
Desgaitasuna duten 36 pertsonari lortu die kontratua urteko lehen seihilekoan Fekoor Desgaitasun fisiko edota organikoa duten pertsonen Bizkaiko federazio koordinakundeak.
Kontratu horietatik lau mugagabeak izan dira, eta gainerakoak, ordea, aldi baterakoak. Generoari dagokionez, hamasei emakumeak izan dira eta beste hogeiak gizonak.
36 kontratu horiek lortzeaz haratago, erakundeak 195 pertsonari eman die arreta enplegu programaren bitartez, eta horietatik 45 pertsona lehen aldiz sartu dira lan poltsan. Hala, orotara 3.000 pertsona baino gehiago daude jada izena emanda.
Pedro de la Torre Fekoorreko enplegu teknikariak jakinarazi du erakundea 72 enpresarekin jarri dela harremanetan, batik bat, zerbitzuen sektorekoekin; azaldu duenez, enpresek gehien eskatu duten profila garbiketa, administrari eta zerbitzuetako laguntzaileenak izan dira. Gaitasun digitalak ere gero eta gehiago eskatzen direla azpimarratu du, eta, hortaz, “prestakuntza arrakala berriak sortzen ari direla” gaineratu du.
Hala eta guztiz ere, Fekoor baikor agertu da lehen sei hilabeteetan lortutako emaitzekin, enplegagarritasuna hobetzeaz gain, “parte hartzaileen autoestimua eta motibazioa indartu “ baitu erakundeak. Besteak beste, horretarako bi prestakuntza ekintza antolatu ditu erakundeak, bata garbiketako profesionaltasun ziurtagiria eskuratzeko, eta bestea gizarte erakundeetako arreta soziosanitariorako.