• EKONOMIA
  • Donostiako enplegu teknologikoa hazkunde fasean dago, Cotecen arabera

Donostiako enplegu teknologikoa hazkunde fasean dago, Cotecen arabera

I+G jarduerak pisu nabarmena du Gipuzkoako hiriburuan

Argazkia: Donostia Sustapena
Argazkia: Donostia Sustapena
2026eko martxoaren 23a - 14:18

Cotec Fundazioak eginiko Enplegu Teknologikoaren Mapak islatzen duenez, Donostia da Espainiako Estatu mailan ikerketa eta garapen (I+G) jardueretan enplegu gehien dituen probintzia hiriburua. Gaur aurkeztu dituzte azterlanaren emaitzak hiriburuko Ekinnen egoitzan, eta bertan izan dira, besteak beste, Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotzia, Cristina Garmendia COTEC Fundazioko presidentea eta Jon Insausti Donostiako alkatea.

 

Enplegu Teknologikoaren Mapa tresna interaktiboak monitorizatu egiten du ekonomiako hamahiru jarduera esparru teknologikoetako enpleguaren bilakaera, Gizarte Segurantzako hilabeteroko afiliazio datuak oinarri hartuta. Zenbatekoen arabera, Donostiak 9.087 afiliatu zituen hamahiru adar teknologikoenetan 2025. urtearen amaieran, hau da, 2024an baino 244 gehiago. Gainera, I+G jarduera bereziki nabarmentzen da, 3.008 langile afiliatu baititu, guztizko afiliatuen %2,4.

Azken hamarkadan hazkundea nabarmena izan da, 2015. urtearekin alderatuta sektorean %52 afiliatu gehiago baitaude egun. Donostia Sustapenekoen hitzetan, bilakaera hori “hiriak zientzian eta ezagutzan oinarritutako ereduaren alde egindako apustuaren emaitza da”. Izan ere, 2023 urtean inbertsioa 365 milioi eurokoa bazen I+Gan, azken lau urteetan %50 gorako inbertsioaren hazkunde metatua izan da; era berean, enplegua %15,7 hazi da, 6.800 pertsona ingurura iritsi arte. Halaber, enplegu teknologikoak eragin zuzena du tokiko ekonomian: guztizko enpleguaren %5,5etik %7,1era igaro da 2025 urtean.

 

Oyarbide zinegotziak nabarmendu du kalitatezko enplegu aukerak sortzen ari direla hirian, eta horrek aldi berean talentua erakartzen duela. Gainera, Garmendiak gogorarazi du emakumeek ere parte hartzen dutela lan teknologikoen merkatuan: Donostian %42 dira, Espainiako Estatuaren %31ko batez bestekoaren aldean.