• EKONOMIA
  • Dermatosi nodularraren aurka lurralde osoko behi-aziendak txertatuko dira Nafarroan

Dermatosi nodularraren aurka lurralde osoko behi-aziendak txertatuko dira Nafarroan

Maiatzaren 1era bitartean egingo da txertaketa

Argazkia: Nafarroako Gobernua
Argazkia: Nafarroako Gobernua
2026eko martxoaren 16a - 17:05

Duela bi aste dermatosi nodularraz kutsatutako abereen lehen kasuak antzeman zituzten Huescan (Aragoi). Horren harira, Nafarroako Gobernuak gaur jakinarazi du baimena lortu duela Nafarroako abere guztiak gaitzaren aurka txertatzeko, Espainiako Gobernuak erabakia baimendu baitu.

 

Ez da, ordea, Nafarroak Madrili eskaera egiten dion lehen aldia. 2025eko abenduan eskari berbera egin zuen Nafarroako Gobernuak, baina Espainiako Estatuak baimena eman zuen soilik Nafarroa iparraldeko abereak txertatzeko, infekzioarekiko gertutasun geografikoagatik. Ordutik otsailaren 28ra bitartean orotara ia 62.000 abelgorri txertatu zituzten lurraldeko 1.113 ustiategitan.

Landa-garapen eta ingurumen kontseilaria den José María Aierdik jakinarazi duenez, berriki Aragoin infekzio-fokua hauteman izanak eragin du txertaketa lurralde osora hedatzea. “Txertoa Nafarroa osoan jartzea berme bat izango da, ez soilik Nafarroarentzat, baita gainerako autonomia erkidegoentzat ere, horrelako gaixotasun bat izatean jarraitu behar den erradikazio-estrategiaren baitan”.

 

Bruselari egokitzen zaio horrelako kasuetan txertaketak baimentzea, eta ondoren Espainiako Ministerioa arduratzen da txertoak banatzeaz. Jarraian, Nafarroako Gobernuak zein Eusko Jaurlaritzak egin behar dituzte dagozkien ordainketak. Azaldu dutenaren arabera, 121.000 abelburu txertatzeak 323.00 euro inguruko gastua dakar. Lehenbailehen hasiko dira txertaketak, eta maiatzaren 1erako prozesua amaitua izatea aurreikusi da.

Bitartean, Gipuzkoa eta Bizkaian itxaroten jarraitu beharko dute, Eusko Jaurlaritzak ere eskaera egin izanagatik ez baitu oraindik ere baimena jaso.