ditugu, eta egun, Koop57 sortu zenetik lehen aldiz, mailegu guztiei erantzun ahal izateko aurrezki gehiago beharko dugula aurreikusten dugu”, dio Otxoak. Bere esanetan, orain arte alderantziz izan da, hau da, kooperatibak aurrezki gehiago zeuzkan mailegu eskaerak baino. “Handitzen goazela esan nahi du eta erraminta honek funtzionatzen duela”.

Jone Otxoa: “Gero eta bazkide gehiago ditugu, eta egun, Koop57 sortu zenetik lehen aldiz, mailegu guztiei erantzun ahal izateko aurrezki gehiago beharko dugula aurreikusten dugu”

Beraz, aurrezki gehiago lortzeko erronkan murgilduta aurkitzen da Koop57 Euskal Herria. Horretarako, bazkidetza gehiago lortzeko komunikazio kanpaina bat jarri dute abian sare sozialetan. Dena den, ez da lan erraza, izan ere, banku eta aurrezkiaren mundua ez da, hasiera batean, erakargarria.  Otxoaren arabera, Euskal Herrian badugu bazkidetzak eratzeko ohitura, baina finantza eta aurrezkien inguruan hitz egiten hastean, jendeari kosta egiten zaio iristea. “Beste sare batzuetan bazkidetzea errazagoa da. Jendeak letra txikia non dagoen galdetzen du, ea non dagoen tranpa. Horregatik, hitzaldiak ematea gustatzen zaigu  eta azken batean, jendeari kontatzea egiten duguna lur eremu bateko aurrezkiak lur eremu horrek nahi duen proiektuetan erabiltzea dela, eta ez banku pribatu batek nahi duen inbertsioetan”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK