Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ekonomia %0,7 hazi da 2026ko bigarren hiruhilekoan, urteko lehen hiru hilabeteetan aldean. Era berean, iazko epe berarekin erkatuta, BPGa %2,3 hazi da. Enpleguak ere gora egin du, %0,4 igo baita urteko bigarren hiruhilekoan aurreko hiruhilekoaren aldean, eta horrek esan nahi du urte arteko hazkundea %1,3koa izan dela, hau da, aurreko urteko bigarren hiruhilekoan baino 13.238 lanpostu garbi gehiago direla. BPGaren urte arteko %2,3ko igoera hori euroguneko batezbestekoa (%1,2) baino handiagoa da.
Mikel Torres Jaurlaritzako lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak positibotzat jo ditu Eustatek argitaratutako datuak. “Euskal ekonomiak bilakaera positiboari eutsi dio, hiruhileko bat gehiago haziz, eta dagoeneko 22 hiruhileko dira jarraian %2tik gorako aurrerapenekin. Gainera, gaur ezagutu ditugun datuek gure aurreikuspenak gainditu dituzte eta Euskadik nazioarteko testuinguru ekonomiko zorrotz batean duen erresilientzia gaitasuna berretsi dute”, adierazi du.
Torresek, halaber, nabarmendu du Europaren susperraldiaren “lehen seinaleak” azaldu direla. “Euskadirentzat bereziki garrantzitsua da Alemania berreskuratzea, lotura estua baitugu industria eta merkataritza arloetan. Nahiz eta bere hazkundea moderatua izan”, zehaztu du.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ekonomiaren hazkundea barne eskarian oinarritu da nagusiki. Etxeetako kontsumoak %2,9 egin du gora urte artean, nahiz eta inflazioak gora egin duen; kontsumo publikoa, berriz, %3,7 hazi da. “Ikusten ari gara hazkundea kontsumoan eta inbertsioan oinarritzen dela oraindik ere, eta bi osagai horiek funtsezkoak dira gure ekonomiaren sendotasunerako. Bereziki garrantzitsua da ekipo ondasunetan egindako inbertsioaren portaera, gure enpresek inbertsio-ahaleginari eusten diotela erakusten baitu”, gaineratu du sailburuak.
Sektoreka, zerbitzuak jarraitzen dute izaten EAEko ekonomiaren motor nagusia. Urte artean %3 handitu da sektoreko BPGa. Industria, aldiz, %0,5 hazi da. Torresen hitzetan, “hobekuntza txiki bat” litzateke, baina “susperraldi industrial sendorik” ez dagoela dio.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta