• EKONOMIA
  • EAEk 4.694 milioi euro jaso ditu Europako MRR funtsetatik

EAEk 4.694 milioi euro jaso ditu Europako MRR funtsetatik

Jaurlaritzaren arabera funtsen eragina BPGaren 1,3 puntuko igoerarekin lotu daiteke

Torres sailburua | Argazkia: Irekia
Torres sailburua | Argazkia: Irekia
2026ko urriaren 19a - 15:49

4.694 milioi euro jaso ditu EAEk Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren (MRR) bidez, eta orotara 30.409 onuradun izan dira. Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak azaldu duenez, diru horretatik 1.307 milioi euro Eusko Jaurlaritzak kudeatu ditu; 2.918 milioi Espainiako Gobernuaren deialdien bidez bideratu dira; gainerako 469 milioiak, aldiz, beste autonomia erkidego batzuek kudeatutako deialdietatik etorri dira. Halaber, Jaurlaritzak jakinarazi du du kudeatutako dirutik %97 (1.269 milioi) jada proiektuetara esleituta dagoela. Gauzatze-maila %87,1ekoa dela ere zehaztu du Jaurlaritzak. 

 

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak MRR funtsek lurraldean izandako eragina aztertu du. Ikerketaren arabera, EAEko BPG erreala 1,3 puntu handitu da funtsen eraginez; era berean, MRRren bidez inbertsio publikoan jarritako euro bakoitzak 0,3 euroko inbertsio pribatua eragin da, eta 10.000 lanpostu inguru sortzearekin lotzen da, baita langabezia tasa 0,7 murriztearekin ere.

Diruaren erabilerari dagokionez, %41 mikroenpresek eta ETEek jaso dute; 26.000 enpresa baino gehiago izan omen dira onuradun. Enpresa handiei egokitu zaie %36, eta aldi baterako enpresa-elkarteei %12. Fundazioek eta bestelako erakundeek %7 jaso dute, eta etxeek %5.

 

Lurraldeka, funtsen gehiengoa, 1.972 milioi, Bizkaian esleitu dira; 1.363 milioi Gipuzkoan, eta 874 milioi Araban (gainerako 512 milioiak ezin zaizkio lurralde bati zuzenean esleitu). Gainera, Jaurlaritzak 313,6 milioi euro transferitu dizkie foru aldundiei, udalei zein beste erakunde publiko batzuei. 

"Datuek erakusten dute EAEk aukera historiko bat aprobetxatzen jakin duela. Gauzatze maila handiak lortu ditugu, hitzartutako helburuen betetze maila sendoa mantentzen dugu eta funts horien eragina lurralde osora eta milaka onuradunengana iristea lortu dugu", ondorioztatu du sailburuak. Funtsen behin betiko likidazioa amaitzeke dago oraindik eta, horrenbestez, kopuruek aldaketak izan ditzakete baliozkotze-prozesuen ondorioz.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain