Eustat estatistika erakundeak enpleguari buruzko datuz betetako txostena argitaratu du gaur. Zehazki, 2025eko urtarrilaren 1eko datuak bildu ditu.
Eskainitako informazioaren arabera, EAEko enpresa sarea 2024ko epe berean baino %0,8 txikiagoa izan zen, baina, era berean, enplegua %1,5 handitu zen. Alegia, enpresa gutxiago baina lanpostu gehiago izan ziren. Guztira, 164.138 establezimendu (fabrika, saltoki, bulego) zenbatu zituen Eustatek, eta 146.404 enpresa. Azken bost urteak kontuan izanez gero, establezimenduen kopurua %3,4 jaitsi azen EAEn, baina enplegua %5,5 igo zen.
Bizkaia indartsu
Eskualdeka, Bilbo Handian kontzentratu zen enplegatuen gehiengoa, hots, guztizkoaren %38,9. Donostialdean enplegu totalaren %16,6 eta Arabako Lautadan %13,3 bildu zen, eta, hala, aipatutako hiru guneetan kontzentratu zen lanpostu guztien %68,9a. Atzetik geratu ziren Durangaldea (%4,9), Debagoiena (%3,4) eta Goierri (%2,9).
Bi langiletik batek Bizkaian lan egiten zuen 2025eko urtarrilaren 1ean
Lurralde historikoetan fokua jarrita, bi langiletik batek Bizkaian lan egiten zuen 2025eko urtarrilaren 1ean. Gipuzkoan zeuden enplegatuen %33,2 eta Araban, aldiz, %16,8.
Lau langiletatik bat aritzen da merkataritzan, garraioan edo ostalaritzan
Lanpostu motari dagokionez, informazioa eta komunikazioak sektoreak izan zuen gorakada nabarmena, urtebetean %4,8ko hazkundea izan baitzen. Administrazio publikoa, hezkuntza eta osasunaren sektoreak %2,8ko gorakada izan zuen, eta eraikuntzak %1,9koa. Arte-jarduerak eta beste zerbitzu batzuk alorrean ere batez bestekoa baino gehiago handitu zen enplegua, %1,6.
Hala, langileen gehiengoa merkataritza, garraioa eta ostalaritzan kontzentratu zen, lau pertsonetatik batek lan egiten baitzuen sektore horretan. Administrazio publikoan, hezkuntzan eta osasungintzan ziharduen enplegatuen %24,6k, eta %19,4k industrian eta energian.
Konpainia guztien ia herenak (%29,7) bost urte edo gutxiagoko antzinatasuna zuen
Nortasun juridikoa aztertuta, ikus daiteke establezimenduen %53,5 pertsona fisikoei zegokiela, eta %29,7 sozietate mugatuei. Unitate juridiko horien gehiengoak, %96,7k, EAEn zuen egoitza; gainerako %3,3ak (4.882 konpainiek), ordea, Espainiako Estatuko beste leku batzuetan.
Bestalde, konpainien batez besteko tamaina enpresako 6,6 langilekoa izan zen, duela urtebete baino 0,2 altuagoa, eta establezimenduko 5,8 langile zenbatu ziren. Azkenik, konpainia guztien ia herenak (%29,7) bost urte edo gutxiagoko antzinatasuna zuen.