EHUren finantzaketa eskasa berriro jarri dute mahai gainean unibertsitateko sindikatuek, 2026ko aurrekontuen eztabaidaren harira. LAB, STEILAS, ELA eta CGT/LKN sindikatuek salatu dutenez, datorren urtean aurreikusitako igoerak ez ditu unibertsitatearen beharrak beteko, eta oraindik ere urrun dago legeak markatutako BPGaren %1etik. Hori dela eta, EHUko Klaustroak komunitateko kideen ekimenez aurkeztutako adierazpena onartu du, Jaurlaritzari finantzaketa handitzea eskatuz.
Sindikatuen arabera, urteetako “utzikeria interesatuak” eragotzi du EHUren “gabezia endemikoei aurre egitea”. Nabarmendu dute, irakasle eta ikertzaileen hasierako soldata bigarren hezkuntzako irakasleen azpitik dagoela, eta 2008tik %24 inguruko galera metatua dutela, KPIaren igoeratik (%46,6) oso urrun. Gainera, lan-baldintza prekarioak azpimarratu dituzte: jardunaldi partzialeko irakasleek oraindik ere 400 eta 800 euro artean kobratzen dutela, eta horrek eragiten du lanbidea gero eta erakargarriago ez izatea.
Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazioko eta Zerbitzuetako Langileen (TEKAZELen) egoerak ere kezka piztu du, erosahalmena %18 jaitsi baita azken hamabost urteetan. Zerbitzu askok langile gehiago behar dituztela adierazi dute sindikatuek, ordezkapenak betetzea gero eta zailagoa dela eta lanpostu txikienak berrikusi behar direla gogorarazita. “Unibertsitate publikoak zerbitzu egokia eskaintzeko lan-baldintza duinak eta plantilla egokia izan behar ditu”, adierazi dute.
Jaurlaritzaren jarrera ere kritikatu dute, finantzaketa BPGaren %1eko helburutik “oso urruti” dagoelako eta, sindikatuen esanetan, ez dagoelako borondaterik kopuru horretara hurbiltzeko. Aldi berean, unibertsitate pribatuentzako “alfonbra gorria” jarri izana egotzi diote, “hezkuntza unibertsitarioaren eredu elitista sustatzen” duelakoan.
Testuinguru horretan, sindikatuek mobilizazioak iragarri dituzte abenduko lehen astean. Campus bakoitzean ordubeteko lanuzteak egingo dituzte 11:00etatik 12:00etara: abenduaren 1ean Leioan, 2an Donostian, 3an Gasteizen eta 4an Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean. Kontzentrazioak 11:15ean izango dira. Sindikatuek “EHU indartuko duen finantzaketa” eskatzeko unea dela nabarmendu dute.