• EKONOMIA
  • Durangoko Azokak inoizko egitarau handiena aurkeztu du 60. urteurrenean

Durangoko Azokak inoizko egitarau handiena aurkeztu du 60. urteurrenean

Bi gune berri, 1.000 nobedade baino gehiago eta gaueko emanaldiak izango dira aurtengo edizioan, abenduaren 5etik 8ra

Argazkia: Durangoko Azoka
Argazkia: Durangoko Azoka
2025eko azaroaren 19a - 15:42

Durangoko Museoan aurkeztu dute 60. Durangoko Azokaren egitaraua, eta antolatzaileek nabarmendu dute edizio honek inoizko eskaintza zabalena izango duela. Guztira, 1.026 nobedade, 273 ekitaldi eta 285 erakusmahai bilduko dira Landako Gunean. Beñat Gaztelurrutiak gogorarazi du urteurrenak «sei hamarkadako lan erraldoia» biltzen duela, eta aurtengoa «ilusioz eta gogoz» prestatzen ari direla adierazi du.

 

Urteurrenaren harira, bi gune berri sortu dituzte: Berbagailua, podcastentzako plaza, eta Atartea, Arte Ederren espazioa. Horiez gain, gaueko kontzertuak ere itzuliko dira. Abenduaren 5ean Lukiek eta Ezezez ariko dira; eta hurrengo egunean, Mirua eta Naxker taldeek joko dute. Iluntzeko eskaintzak literatura, antzerkia eta zinema uztartuko ditu, besteak beste, Behe Banda, Formol laborategia edo Gaua filmaren emanaldia tartean direla.

Azokako gune bakoitzak bere programazio propioa izango du. Talaiak omenezko ekitaldiak eta hitzaldiak hartuko ditu, Joxe Azurmendi eta Gabriel Arestiren ingurukoak kasu. Berbagailuak euskarazko podcast solasaldiak eskainiko ditu zuzenean; Atarteak ilustratzaileen lanak bilduko ditu; eta Ahotseneak 49 liburu eta 34 disko berri aurkeztuko ditu, sortzaileen ahotsean. Irudieneak 35 ikus-entzunezko lan baino gehiago programatu ditu, tartean Jone, batzuetan, Gaua edo Piztiak telesailaren estreinaldia.

 

Kabia, Saguganbara eta Szenatokia guneek publiko askotarikoa bilduko dute: teknologiaz eta sormenaz interesa dutenak, haur eta gaztetxoak, edota arte eszenikoen zaleak. Horrez gain, garraio publikoa indartuko da, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa aktibatuko da, eta abenduaren 7an Palestinarekiko elkartasun ekitaldia egingo da. Azoka egunero 10:30etik 20:00etara irekiko da, eta azken egunean 18:00etan itxiko dute.

Argazkia: Durangoko Azoka
Argazkia: Durangoko Azoka