• EKONOMIA
  • EAEko 40 laneratze enpresek 2.200 pertsonari eman zieten lana iaz

EAEko 40 laneratze enpresek 2.200 pertsonari eman zieten lana iaz

Enpresen fakturazioaren %83 sektore pribatutik etorri dela jakinarazi du Mikel Torres sailburuak

Argazkia: Eusko Jaurlaritza
Argazkia: Eusko Jaurlaritza
2026ko irailaren 10a - 12:52
Eg. 2026ko irailaren 10a - 14:33

Gizatea erakudea osatzen duten EAEko 40 laneratze enpresek 2.200 pertsonari eman zieten lana 2025ean, aurreko urtean baino %11,9 gehiagori, eta 67,7 milioi euroko diru-sarrerak izan zituzten guztira, 2024an baino %9,7 gehiago. Horietatik 50 milioi produktu eta zerbitzuen salmentagatik izan ziren, 2024an baino %8,4 gehiago.

 

Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak eskaini ditu datu horiek gaur Donostian eginiko agerraldian. “Enplegua da oraindik ere gizarteratzeko tresnarik onena. Enplegu duina, lagundua, gaitasunak aitortzen dituena eta pertsonei konfiantza itzultzen diena”, adierazi du.

Laneratze enpresetako 2.200 langile horietatik 1.341 gizarteratze eta laneratze prozesuetan zeuden (guztizkoaren %61), 2024an baino %11,2 gehiago, eta langileen erdiak baino gehiago (%53) emakumezkoak dira.

 

“Gizarteratze enpresez ari garenean pertsonez ari gara. Arrazoi desberdinengatik, lan merkatutik aldenduta dauden eta beren bizi proiektua berreraikitzeko aukera, akonpainamendu eta ate bat behar duten pertsonena”, nabarmendu du sailburuak.

Enpresa hauen fakturazioaren %83 sektore pribatutik etorri da, eta datu horrek erakusten du, Torresen hitzetan, gero eta enpresa gehiagok aitortzen dituztela laneratzeko erakundeen “kalitatea, profesionaltasuna eta ekarpen soziala”.

“Gizarteratze enpresak ez dira soilik politika sozial bat. Politika ekonomiko inteligentea ere badira. Enplegua, jarduera, autonomia pertsonala eta gizarte-kohesioa sortzen dute. Eta gizarte batek benetan aurrera egiten duela gogorarazten digute, bere hazkundea pertsona guztiengana iristen denean”, gehitu du.

GizateaEAEko Gizarteratzeko eta Laneratzeko Enpresen Elkartea da, eta gizartean baztertuta edo desabantailan dauden eta lan merkatuan sartzeko arazoak dituzten pertsonen enplegatzea errazteaz arduratzen diren zenbait enpresa biltzen ditu.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain