EAEko ekonomia aurreikusitakoa baino gehiago hazi da lehen hiruhilekoan

2022ko azken hiruhilekotik %0,5 hazi da, espero zena baino hamarren bat gehiago

Enplegua %1,5 hazi da 2023ko lehen hiruhilekoan | Argazkia: iStock Enplegua %1,5 hazi da 2023ko lehen hiruhilekoan | Argazkia: iStock

Eustat Euskal Estatistika Erakundeak ezagutarazi berri ditu lehen hiruhilekoko BPG Barne Produktu Gordinaren eta enpleguaren behin betiko datuak. Horien arabera, datu aurreratuan ezagutarazi zuena baino gehiago hazi dela jakinarazi du, 2022ko azken hiruhilekotik BPG %0,4 hazi zela esan baitzuen apirilean, baina %0,5 hazi zela adierazi du orain. Hori horrela, hamarren bat handitu da urte arteko tasa ere, %2,3ra.

Arabako BPG hazi da gehien, %1eko igoera izan baitu 2022ko azken hiruhilekotik 2023ko lehenengora. Gipuzkoan %0,5 hazi da epe berean, eta Bizkaian %0,4. Urte arteko tasan, berriz, Araban %2,5 igo da; Gipuzkoan %2,4;eta Bizkaian %2,2.

Sektoreka banatuz, lehen sektoreak %7,5eko igoera izan du. Industriak, berriz, %0,9koa, eta manufaktura izan da arlo horretan gehien hazi dena, %1,3ko igoerarekin. Kontuan izan behar da lehen sektorearen aldean, pisu handiagoa duela industriak Euskal Autonomia Erkidegoan, eta hortaz, industria izan da ekonomiari bultzada eman dion sektore nagusia.

Igoera apalagoa izan du zerbitzuen sektoreak, %0,2 igo baita. Hala ere, ostalaritza %1,9 hazi da azken hiruhilekoan. Aitzitik, hezkuntza, gizarte zerbitzuak, administrazioak, eta osasuna %0,7 jaitsi dira.

Okerrera egin du, berriz, gastu publikoak, %0,8ko datu negatiboa eman baitio BPGari. Enpresen inbertsioak, ordea, %1,6 hazi dira; kanpo sektoreak %6,2 egin du gora; eta familien gastuak %0,6.

Enplegua, berriz, %1,5 hazi da urtarriletik martxora bitartean, 2022ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, urte osoko hazkunde tasa %1,5ean geratuko da; eta %2,1era igoko da 2024rako.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK