• EKONOMIA
  • EAEko Lanbide Heziketa oso maskulinizatuta dago oraindik, Hetelen arabera

EAEko Lanbide Heziketa oso maskulinizatuta dago oraindik, Hetelen arabera

Laneratze tasa altuena duten zikloetan, industria eta teknologia ikasketetan, emakumeak %10 dira soilik

Informatika arloko ikasketetan geroz eta emakume gutxiago daude matrikulatuta | Argazkia: Hetel
Informatika arloko ikasketetan geroz eta emakume gutxiago daude matrikulatuta | Argazkia: Hetel
2026eko urtarrilaren 21a - 10:36

Hetel elkarteak eginiko txosten baten arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Lanbide Heziketako ikasleen %65 gizonak dira. Gainera, industria eta teknologia zikloetan, zeinak enplegagarritasun handiena duten ikasketak diren, emakumeak %10 dira soilik. Zerbitzu-zikloetan “nolabaiteko oreka” dagoela dio txostenak, baina emakumeen presentzia handiagoa da, osasun arloan, gizarte eta kultura zerbitzuetan eta administrazioan nagusiki. Ikerketak nabarmendu du EAEko lanbide heziketak "oso maskulinizatuta" jarraitzen duela.

 

Hetel EAEko ia 30 ikastetxe biltzen dituen elkartea da, eta txostenean emakumeen 2024/2025 ikasturteko lan egoera aztertu du. “Genero-bereizketa argia” ondorioztatu du Hetelek azterlanean. Julen Elgeta elkarteko presidentearen hitzetan, txostenak "agerian uzten du egungo neurriek ez dutela STEAM eremuetan genero-arrakala murriztea lortzen".

Generoen arteko bilakaera “asimetrikoa” identifikatu du Hetelek. Tradizioz feminizatuta egon diren arlo batzuetan gizonen presentzia pixkanaka handitzen ari dela atzeman du. Aitzitik, ez da ikusten emakumeen presentzia areagotu denik industria eta teknologia sektoretan. Are, inboluzioa bat ikusten du elkarteak, informatika arloko ikasketetan geroz eta emakume gutxiago baitaude matrikulatuta.

 

"Desoreka horrek sistemaren egiturazko segregazioa indartzen laguntzen du, eta eragin zuzena du ondorengo lan-aukeretan", azaldu du Elgetak.

Dual intentsiboaren arrakasta

Dena den, Hetelek dio elkarteko ikastetxeetan LHko titulua duten emakumeen enplegagarritasuna “handia” dela, eta Lanbide Heziketa enplegua lortzeko bide eraginkorra dela berresten duela, industria eta teknologia arloetan, batik bat.

Laneratze tasak ere gora egiten du ikasketen kualifikazio mailak gora egin ahala. Dual intentsiboko zikloetan enplegagarritasun tasa %100ekoa da. Hein horretan, ikasketa modalitate hau ikasi duten emakumeek laneratze-tasa altuagoak dituzte, “espezializazio-maila handiagoari eta enpresen beharretara hobeto egokitzen” direlako.

Gauzak horrela, hamar emakumetik zazpik baino gehiagok beren prestakuntzarekin lotutako enpleguetan lan egiten dute, eta ehuneko hori nabarmen handitzen da goi-mailako zikloetan eta espezializazio-ikastaroetan.