• EKONOMIA
  • EBko herrialdeek Mercosurren ituna onetsi dute

EBko herrialdeek Mercosurren ituna onetsi dute

Merkataritza itunak 700 milioi kontsumitzaile ingururi eragingo die

26 urteko negoziazioen ostean, akordioa erdietsi dute EBk eta Mercosurrek | Argazkia: iStock
26 urteko negoziazioen ostean, akordioa erdietsi dute EBk eta Mercosurrek | Argazkia: iStock
2026eko urtarrilaren 9a - 14:01

Europako Batasunaren eta Mercosurreko herrialdeen (Argentina, Brasil, Uruguai eta Paraguai) arteko merkataritza libreko akordioa aurrera atera da. Gaur zen Europar Kontseilua erabakiaren inguruan bozkatzekoa, eta, espero bezala, EBko herrialdeek oniritzia eman diote akordioari.

 

Bozketa ofizialki gaur arratsaldean egingo dute, baina dagoeneko EB herrialdeetako enbaxadoreek jakinarazi dute zein izango den herrialde bakoitzaren botoa. Akordioa blokeatzeko, ezinbestekoa zen gutxienez EBko biztanleriaren %35 ordezkatzen duten zortzi herrialdek kontrako botoa ematea, eta ez da halakorik gertatu. Baiezkoan zeuden Alemania, Espainia, Portugal, Danimarka, Finlandia, Suedia, Herbehereak, Txekia, Eslovakia, Kroazia, Grezia, Errumania eta Bulgaria, eta Italia horiei batu zaie. Belgika abstenitu egin da, eta aurka bozkatu dute Frantziak, Austriak, Hungariak, Irlandak eta Poloniak.

Nekazariak itunaren aurka azaldu dira egunotan eta protestak egin dituzte Europa osoan. Salatu dutenez, Mercosurreko herrialdeekin lehiatzeak “babesgabetasuna” ekarriko die, baldintza desberdinetan aritzen baitira elikagaien sektorean. Merkataritza itunak 700 milioi kontsumitzaile ingururi eragingo die.

 

ENBA sindikatua kezkatuta

ENBA nekazarien sindikatuek ohar bidez jakinarazi du akodioaren gaineko "balorazio negatiboa" egiten duela. "ENBAk ohartarazi du Brasildik edo Argentinatik datorren okela linealetan euskal ustiategi batek dituen ekoizpen-kostuen oso azpitik jartzea ahalbidetuko duen eszenatoki baten balizko ondorioen aurrean. Gainera, Europar Batasunaren barruan eta kanpoan jarduten duten ingurumen, lan edo animalia-arloko eskakizunen eta ongizatearen arteko alde handia gogorarazten du", dio oharrean.