Askotan pentsatzen dugu nahikoa dela pertsona batek zenbat diru duen jakitea gizarte bateko desberdintasun maila ulertzeko. Baina esperientziak eta teoria ekonomikoek esaten digute gizarte bateko desberdintasunak, gure diru sarreretan ez ezik, jaiotzen garen lekuan, familian, generoan edo gizarte talde jakin bateko kide izatean ere aurki ditzakegula.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Argi ikusteko, demagun bi pertsona ditugula. Biek 2.000 euro irabazten dituzte hilean, biak etxebizitza alokatu batean bizi dira eta biek antzeko gastuak dituzte. Diru sarrerei erreparatuz gero, esan genezake antzeko egoera ekonomikoan daudela. Baina demagun lehenengoak gurasoen laguntza izan dezakeela etxebizitza bat erosteko, ikasketak ordaintzeko edo lan aukera hobeak dituen beste hiri batera joateko. Bigarrenak, ordea, ezin du horrelakorik egin; alderantziz, bere familiari lagundu behar dio ekonomikoki eta edozein ezustekok aurrezki guztiak agortzen dizkio.
Bi pertsonek diru sarrera berdinak dituztela ikusita, esan genezake ez dagoela desberdintasunik bien artean, baina kasu bakoitza aztertuz gero, ikus dezakegu ez dituztela aukera ekonomiko berdinak.
Bi pertsonek diru sarrera berdinak dituztela ikusita, esan genezake ez dagoela desberdintasunik bien artean, baina kasu bakoitza aztertuz gero, ikus dezakegu ez dituztela aukera ekonomiko berdinak
Adibide horrek zalantzan jartzen du desberdintasunaren inguruan ohikoa dugun ikuspegia. Izan ere, ekonomiaz hitz egiten dugunean, desberdintasuna aberatsen eta pobreen arteko aldearekin lotzen dugu batez ere. Zenbat irabazten duen bakoitzak, zenbat ondare pilatu duen, zer nolako etxebizitza duen edota zer kontsumo jokaera duen. Horiek guztiak funtsezko adierazleak dira, baina ez dute errealitate osoa azaltzen. Horri desberdintasun bertikala esaten zaio.
Ekonomian desberdintasuna aztertzeko beste ikuspegi bat ere badago: desberdintasun horizontala. Horrela, bi kontzeptuak batera aztertzeak aukera ematen digu gizarte baten egitura ekonomikoa askoz hobeto ulertzeko.
Bi modu desberdintasuna neurtzeko
Desberdintasun bertikalak pertsonen edo etxeen arteko desberdintasun ekonomikoak aztertzen ditu. Beste modu batera esanda, gizarte berdin bateko kideen artean diru sarrerak eta aberastasuna nola banatzen diren aztertzen du. Nor dago banaketaren behealdean? Zenbat aberastasun pilatzen du biztanleriaren %10 aberatsenak? Zer alde dago errenta txikiena eta handiena dutenen artean? Honelako galderei erantzuten die desberdintasun bertikalak.
Desberdintasun bertikal hori neurtzeko ekonomialariek hainbat tresna erabiltzen dituzte. Ezagunena Gini koefizientea da. Zero eta bat arteko balioa hartzen du, eta zerotik gertu dagoenean, gizartearen banaketa nahiko berdintsua da. Batetik gertu dagoenean, ordea, desberdintasun handia dago gizarteko kideen artean.
Adibidez, herrialde bateko biztanle guztiek errenta bera jasoko balute, Gini koefizientea zero izango litzateke. Aldiz, aberastasun guztia pertsona bakar baten esku balego, koefizientea bat izango litzateke.
Desberdintasun bertikalak pertsonen arteko aldeak erakusten dizkigu; horizontalak, berriz, talde jakin batzuen artean errepikatzen diren desabantailak edo abantailak identifikatzen laguntzen digu
Neurketa horrek oso ondo erakusten digu pertsonen arteko errenta desberdintasuna, baina ez digu esaten desberdintasun horiek zergatik gertatzen diren, eta hemen sartzen da desberdintasun horizontala.
Desberdintasun horizontalak ez ditu pertsonak soilik banaka aztertzen. Gizarte talde desberdinen arteko alde sistematikoak ere aintzat hartzen ditu. Frances Stewart ekonomialariak kontzeptua garatu eta sakondu du, bereziki talde etniko, erlijioso, kultural edo bestelako identitate taldeen arteko desberdintasunak aztertzeko. Ikuspegi horretan, desberdintasuna ez da soilik norbanako batek zenbat duen, baizik eta talde jakin bateko kide izateak zer nolako egoera ekonomiko, sozial edo politikoan kokatzen duen.
Hala, desberdintasuna errealitatera jaisten du nolabait, eta hainbat arlotan ager daitekeela erakusten digu, adibidez, enplegua lortzeko aukeretan, hezkuntzan, osasun zerbitzuetarako sarbidean, etxebizitza eskuratzeko aukeretan edo erabaki politikoetan eragiteko ahalmenean.
Desberdintasun horizontala eta aukera desberdintasuna ez dira gauza bera
Askotan nahasmendua sor daiteke desberdintasun horizontala eta aukera desberdintasunaren artean. Baina bi kontzeptuak bereizi behar dira, desberdintasun horizontala eta aukera desberdintasuna ez baitira gauza bera. Lehenengoak gizarte talde desberdinen artean dauden alde sistematikoak aztertzen ditu. Bigarrenak, berriz, zenbateraino baldintzatzen dituzten kanpoko elementuek pertsona baten bizitzako aukerak. Lotura estua dute, baina ez dira sinonimoak. Izan ere, generoaren, jatorriaren edo lurraldearen araberako desberdintasunek aukera desberdintasuna sor dezakete, baina aukera desberdintasuna familia baten egoera ekonomikoaren edo jaiotzako baldintzen ondorio ere izan daiteke, nahitaez gizarte talde desberdinetakoa izan gabe. Bereizketa hori funtsezkoa da desberdintasunaren dimentsio guztiak ulertzeko, ez baitugu soilik aztertu behar noren artean dauden aldeak, baizik eta zerk sortzen dituen eta pertsonen bizitzan zer ondorio dituzten ere.
Bi ikuspegi horiek ez dira elkarren aurkakoak. Osagarriak dira. Desberdintasun bertikalak pertsonen arteko aldeak erakusten dizkigu; horizontalak, berriz, talde jakin batzuen artean errepikatzen diren desabantailak edo abantailak identifikatzen laguntzen digu.
Soldata bera, abiapuntu desberdina
Imajina dezagun bi gazte direla: Ainhoa eta Ion. Biek unibertsitate ikasketak amaitu dituzte eta antzeko enpresa batean lan egiten dute. Biek 30.000 euroko urteko soldata gordina dute.
Lehen begiratuan, ez dago alde ekonomiko handirik bien artean. Baina sakonago begiratuz gero, egoera bestelakoa izan daiteke.
Ainhoaren gurasoek unibertsitateko ikasketak ordaindu ahal izan dizkiote. Ikasketak egiten zituen bitartean ez zuen lanik egin behar izan. Gainera, praktikaldi bat egiteko aukera izan zuen, ordainsaririk jaso gabe. Hau dena gutxi ez eta, gurasoek etxebizitza bat erosteko sarrerako dirua emateko aukera izango lukete.
Ion, aldiz, ikasten ari zen bitartean lanean aritu behar izan zen. Ikasketak amaitzean, bere kabuz ordaindu behar izan du masterra, eta orain, bere familiari laguntzen dio ekonomikoki. Etxebizitza bat erosteko aurrezten duen diruaren zati handi bat familiako gastuetara bideratu behar du.
Bi pertsonek errenta bera izan dezakete, baina ez dute zertan aberastasun bera izan. Izan ere, desberdintasun bertikala ez da soldaten edo hileko diru sarreren arabera soilik neurtzen
Adibide horrek desberdintasun bertikalaren alderdi garrantzitsu bat erakusten digu. Bi pertsonek errenta bera izan dezakete, baina ez dute zertan aberastasun bera izan. Izan ere, desberdintasun bertikala ez da soldaten edo hileko diru sarreren arabera soilik neurtzen. Ondarea, aurrezkiak, jabetzak eta bestelako baliabide ekonomikoak ere kontuan hartu behar dira. Beraz, errenta bera jasotzeak ez du esan nahi aberastasun maila bera dutenik.
Baina desberdintasunak ez dira pertsona batetik bestera soilik aztertu behar. Gizarte taldeen arteko aldeak ere kontuan hartu behar ditugu. Horixe da desberdintasun horizontalak aztertzen duena. Adibidez, emakumeen eta gizonen artean, jatorri desberdinetako pertsonen artean edo lurralde desberdinetan bizi direnen artean errenta eta aberastasunari dagokienez alde sistematikoak badaude, desberdintasun horizontalaz ari gara.
Ainhoaren eta Ionen adibidean, beraz, bien arteko aberastasun aldea desberdintasun bertikalaren ikuspegitik azter dezakegu. Desberdintasun horizontala aztertzeko, ordea, haien egoera ez ezik, gizarte talde bakoitzaren egoera ere alderatu beharko genuke. Esate baterako, emakumeek eta gizonek, batez beste, zer errenta eta ondare dituzten aztertuz.
Familia, desberdintasunaren lehen maila?
Desberdintasun horizontala eta aukera desberdintasuna ulertzeko, familiaren eragina aztertzea komeni da.
Gurasoen errentak, hezkuntza mailak, lanbideak eta ondareak eragin zuzena izan dezakete seme-alaben etorkizunean. Ez bakarrik dirua zuzenean jasotzen dutelako; familiek baliabide ekonomikoak, ezagutzak, harremanak eta aukerak transmititzen dituztela kontuan eduki behar da.
Desberdintasun horizontala eta aukera desberdintasuna ulertzeko, familiaren eragina aztertzea komeni da
Adibidez, bi haurrek ikasteko gaitasun eta motibazio bera izan dezakete. Baina batek etxean ikasteko gela propioa, ordenagailua, liburuak eta gurasoen laguntza izango ditu. Besteak, aldiz, etxe txiki batean bizi beharko du, ordenagailua anai-arrebekin partekatu eta gurasoek ezin izango diote ikasketetan lagundu, ez dutelako beharrezko ezagutzarik edo denborarik.
Bi haurrek ahalegin bera egin dezakete, baina ez dituzte abiapuntu berdinak.
OCDEk 2025ean argitaratutako To Have and Have Not: How to Bridge the Gap in Opportunities txostenak gai horren inguruko datu esanguratsuak eskaintzen ditu. Erakundearen kalkuluen arabera, OCDEko herrialdeetan etxeen merkatu-errentaren desberdintasunaren laurdena baino gehiago pertsona bakoitzaren kontroletik kanpoko aldagaien araberakoa da, hauen artean adierazgarrienak gurasoen egoera sozioekonomikoa, sexua edo jaioterria direlarik.
OCDEko herrialdeetan etxeen merkatu-errentaren desberdintasunaren laurdena baino gehiago pertsona bakoitzaren kontroletik kanpoko aldagaien araberakoa da
Txostenak dio, Espainiar estatuaren kasuan, proportzio hori %35etik gorakoa dela. Horrek ez du esan nahi pertsona bakoitzaren errentaren %35 familiaren edo jaioterriaren ondorio denik. Esan nahi du aztertutako errenta desberdintasunaren zati esanguratsu bat pertsonak aukeratu ez dituen aldagaiek baldintzatzen dutela.
Datu horrek galdera garrantzitsu bat planteatzen du. Esfortzuaren kultura oso barneratuta dugu gure herrian, baina benetan aukera berdinak eskaintzen al dizkiegu pertsona guztiei, esfortzu berarekin gauza berak lortzeko? Edo etorkizuna beste batzuena baino baldintza hobeetan hasten dutenek ez dute besteek bezainbesteko esfortzua egin behar?
Desberdintasun horizontala, erronka baten aurrean
Desberdintasun horizontaleko adibide argigarri bat genero desberdintasuna da.
Azken hamarkadetan, emakumeek hezkuntzarako sarbidean aurrerapen handiak egin dituzte. Herrialde askotan, emakume gazteek gizonezkoek baino hezkuntza maila handiagoa lortzen dute. Hala ere, horrek ez du esan nahi lan merkatuan edo ondarearen metaketan desberdintasun guztiak desagertu direnik.
Demagun enpresa batean antzeko prestakuntza duten bi langile daudela. Biek antzeko gaitasunak dituzte, baina horietako batek lanaldi murrizketa eskatu behar du seme-alabak zaintzeko. Besteak, aldiz, lanaldi osoan jarrai dezake, eta enpresak eskaintzen dituen prestakuntza eta sustapen aukerak aprobetxa ditzake.
Zaintza lanen banaketa, lan merkatuaren antolaketa, lanbide segregazioa eta erretiro pentsioetan metatzen diren aldeak ere hartu behar ditugu kontuan
Urte batzuk igaro ondoren, bien lan ibilbideak desberdinak izango dira. Lanaldi murrizketa hartu duenak soldata txikiagoa, kotizazio txikiagoa eta sustapen aukera gutxiago izan ditzake. Hasierako soldata eta prestakuntza berdinak izanda ere, denborarekin sortutako aldeek ondorio ekonomiko iraunkorrak izan ditzakete.
Hemen ez dugu soilik soldata arrakala aztertzen. Zaintza lanen banaketa, lan merkatuaren antolaketa, lanbide segregazioa eta erretiro pentsioetan metatzen diren aldeak ere hartu behar ditugu kontuan.
Horregatik, desberdintasuna neurtzeko ez da nahikoa hilabete bateko nomina alderatzea. Bizitza osoan zehar metatzen diren aukerak eta desabantailak aztertu behar dira.
Non bizi garen ere ekonomia da
Desberdintasun horizontalaren beste dimentsio bat lurraldea da. Pertsona baten bizilekuak eragin handia izan dezake haren lan aukeretan, diru sarreretan eta bizi kalitatean.
Imajina dezagun bi gazte daudela. Bata industria sare sendoa eta enpresa ugari dituen eskualde batean bizi da; bestea, ordea, lan aukerak mugatuak dituen landa eremu batean. Biek prestakuntza bera dute, baina lehenengoak lanpostu desberdinen artean aukeratu ahalko du. Bigarrenak, agian, bere prestakuntzarekin bat datorren lanpostu bakarra aurkituko du, edo beste lurralde batera joan beharko du.
Lurralde desberdintasunek ez dute soilik lanpostuen kopuruan eragiten. Garraio publikoan, osasun zerbitzuetan, hezkuntza eskaintzan, Interneteko konexioan eta etxebizitzaren prezioan ere eragina izan dezakete.
Pertsona baten bizilekuak eragin handia izan dezake haren lan aukeretan, diru sarreretan eta bizi kalitatean
OCDEren 2026ko Employment Outlook txostenak Espainiar estatuko lan merkatuaren inguruko datu esanguratsuak eskaintzen ditu 2024an, langabezia-tasa %28,3koa zen langabezia handiena zuen lurraldean, hau da, Melillan. Langabezia tasa txikiena zuen lurraldea Gipuzkoa izan zen, bere tasa %6,4koa zelarik. Halaber, enplegu-tasaren arabera Espainiar estatuko eskualde onenen eta okerrenen arteko aldea oso handia izan zen. Datu horiek ez dute esan nahi lurralde bateko biztanle guztiek aukera berdinak edo desberdinak dituztenik, ezta lurraldea denik alde horien kausa bakarra. Baina erakusten dute bizi garen lekuak gure lan aukerak baldintza ditzakeela.
Aldagai hau aztertzen beste galdera bat datorkigu burura. Pertsona batek bere bizitza ekonomikoa garatzeko aukera berdinak izan behar al ditu bizi den herriaren edo eskualdearen arabera?
Esfortzuari ezin zaio baliorik kendu. Hurrengoan, norbaitek “gehiago ahalegindu behar du” esaten duenean, ez eztabaidatu ahalegina, baizik eta galdetu: nondik hasi da?
Bizitzan, pertsonek ez dugu ibilbide berdina egiten askotan ez dugulako irteera lerroa toki berean. Batzuk korrika hasten dira eta aldapan behera; besteek, aldiz, aldapak igo behar izaten dituzte.
Pertsonek lortutako emaitzak soilik kontuan hartzen baditugu, bi pertsona toki berera hel daitezke, baina honela ez dugu kontuan hartzen zenbat ahalegin egin behar izan duten toki berera heltzeko. Desberdintasuna ez da soilik aberastasunarekin neurtzen; non jaio garen, norekin bizi garen eta zer eman diguten ere aztertu behar da.
Esfortzuari ezin zaio baliorik kendu. Hurrengoan, norbaitek “gehiago ahalegindu behar du” esaten duenean, ez eztabaidatu ahalegina, baizik eta galdetu: nondik hasi da?
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta