Donostiak 2026ra begirako berrikuntza plana aurkeztu du gaur goizean San Bartolome Gaineko Ekinn espazioan. Donostia Sustapena sozietate publikoak bultzatuta, 6,56 milioi euroko aurrekontua izango du planak, iaz baino %8,7 gehiago, eta sei ardatz estrategiko izango ditu: “udal berrikuntza publikoa bultzatzea, hiria ekintzailetza berritzailearen nodo gisa mantentzea, zientziaren hiria eta berrikuntzaren plataforma, berrikuntza hiri ekonomian, talentu gaztearen garapena eta nazioarteko posizionamendua”.
Jon Insausti hiriko alkatea, Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotzia eta Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendari nagusiak eskaini dituzte planaren xehetasunak. Gipuzkoako hiriburuan azken urteetan garatutako estrategia nabarmendu du Insaustik. Bere hitzetan, Donostiak orain hamarkada batzuk egindako apustua izan zen zientzia, teknologia eta berrikuntzaren hiria bilakatzea, eta jada egonkortuta den estrategia horren baitan kokatu du gaur aurkeztutako plana. Alkateak, halaber, gogoratu du gaurko plana orain aste batzuk aurkeztutako Enplegu eta Toki Garapeneko 2026-2030 planarekin bat datorrela.
Hiriaren egungo berrikuntza mailaren erakusle, Insaustik zehaztu du ez dela kasualitatea Donostiako BPGaren %3,7 I+G+B sektorean metatzea. Gaur-gaurkoz 6.800 personek egiten duten lan sektore horretan.
Oyarbidek ere ildo beretik jo du, eta azpimarratu du aurtengo berrikuntza planak aspalditik landutako hiri estrategia bati erantzuten diola. “Maila altuko proiektuak erakarriko dituen hiria izan nahi dugu”, adierazi du. Horrekin batera, aitortu du aurtengo plana ez dela "apurtzailea" orain arte egindakoaren jarraipena delako, baina etorkizunera begira hiriak apustu berritzaileak egin behar dituela ohartarazi du.
“Europa hegoaldeko berrikuntza hiri-ekosistema aurreratuenetako bat”
2025eko urtearen balantzea ere egin egin dute gaur goizeko aurkezpenean. Donostia Sustapenak 6.600 zerbitzu baino gehiago eman zituen iaz, eta 2.528 pertsona eta 1.825 enpresei eskaini zien laguntza (2024an baino %15,7 gehiago).
Azaldu dutenez, Donostia egun “Europa hegoaldeko berrikuntza hiri-ekosistema aurreratuenetako bat” da, besteak beste, Espoo (Finlandia), Turin (Italia) edo Grenoble (Frantzia) bezalako hiriekin batera.
Donostia Sustapenak 6.600 zerbitzu baino gehiago eman zituen iaz, eta 2.528 pertsona eta 1.825 enpresei eskaini zien laguntza
Donostia Sustapenaren eguneroko jardueran Ekinn ekintzailetza espazioaren garrantzia ere nabarmendu dute. Iaz 5.500 erabiltzaile baino gehiago izan ditu zentroak. 2.000 gazte baino gehiagori lagundu die, eta 224 ekintzailetza proiektu babestu ditu. Gauzak horrela, zuzeneko laguntzetan 2,55 milioi euroko inbertsioa egin zuen Donostia Sustapenak, eta horren ondorioz 909 lanpostu berri sortu zituztela jakinarazi dute.
Beste urrats bat
Iñigo Olaizola Donostia Sustapeneko zuzendari nagusiak gogoratu du Donostiak orain 25 urte erabaki zuela “ezagutzaren hiria” izatea, eta gaur-gaurkoz “ekosistema egonkor” bat duela esan du, “ekonomia adierazle onekin”. Era berean, aitortu du hiria ekonomikoki “une onean” egon arren, zenbait erronkei aurre egin beharko diela epe motzean, hala nola, jaiotze tasa baxuari, biztanleriaren zahartzeari eta immigrazioari.
Olaizolak berrikuntza planaren sei ardatz estrategikoak azaldu ditu. Berrikuntza “beste urrats bat aurrera” egiteko premia azaldu du, baita tradizionalagoak diren sektoreetan berrikuntzaren aldeko apustua indartzea eta gazteengana gerturatzeko ahaleginak egiten jarraitzea, etxebizitzarako sarbidea erraztuta, besteak beste.
Aurkezpenaren amaieran Xavier Marcet aholkulari kataluniarrak ere hitzaldi bat eskaini du.