
EAEk %40 handituko du potentzia elektrikoa datozen bost urteetan, 16.800 megawatteko (MW) ahalmenera iritsita. Hala jakinarazi du gaur Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburuak, Madrilen Joan Groizard Energiaren Estatu idazkariarekin bilera izan ostean.
Potentzia berria lortzeko hogei azpiestaziotan egingo da lana, eta beste lau azpiestazio berri ere sortuko dira; Aiarako, Abadiñoko, Santurtziko, Jundizeko, Ormaiztegiko, Gojaineko edo Gatikako “inbertsio estrategikoez” mintzatu da sailburua. Aurrez, Eusko Jaurlaritzak 6.000 MWeko potentzia gehigarria eskatu zion Espainiako Gobernuari, gaur egun instalatutako 12.000 MWetatik 18.000 MWera pasatzeko. Lortutako %40ko hazkundearekin, 70.000 pertsonen lanpostuak bermatuko direla ere gaineratu dute.
Jauregi sailburuak esan du erabakia positiboa dela industria indartzeko eta deskarbonizazioa sustatzeko, baita inbertsio berriak erakartzeko ere. Azpimarratu du potentziaren handiagotzea “ez dela oparia izan”, baizik eta “Eusko Jaurlaritzaren eskakizun argi baten emaitza: Espainiako Estatuaren plangintza elektrikoa euskal industrian eta trantsizio energetikoan pentsatuz egitea”.
Hala ere, oraindik ere egiteko asko dagoela nabarmendu du Jauregik, potentzia handiagoa ziurtatu behar baita “atzerriko inbertsio industrial berrietara bideratzeko”. “EAEn industria berria sortzeko potentzia berria lortu dugu, baina gu anbizio handiagokoak gara”, gaineratu du.
Groizardek “lanean jarraitzeko konpromisoa” duela berretsi du, eta EAEren potentzia elektrikoaren %50eko hazkundea ere aztertuko dutela azaldu du. Bide batez, unea aprobetxatu du gogoratzeko Espainiako Gobernuak 13.590 milioi euro inbertituko dituela sare elektrikoan 2030. urtera bitartean.