Talentu eskasia eta talentuaren ihesa pil-pilean dauden garai hauetan, Gipuzkoako hiriburuak ziurtagiri esanguratsua eskuratu du: Talentu Ekintzailerako Hiria dela bermatzen duen ziurtagiria, hain zuzen ere. Aenorrek ematen duen aitortza horrek bermatzen du leku bat egokia dela proiektu ekintzaileak bultzatzeko.
Donostiak ziurtagiria berriki lortu badu ere, aitortza eskuratzeko zenbait pauso eman behar izan dira. Prozesua 2025. urtearen hasieran abiatu zen, eta ebaluazio sakona pasa ostean iritsi da ziurtagiria, zeinak hiru urteko balioa duen. Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendari gerenteak adierazi du egiaztagiria “garrantzitsua” eta “tresna estrategikoa” dela, orain arte egindako lana aitortzeaz gain hiriko ekosistema indartzen duelako. Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enplegu Zinegotzia ere pozik agertu da eskuratutakoarekin: “Gure hirian ekitea posible izan dadin, egunero lanean aritzen diren ekosistemako eragile askorekin partekatutako estrategia baten emaitza ere bada”, baieztatu du.
Ez dira gutxi hirian azken urteetan ekintzailetza sustatzeko asmoz egin diren egitasmoak. Donostia Sustapenaren azken barometroak dioenez, Donostiako jarduera ekintzailearen tasa (TEA) %7,9an kokatzen da egun, “historiako mailarik altuena” lortuta 2024an. Ekinn berrikuntza eta ekintzailetza zentroak ere 450 proiektu inguru lagundu ditu, eta Ekinn+ azelerazio programak 166 konpainia berritzaile babestu ditu. “Talentu Ekintzailerako Hiria izateak hiriko ekonomiarako eta enplegurako aukera berriak aktibatzea ere esan nahi du”, adierazi du Udalak.