• EKONOMIA
  • Ihes egindako talentua berreskuratzeko garaia

Ihes egindako talentua berreskuratzeko garaia

Hego Euskal Herriko ia 100.000 gaztek egiten dute lan atzerrian. Askok etxera itzuli nahi dute, baina baldintza ekonomiko egokiak nahi dituzte horretarako. EBko hainbat herrialde talentua etxera ekartzeko politikak bultzatzen hasi dira

Atzoko topaketako partaideak | Argazkia: Artizarra Fundazioa
Atzoko topaketako partaideak | Argazkia: Artizarra Fundazioa
Joanes Marquet Lopetegi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2025eko abenduaren 17a - 05:30

Artizarra Fundazioak eta Deustuko Unibertsitateak elkarlanean eginiko ikerketa baten arabera, Hego Euskal herriko 25 eta 40 urte arteko ia 100.000 pertsonek atzerrian egiten dute lan  —55.000k Espainiako Estatuko beste autonomia erkidego batean eta 42.000k beste herrialde batean—. Adin tarte horretako gazte guztien %10 inguru lirateke, eta gainerako herrialdeetan diren 42.000 gazteetatik %85 baino gehiagok etorkizunean sorterrira itzuli nahi luke; hots, ikerketaren arabera, 35.700 profil profesional inguru berreskuratzeko aukera du Hego Euskal Herriak.

 

Diaspora Euskal Herriaren “ezaugarri historikoa” da Jon Ander De las Fuentes Artizarra Fundazioko buruaren hitzetan. “Garai baten arrazoi beliko edo bereizketa ideologikoengatik alde egiten zuten askok. Egun, arrazoiak bestelakoak dira, ez dira XIX. mendeko kausak bezain behartuak”, adierazi zuen atzo Deustuko Unibertsitateko Bilboko egoitzan eginiko txostenaren aurkezpenean.

Bada, ikerketaren arabera, XXI. mendean Euskal Herritik alde egiteko arrazoi nagusia zera da: soldata altuagoa eta garapen profesional handiagoa eskaintzen duten lanbide baterako sarbidea. Beste bi arrazoi nagusi ere zehaztu dituzte inkestatutako gazteek: nazioarteko esperientzia pilatzea, eta independentzia pertsonal eta ekonomikoa lortzea.

 

Ikerketaren arabera, XXI. mendean Euskal Herritik alde egiteko arrazoi nagusia zera da: soldata altuagoa eta garapen profesional handiagoa eskaintzen duten lanbide baterako sarbidea

Guillermo Dorronsoro Deustuko Unibertsitateko irakasleak eman zituen txostenaren xehetasunak eta azaldu zuen goi mailako formakuntza duten gazteak joaten direla nagusiki atzerrira, gehienak ingeniaritza eta enpresen administrazioa eta zuzendaritzako ikasleak direlarik. “Pertsona formatuak esportatzen ditugu”, zioen.

Gazteen erdia baino gehiagok Europara alde egin du, horietatik gehienak Espainiara (%57). Baina, Hego Amerika eta AEBera migratu duten gazte asko ere badira. Hori bai, inkestaren arabera, atzerrira joandako gazteen %78k sorterrira itzultzeko asmoarekin egin zuen alde bere garaian, eta beste kontu bat: gazteen %54,7k aitortu dute ez zutela alde egin hemen lan aukerarik ez zutelako. Ospa egiteko kausak bestelakoak dira.

Gazteen %54,7k aitortu dute ez zutela alde egin hemen lan aukerarik ez zutelako

Aitzitik, behin atzerrira joanda, etxera itzultzea ez da erraza izaten. Gazte askok iritzi diote atzerrian lan aukera hobeak dituztela, profesionalki modu hobean baloratuta daudela, eta baliteke, gainera, atzerrian lotura pertsonalak sortzea, bikotea bertako izatea, besteak beste.

Horrekin batera, txostenak ondorioztatu du itzultzeko motibo nagusiak direla lan eskaintza erakargarriago bat jasotzea, familiarekin elkartzeko nahia, lan baldintza hobeak bilatzea edota gure lurraldeko bizi-kalitatea. Kontrara, gazte askok uste dute soldata diferentzia nabarmena dagoela (atzerrian soldata altuagoak), eta hori dela eta, nahiago dutela kanpoan lanean jarraitu. Beste batzuk, aldiz, erantzun dute Euskal Herrian ez dutela lan aukerarik topatzen beren sektorean.

Europa, talentuaren ehizan

Dorronsorok gogoratu zuen “arazo demografiko hau” Europa guztian gertatzen ari dela, eta kontinenteko herrialdeak geroz eta estrategia politiko gehiago gauzatzen ari direla talentua etxera ekartzeko. “Europa talentuaren ehizan dabil”, esan zuen. Despopulazioari eta zahartze demografikoari aurre egiteko, zerga-pizgarriak, lan aukera erakargarriak, etxebizitza politika malguak edota sustraitze programak sustatzea jo zituen giltzarri, eta azpimarratu zuen Europako Batzordeak ere azaroan zenbait neurri iragarri zituela horren harira. “EAEn eta Nafarroan ere zenbait neurri hartzen ari dira erakundeak, eta eurekin harremanetan izan gara ikerketa hau burutzeko”, azaldu zuen.

Jon Ander De las Fuentes (Artizarra): “Ez dugu immigrazioa galgatu nahi, baizik eta baldintzak sortu nahi ditugu gazteak gurera itzul daitezen”

De las Fuentesen arabera, “mugikortasuna aberasgarria da edozeinentzat”, eta Artizarrako ordezkaria izanik, aitortu du ahalegina egiten ari direla "lurraldearekin lotura indartzeko", eta bai EAEn, bai Nafarroan, "ezaugarri egokiak sortzeko" gazteak itzul daitezen. Bere ustetan, oso garrantzitsua da gazteak alde eginarazi dituen kausak ondo aztertu eta horien itzulera errazteko arrazoiak aurkitzea. “Eredu inklusiboago bat garatu behar dugu, munduari irekia dagoena. Horrek egingo gaitu erakargarriago”, argitu zuen. Euskal Herrian dagoen hezkuntza maila "altua" gakoetako bat dela uste du talentua bueltan ekartzeko, baina "estrategiak berrindartu" behar direla iritzi dio. “Ez dugu immigrazioa galgatu nahi, baizik eta baldintzak sortu nahi ditugu gazteak gurera itzul daitezen”.

Hein horretan, Dorronsorok, txostenari erreferentzia eginez, gazteek Euskal Herrira itzuli ahal izateko eskatzen dituzten baldintzak zerrendatu zituen. Besteak beste, merkatuan sartzeko kontaktu sarea, babes ekonomikoa, lan merkatuan sartzeko programak edota etxebizitza bilatzeko laguntzak.

Euskal diasporaren lau kasu

Diasporan izan diren lau euskal gaztek ere parte hartu zuten atzoko jardunaldian. Atzerrira joateko motiboak azaldu eta Euskal Herrira itzultzeko abantailak nahiz oztopoak izan zituzten mintzagai. Iñigo Aranzadi bilbotarrak 2021ean erabaki zuen Madrilera (Espainia) joatea, eta egun aseguruen sektorean dabil lanean Espainiako hiriburuan. "Arrazoi sozialengatik" joan zela zioen, eta aitortu zuen Euskal Herrira itzuli nahiko lukeela. Berarentzat oztopo nagusia da bere sektoreko lan eskaintza interesgarririk topatzen ez duela.

Leire Etxebeste donostiarrak hiru urte egin ditu atzerrian, Eusko Jaurlaritzaren Beint beka baliatuta. Urtebete egin zuen Ottawako (Kanada) merkataritza bulego batean eta bi urte Washingtonen (AEB), Munduko Bankuan. Nazioarteko esperientzia "polita" izanik ere, etxera itzultzeko gogoa zuen, eta orain aste batzuk Artizarra Fundazioan hasi berri da lanean.

Iraitz Erneta elizondoarra Savera Group konpainiako industria proiektuen burua da Nafarroan. Baina, lehenago, Londonen (Ingalaterra) izan zen urtebetez, eta, gerora, Tianjinen (Txina) zazpi urtez. Aipatu zuen, besteak beste, berak ez duela arazorik izan etxera itzultzeko, baina bere bikotea txinatarra da, eta salatu zuen iritsi eta urtebete pasatxora lortu zuela erresidentzia-baimena. Hori gutxi balitz, Txinako hezkuntza tituluak homologatzeke ditu oraindik, nahiz eta eskaera orain urtebete baino gehiago egin. Ernetak azaldu zuen egoera hori dela Euskal Herrira itzultzeko izan duten oztopo nagusia.

Leire Vidal barakaldotarra, berriz, Global Training beka baten bidez sei hilabeterako atzerrira joan zen, Vienara (Austria). Sei hilabete horiek 12 urte bilakatu ziren, eta orain gutxi itzuli da, DBS Alumnin hasi baita lanean.