Erronka demografikoa "arrakala estruktural" bihurtu da EAEn, eta dagoeneko lurraldearen lehiakortasuna baldintzatzen ari da. Hala salatu du Tamara Yagüe Confebaskeko presidenteak Adegi, Cebek eta Sea erakunde kideekin batera egindako ekitaldian. Bertan, 'EAEko Erronka Demografikoa eta Lehiakortasuna' azterlana aurkeztu dute, hamar urteren buruan lurraldeak pairatu dezakeen egoera larria azpimarratzeko.
Ieteamek Confebaskentzat egindako txostenaren arabera, neurriak garaiz hartzen ez badira, EAEk 240.907 langileko defizit garbia metatu dezake 2035 urterako. Horrek eragingo lukeen kostu ekonomikoa bereziki handia izango litzateke: arrakala egungo enpleguaren %22,34aren parekoa izango litzateke, eta eragingo luke BPGn 22.606 milioi euro gutxiago sortzea eta PFEZn 1.271 milioi bildu gabe geratzea.
Yagüek gogorarazi duenez, arazo hori ez da enpresen kontua soilik, "herrialdearen erronka kolektiboa" baizik. "Enpresa lehiakorrik gabe ez dago kalitatezko enplegurik, eta ez dago baliabiderik zerbitzu publiko bikainei eusteko", nabarmendu du.
Egoera horri aurre egiteko, Confebaskek lau oinarriren gainean jardutea proposatu du. Batetik, gobernantza partekatuaren aldeko apustua egin du, prozesu arinak, enpresen beharrekin lerrokatutako prestakuntza eta etxebizitza politika espezifiko bat uztartuko dituen sistema integratuago bat izateko. Bestetik, aurreko puntuan aipatutako gobernantza partekatu hori eraiki ondoren, enplegurako immigrazio politika bat garatzea proposatu du erakundeak, homologazio akademiko arinagoak eta talentua erakartzeko zerbitzu espezializatua sortuta, besteak beste. Hirugarren oinarrian talentua sortzea legoke: emakumeak, gazteak eta etorkinak kontratatzera bideratutako kultura berria eta "talentuaren plangintza aurreratuko ereduak" ezartzea. Azkenik, talentuaren gaiari jarraiki, bertako talentua errotzearen alde egin du Confebaskek, hala nola langabeen birkualifikazio intentsiboa bultzatuta, belaunaldien arteko mentoring ekimenak sustatuta eta karrerako lehen urteetako fidelizazio neurriak ezarrita.
Jardunaldiaren amaiera instituzionalaz Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako bigarren lehendakariordea arduratu da, eta alderdi publiko eta pribatuaren arteko koordinazioaren garrantzia berretsi du.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta