Atzo Gipuzkoarena, gaur Bizkaiaren txanda izan da. Lurraldeko foru aldundiak 2026erako aurrekontu proiektua aurkeztu du: 1.716,2 eurokoa, iaz baino %3,9 gehiago. “Zerbitzu publikoen kalitatea bermatzen” duten aurrekontuak direla ziurtatu du Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak.
“Bizkaiko etorkizuneko hazkundearen oinarriak sendotzen ditu”, adierazi du gaur goizean eginiko agerraldian. 2026era begirako aurreikuspen onak egin ditu aldundiak, eta hori dela eta, aldundiaren bederatzi sailek iaz baino diru gehiago izango dutela argudiatu du. Gobernu Kontseiluan onartu ondoren, Etxanobek Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatuarekin batera aurkeztu du aurrekontu proiektua. Bertan nabarmendu dutenez, diseinatutako aurrekontuak zerbitzu publikoen kalitatea "blindatu" nahi du, gizarte eta lurralde kohesioa sendotzeko.
Bizkaiko ahaldun nagusiaren arabera, aurrekontu proiektuaren baliabideen erdia gizarte gastura bideratuta dago, iaz baino 40 milioi gehiago, 855 milioira iritsi arte, “desgaitasuna duten pertsonei eta haurrei arreta emateko, emakumeen eta gizonen berdintasunerantz aurrera egiteko, edota bizitza-luzerari edo bakardadearen gaiei heltzeko”, besteak beste. Halaber, foru aldundiaren gastu soziala %4,7 haziko da, eta batez beste, pertsonako 742 euro inbertituko dituzte datorren urtean.
Enpresei, merkataritzari eta autonomoei laguntzeko neurriak ere jaso ditu aurrekontu proiektuak. Ekonomiaren Sustapen Sailak iazko aurrekontu antzekoa izango du, eta Etxanobek azaldu du orain arte garatu dituzten laguntza programak mantenduko dituztela.
Foru aldundiaren gastu soziala %4,7 haziko da, eta batez beste, pertsonako 742 euro inbertituko dituzte datorren urtean
Hemendik aurrera, aurrekontuen proiektua Bizkaiko Batzar Nagusietan izapidetzen hasiko da, eta abenduaren amaieran behin betiko onartzea espero da. Negoziatzeko konpromisoa azaldu du foro gobernuak nahiz eta gehiengo osoa izan Batzar Nagusietan. Etxanobek azaldu du “akordioak lortzeko gogoa” duela. Hortaz, alderdi guztiekin elkartuko da.
Diru-sarrerak eta gastuak
2026rako Bizkaiko aurrekontu orokorren foru-arauaren proiektuak 11.320,3 milioiko diru-sarrerak eta gastuak aurreikusten ditu guztira, aurten baino 659,5 milioi gehiago (%6,19). "2026an Bizkaiak behar besteko finantza gaitasuna izango du gizarte eta lurralde honen beharrei erantzuteko", nabarmendu du Etxanobek.
Diru-sarreren kasuan, %96,7 zerga itunduetatik datoz, 10.950,4 milioi guztira (%6,58). Gainera, itundu gabeko 187,2 milioiko diru-sarrerak (iaz baino %7,96 gutxiago) eta 182,7 milioiko zor-jaulkipena (%0,21 gutxiago) aurreikusten ditu aldundiak.
Gastuei dagokienez, handitu egin dira bestelako instituzio publikoei egindako ekarpenak, guztira 9.071 milioi eurokoak. Horietatik, 7.147,5 milioi Eusko Jaurlaritzara bideratu dira, 675,2 milioi kupora (Espainiako Estatura), 1.237,9 milioi udalen finantzaketara eta Bizkaiko Batzar Nagusietara.