• EKONOMIA
  • Donostiak ez du zerga turistikoan aparteko gainkargurik egingo, araudiak baimendu arren

Donostiak ez du zerga turistikoan aparteko gainkargurik egingo, araudiak baimendu arren

2027rako ordenantza fiskalak onartu ditu gaur udalak, oposizioak egindako 12 zuzenketekin

Argazkia: Donostiako Udala
Argazkia: Donostiako Udala
2026ko irailaren 24a - 13:39

Oposizioko taldeen zuzenketak gehitu ostean, Donostiako Udalak onespena eman die datorren urterako ordenantza fiskalei; zehazki, hiru ziren eguneratzeke zeuden tasak: Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), hondakinen tasa eta zerga turistiko berria. Udalbatzak gaur emandako onespenarekin, urtarrilaren 1ean jarriko dira abian aldaketa guztiak. Orotara, oposizioak egindako 12 zuzenketa gehituko dira.

 

Zerga turistikoari dagokionez, erabaki da Donostiak ez duela araudiak baimentzen duen %50eko gainordain gehigarria aplikatuko (750 ostatu-plaza edo gehiago dituzten udalek ezar dezaketen errekargua da). Ikasle egoitzen kasuan ere zuzenketa bat gehitu da: ez zaie zerga aplikatuko, jendearentzat ireki eta turismo-ostatuko jarduerak egin ezean. Udalak kalkulatu duenez, gutxi gorabehera 7,01 milioi euro bilduko dira urtean tasa berriarekin.

Hondakinen tasa ere eguneratu egingo da: %6,58ko igoera izango du. Hasiera batean igoera hori %2,29koa izatea aurreikusten zen, baina Udalak ordaindu behar dituen kostuen hazkundea dela-eta tasa igotzea adostu da. Hala, zerbitzuak 28,89 milioi euroko kostua izango du, hain justu hondakinen tasaren bitartez lortuko den kopuru berbera. 

 

Azkenik, OHZri dagokionez ere ordenantza berria onartu du udalbatzak: tasak %2,3 eguneratuko dira, eta hala, 2027an 60,87 milioi eskuratzea aurreikusten da (2026an 58,21 milioi euro izango direla kalkulatzen da). Udal-taldeekin adostutako aldaketak ere izan dira kasu honetan: "familia ugarientzako eta guraso bakarreko familientzako hobekuntzak, etxeko indarkeriaren edo genero-indarkeriaren biktimentzako hobari berri bat, Bizigune eta ASAP bezalako alokairu-programa publikoetan sartutako etxebizitzentzako hobariaren %50etik %99ra bitarteko igoera, eta energia berriztagarriei eta energia-eraginkortasunari lotutako neurri berriak". 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain