EH Bilduk eta PPk osoko zuzenketak aurkeztuko dizkiote Eusko Jaurlaritzaren 2026ko aurrekontuei. Pello Otxandianok (EH Bildu) eta Javier de Andrések (PP) eman dituzte azalpenak gaur goizean; Otxandianoren ustez, PNVk eta PSE-EEk aurrekontuak negoziatzeko borondate gutxi erakutsi dute, eta de Andrések dio aurrekontuek pobreziara eramango dutela gizartea.
Biek ala biek ezezkoa emango duten arren, Jaurlaritzak ez du haien oniritzia beharko, jeltzaleek eta sozialistek gehiengoa dutelako Eusko Legebiltzarrean, eta espero bezala, beste alderdien babesik gabe aterako dira aurrerako datozen urteko aurrekontuak.
Bilduren ustez, “egiturazko arazoa” dute aurrekontuek
Bilbon egin duen prentsaurrekoan Otxandianok azaldu du kontu publikoekin “egiturazko arazoa” dagoela, aurrekontuak “ez direlako nahikoa” gizartearen behar sozial zein ekonomikoei aurre egiteko.
Batetik, Next Generation Europako funtsak murriztu izana arazotzat jo du bozeramaileak, orotariko inbertsioak egitea ahalbidetzen duten laguntzak direlako. Bestetik, energia-enpresei karga gehigarria ezarri ez izana leporatu dio Jaurlaritzari, zeinaren ondorioz “zerga-bilketa murriztuko den”.
Otxandiano: “Posible da etxebizitzaren arazoari hamar urtean egiturazko erantzuna ematea”
Etxebizitzaren gaiari ere heldu dio, eta zorpetzea aktibatzearen alde egin du, etxebizitza publikoetara bideratzen den inbertsioa handitzeko aukera moduan. Gogorarazi du bere alderdi politikoak gaiaren gaineko proposamena egin duela: funts publiko-pribatua sortzea, 1.000 milioi euroko inbertsio publikoarekin, finantzaketa pribatua erakarri eta behar den inbertsio-mailara iristeko. “Posible da etxebizitzaren arazoari hamar urtean egiturazko erantzuna ematea”, esan du, “hori egiteko finantza-gaitasuna eta tresnak baitaude”.
“Zorpetze handia” salatu du PPk
Alderdi Popularrekoek ere ezadostasuna erakutsi dute 2026ko Jaurlaritzaren aurrekontuei dagokionez. Javier de Andrések eman ditu azalpenak, zeinak kezka adierazi duen aurrekontuaren zenbatekoagatik. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen %4,7 handituko dela hurrengo urteko aurrekontua, baina Alderdi Popularrekoak esan du “gezurra” dela, hazkundea %10,1ekoa izango delako: igoera hori “ekonomiaren beste edozein parametro” baino handiagoa da, eta horrek, gizartea “pobretuko” du.
Otxandianoren antzera, de Andrések esan du “egiturazko arazoak” ikusten dituztela aurrekontuetan, eta ondorioz “ezinezkoa” zaie legea onartzea.
De Andrés: "Aurrekontu erabat sozialista eta ezkertiarra da"
Aurrekontuen “zorpetze handia” ere salatu du agintariak, baita Abiadura Handiko Trenerako (AHT) erabilitako diru kopurua ere: erreserba 22 milioi eurokoa izanik, aurrekontuetan 67 milioi euroko partida du.
Hortaz, de Andrésen hitzetan aurrekontu “erabat sozialista eta ezkertiarra” denez, taldeak osoko zuzenketa aurkeztuko du.