"Historikoa" izaten ari da Greba Feminista Orokorra

Eguna argitu aurretik piketeak egin dira Hego Euskal Herriko udalerri nahiz lantoki handien aurrean. Hiriburuetan manifestazioak egin dira eguerdian. Antolatzaileen arabera, sektore guztietan eragin handia izaten ari da greba. Zaintzaren pribatizazioa salatu, sistema publikoaren alde egin eta zaintza eskubide kolektiboa aldarrikatu dute

Donostian eguerdian egindako manifestazioa udaletxe parean | Argazkia: EnpresaBIDEA Donostian eguerdian egindako manifestazioa udaletxe parean | Argazkia: EnpresaBIDEA

Jarraipen zabala izaten ari da Hego Euskal Herriko lehen greba feminista orokorra. Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitu du grebara, eta gehiengo sindikalaren babesa izan du. Eragin handia izaten ari da hainbat sektoretan. Goizeko lehen orduetatik ehunka mobilizazio antolatu dituzte udalerrietako greba batzordeek, eta pikete jendetsuak egin dira, errepideak moztuz, eta grebalariak enpresa handien lantegiko sarreretan elkartu dira.

Zaintza lana du erdigunean gaurko grebak. Sektorearen pribatizazioa salatu eta sistema publikoa indartzearen alde egiten ari dira lanuzteak. ELA, LAB, Etxalde, CGT, ESK, EHNE eta Steilas sindikatuek bat egin dute grebarekin, baita EH Bilduk ere, eta Gasteiz eta Iruñeko parlamentuetako harmailak hutsik utzi dituzte. Elkarrekin Podemoseko parlamentariak ere ez dira joan legebiltzarrera. Gaur, bertan, Osasun Publikoaren Legea bozkatuko dute, eta legeak zaintza erdigunean jartzen ez duela salatu dute bi alderdiek.

Sindikatuen arabera, goiza "desnormalizatzea" lortu dute pikete eta mobilizazioei esker, eta arrakastatsutzat jo dute eguna, genero berdintasunarentzat "historiakoa" izaten ari dela azpimarratuz.

Goizean goiz piketeak

Eguna argitu aurretik piketeak egin dira Hego Euskal Herriko hainbat udalerritan, eta batik bat, hiriburuetan izan dute eragina. Gasteizen, Michelinen lantegian egin dadute goizeko 6tan, langileak lantegira sartzeko orduan. Ertzaintzak lantegiko sarrera hartu du eta oldarraldia izan da. Poliziak bi lagun atxilotu ditu. Grebalariek Foronda kalea ixtea lortu dute eta auto pilaketa handiak sortu dira.

Donostian ere errepideak itxi dituzte. Martuteneko 27 poligonotik atera da pikete bat eta kartzelarainoko bidea egin dute. Unibertsitatean ere egin dira mobilizazioak. Bilbon goizean goiz itxi dituzte errepideak. Intermodal autobus geltokian eserialdia egin dute feministek eta autobusak geldirik izan dira. Halaber, Bilboko erdigunea moztuta izan da eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean elkartu direnek Atzerritar Legea bertan behera uzteko aldarriak oihukatu dituzte.

Iruñerriko mankomunitateari autobus zerbitzua ematen duen egoitza nagusia moztu du mugimendu feministak ia ordubetez

Iruñean, Iruñerriko mankomunitateari autobus zerbitzua ematen duen egoitza nagusia moztu du mugimendu feministak ia ordubetez. Ospitalera ere gerturatu dira grebalariak, eta beste pikete bat Iruñeko alde zaharreko osasun etxearen aurrean gelditu da osasun arloko langileei eskerrak emateko.

Oihartzun handia hainbat sektoretan

Antolatzaileen arabera, oihartzun handia izaten ari da greba sektore orotan. Hezkuntza publikoari dagokionez, 600 bat ikastetxeetan izan dira lanuzteak eta EHUko Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako kanpusetan kasik ez da jarduerarik izan. Nafarroako Unibertsitate Publikoa ere greban da, eta Ikastola gehienek ez dituzte gaur ateak ireki.

Komunikabideeetan, EITB taldeko gehiengoak babesa eman dio grebari, eta irrati eta telebistan gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte. Gara, Berria, Hamaika Telebista, Argia aldizkaria, Hala Bedi Irratia, Pikara Magazine eta eskualdeetako Hitzak ere bat egin dute grebarekin.

Udaletan, jarraipen zabala izan du grebak antolatzaileen arabera, Gipuzkoan, batik bat

Euskotren eta Bilboko Metroan gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte. Hamar trenetik sei atera direla adierazi dute Bilboko Metroko ordezkariek. Udaletan, jarraipen zabala izan du grebak antolatzaileen arabera, Gipuzkoan, batik bat. Irura, Anoeta, Mutriku, Aretxabaleta, Azpeitia, Ordizia, Oñati, Arrasate, Orio, Urretxu, Tolosa, Bergara eta Beasain, besteak beste. Bizkaian, Bilbon jarraipen zabala izan du grebak eta eskualde batzuetan lanuztea oso orokortua izan da, adibidez, Busturialdean, Gernikan, Durangaldean eta Arratian, baita Barakaldo eta Galdakaoko udaletan ere. Araban ere jarraipena nabaritu da. Agurain eta Legution, Gasteizeko udalean gizarte ongizate esparruan jarritako zerbitzu minimoak greba egitea baldintzatu du.

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, grebaren jarraipena %13,28koa izan da Administrazio Orokorrean. Hezkuntza, ikastetxe publikoen %86aren gaineko informazioa jasota, irakasle funtzionarioen %39,1k egin dute bat grebarekin. Segurtasun sailean lan egiten duten langile guztien % 2,02ak egin du bat grebarekin, eta justizia sektoreko grebaren jarraipena % 11koa izan da, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken Sailak emandako datuen arabera.

Beste zerbitzu batzuetan izandako eragina

Osakidetzaren arabera, gaueko txandan grebaren jarraipena %0,26koa izan da. lurraldeka, Araban %0,56koa, Bizkaian %0,20koa eta Gipuzkoan %0,17koa. Goizeko txandan, aldiz, eragina %5,6koa izan da. %5,96 Araba, %4,79 Bizkaian eta %6,75 Gipuzkoan. Aitzitik, osasungintzan gutxieneko zerbitzuek zeharo baldintzatu dute greba, zerbitzu askotan %100koak direlarik zerbitzu minimoak. “Grebarako eskubidea ukatu” zaiela azaldu dute antolatzaileek.

Industrian, Gipuzkoan eta Bizkaian izan du eragina batik bat. Gipuzkoan, ekoizpena erabat geldirik dago honako enpresa hauetan: Indar (Beasain), Arcelor Mittal (Bergara), CIE Automotive, GKN edo Bellota (hirurak Legazpikoak), Polmetasa (Arrasate), Mondragon Assembly (Arrasate), Natra Zahor (Oñati), SNA Europe (Irun), Sammic (Azpeitia), Jose Maria Mendiola (Andoain), Kelsen (Zizurkil), IAT (Urnieta) eta Niessen (Oiartzun), besteak beste. Halaber, jarraipena oso handia izaten ari da Beasaingo eta Irungo CAF enpresetan.

Bizkaian grebak eragin berezia du Lea Artibaiko eta Durangaldeko industrian. Microdeco edo AKT Plásticos enpresek jarduera eten dute. Eragina Bizkaia osoan ere nabaritu da, Kadaguako Lucart taldea eta Cementos Lemonarek ere bat egin dute. Araban, Gasteizen, DHL eta Ferrovial enpresetan izandako eragina nabarmendu dute, geldialdi handiak izan baitira industrialde osoan. Aiaraldean, grebaren eragina ere izaten ari da, Amurrio Ferrocarriles, JEZ Sistemas edo Artiach bezalako enpresetan.

Zahar egoitza eta eguneko zentroetan, gutxieneko zerbitzuek guztiz baldintzatu dute grebaren eragina

Nafarroan, industria sektoreko grebaren jarraipena desberdina izaten ari da, eta eragin handiagoa izan du Iruñeko industri -enpresetan. Iparraldean eta Sakanan jarraipena esanguratsoagoa izan da, Magotteaux eta Torraspapel enpresak nabarmenduz.

Zahar egoitza eta eguneko zentroetan, gutxieneko zerbitzuek guztiz baldintzatu dute grebaren eragina. Gehiegizkoak izateaz gain, zahar egoitza gehienetan dauden egoilarrak mendekotasun handikoak direnez greba gauzatzea ia ezinezko egiten du. Hori kontuan harturik, greba egin zezaketen langileen artean grebak jarraipen zabala izan duela adierazi dute antolatzaileek.

Eguerdian ere manifestazioak

Hainbat pikete manifestazio bihurtu badira ere, eguerdirako beste batzuk deituta zeuden. 12tan abiatu da Bilbokoa udaletxetik, eta  Udaletxeko Osoko Bilkura eten egin dute unea batean. Donostiako ere udaletxetik hasi da 12:30tan, eta hainbat lagun Gipuzkoako Aldundiaren egoitzan kateatu dira, zaintzaren kudeaketa salatzeko. Sei pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak. Iruñeko ordu berean diputaziotik atera da. Errepideak moztu ditu Nafarroako mugimendu feministak, etxeko langileen alde. Lan baldintza duinak eta grebarako eskubidea izan arte borrokan jarraituko dutela adierazi dute. Gasteizen, Zumakadi kaleko Lanbide egoitzatik hasita, 13tan abiatu da.

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak greba eskubidearekiko errespetua adierazi du, baina uste du herritarrei eragindako "kalteak" eta mobilizazioak "orekatzeko" ahalegin bat egin beharko litzatekeela

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak greba eskubidearekiko errespetua adierazi du, baina uste du herritarrei eragindako "kalteak" eta mobilizazioak "orekatzeko" ahalegin bat egin beharko litzatekeela. Bestalde, Saioa Urrizak (ELA) greba "irregularra" izan dela esan du. Zaintzarekin zerikusi zuzena duten ordainpeko sektoreetan gutxieneko zerbitzu handiak ezarri dituzte, eta horrek "asko baldintzatu du".

Bilboko manifestazioa amaitzean, ELAko Amaia Muñoak zera esan du: "emakume eta gizonentzat, gizartearentzat, funtsezkoa da beste zaintza sistema bat eraikitzea: alde batetik, pertsona erdigunean jarriko duen zaintza sistema parekidea behar da; eta bestetik, publikoa, doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa izango dena". Era berean, LABeko Garbiñe Aranburuk balorazio positiboa egin du, "gaurko eguna mugarri bat da, prozesu baten aurrean ulertu behar den mugarri bat", adierazi du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK