• EKONOMIA
  • EAEko unibertsitate ikasleen %22k lurraldetik kanpo garatu du bere ibilbide profesionala

EAEko unibertsitate ikasleen %22k lurraldetik kanpo garatu du bere ibilbide profesionala

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik kanpora doazen kualifikazio handiko langileak (30.060) iristen direnak adina dira (29.223)

Iñaki Ruiz eta Mikel Torres | Argazkia: Jaurlaritza
Iñaki Ruiz eta Mikel Torres | Argazkia: Jaurlaritza
2026ko apirilaren 22a - 16:15

Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak eta Iñaki Ruiz Manzano Ekonomia sailburuordeak Euskal Autonomia Erkidegoko talentu ihesari buruzko txostena aurkeztu dute asteazken honetan. Azterlanaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan unibertsitate titulua duten pertsonen %78k bere ibilbide profesionala lurralde horietan bertan garatzen jarraitu du, eta hortaz, %22k lurralde horietatik kanpo garatzen du bere ibilbide profesionala. Lanbide heziketaren kasuan, tituludunen %94k Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan garatzen du ibilbide profesionala.

 

Torresek nabarmendu du EAE posizio “sendoan” dagoela Espainiako Estatu mailan, goi mailako ikasketak dituen biztanleria %51 baino gehiago delako eta kolektibo horren langabezia tasarik txikienetako bat duelako lurraldeak. “Datuek talentuaren nolabaiteko mugikortasuna dagoela erakusten duten arren, termino garbietan Euskadik oreka mantentzen du, atxikitzeko gaitasuna agerian uzten duena”, adierazi du.

Dena den, sailburuak ohartarazi du beharrezkoa dela langile kualifikatuen irteeran eragina izan dezaketen faktoreak aztertzea: “Erronka ez da hainbeste enplegua sortzea, baizik eta enpleguaren kalitatea hobetzen jarraitzea, batez ere lan merkaturako lehen sarbidean: egonkortasuna, baldintzak eta ibilbide profesionala”, esan du.

 

Ibilbide profesionala Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik kanpo garatzen duten %22 horretatik, erdiak (%10,4) lan baldintzengatik egin du alde. Aitzitik, kanpora doazen kualifikazio handiko langileak (30.060) iristen direnak adina izan dira (29.223) azken urteetan. Hortaz, txostenak ondorioztatzen du ez dagoela talentu ihes handirik.

Horrekin batera, EAEtik kanpora joatea erabaki duten gehienek (%19,5) Nafarroara, Espainiara eta Kataluniara egin dute alde, eta beste %2,5 batek beste lurralde batzuetara.

Titulazioari dagokionez, aldeak nabarmenagoak dira. Medikuntza ikasi dutenen kasuan, %46k EAEtik alde egin dute. Aldiz, hezkuntza, gizarte lana eta ingeniaritza ikasleen artean talentuaren atxikipena %85 eta %96 artekoa da.

Iñaki Ruizek azpimarratu du talentuaren mugikortasuna hainbat faktoreren ondorio dela. “Unibertsitate ikasketak amaitu dituzten pertsonen %10 inguruk bakarrik uzten du Euskadi lan arrazoiengatik soilik. Arrazoi pertsonalak kontuan hartzen baditugu, zifra %22ra igotzen da, baina kasu gehienetan borondatezko erabakiak edo bizi ibilbideei lotutakoak dira”, zehaztu du.