
Bizipoz kooperatibaren sortzaileetako bat da Eider Etxebarria (Arrasate, Gipuzkoa, 1994). Zahartze aktiboa sustatzen aditua da, enpresekin, udalekin eta erretiratuen elkarteekin lan egiten baitu. Coach eta aholkularia, EMCCk ziurtatua. Changemaker gazte gisa aitortua izan da, Making More Health edota Invisisible Beauty Makers bezalako sarietan.
Nolakoa izan da zure ibilbide profesionala?
2015ean LEINN Lidergoa Ekintzaile eta Berrikuntza Gradua ikasten ari nintzen. Pertsona nagusien sektorean, arlo publikoan zer eskaintza zegoen eta arlo pribatuan zerbitzuak eskaintzen zituzten zenbat enpresa zeuden aztertu nuen. Pertsona nagusiei elkarrizketak egin genizkien behar zituzten zerbitzuetatik gabeziaren bat ote zegoen jakin ahal izateko. Hainbat gauza ikusi genituen. Batetik, administrazio publikoaren baliabide asko dependentziara bideratuta zeuden eta oso gutxi autonomia sustatzera. Bestetik, pertsona nagusi guztiak jubilatu eta gero sartzen ziren talde sozial berdinean, baina talde sozial hori oso ezberdina da, profilak oso ezberdinak dira, baina ez zeuden nahikoa zerbitzu ikasten jarraitzeko. Gai asko zeuden jorratzeke: erretiroa ez da hasten jubilatu eta gero, aurre egiten hasi behar zaio jendea oraindik erretiratu gabe dagoenean. Enpresetan jubilatzeko trantsizio programak aurrera eramaten hasi ginen.
Beatriz Santamariarekin batera sortu zenuen Bizipoz gizarte-ekimeneko kooperatiba. Zertan datza zuen jarduera enpresa gisa?
Lehengoarekin lotuta, enpresetara joaten gara eta erretiratu gabe dauden lagunei programak eskaintzen dizkiegu lan etapari itxiera egokia eman ahal izateko. Bakoitzak lanpostua zelan gura duen utzi eta erretiroa zelan prestatu lantzen dugu, besteak beste.
Azken aldian asko aipatzen da zahartzaro aktiboa, baina zer da zehazki?
Gaur egun horren gainean badago eztabaida eta teoria ezberdinak zabaldu dira. Ikuspegi psiko-bio-sozialetik begiratuta arlo emozionalaren, fisikoaren eta sozialaren arteko oreka bat mantentzea da. Bakoitzak bere burua zaintzea modu integral batean. Orain zalantzan jartzen ari da jendea gainezka dagoelako eginbehar askorekin, arlo guztietan ondo egon behar horrek eraginda. Beti ondo egon beharrak kaltea egin dio zahartze aktiboari. Hori dela eta, bideratu ditugun proiektuak zentzua eman nahi diote bakoitzaren bizitzari: bakoitzaren biografia eta interesak aztertzen ditugu. Gauzak zalantzan jartzea beti da positiboa eta zahartzea aktiboa bera zalantzan jarri da. Dena den, erakundeak martxan jarri zitezen baliogarria izan da. Lehen esan moduan, menpekotasuna bakarrik lantzetik parte hartze soziala sustatzera igaro gara.
"Menpekotasuna bakarrik lantzetik parte hartze soziala sustatzera igaro gara"
Nagusi izatearen poztasuna aldarrikatzen duzu, gizarteak beste modu batera ikusten al du zahartze prozesua?
Aldaketa handia eman da. Horregatik hasi ginen hain justu Bizipoz kooperatiban. Gizarteak pertsona nagusien gainean zuen ikusmoldea aldatu nahi genuen. Erretiroa hartzea ez da bizitzatik erretiratzea. Aldaketa egin beharra dago oraindik, baina jaso dugun heziketak zerikusi handia dauka horretan. Sistema kapitalista batean bizi gara, sistema horretan ekarpenak egiten dituzun bitartean pertsona aktiboa zara eta interesgarria gizarte horretarako, bestela jai duzu. Erretiroa hartzean, berriz, ematen du pentsioa kobratzea bakarrik duzula buruan. Baina horretarako lan asko egin eta gero. Bestetik, adinkeria da nagusi gurean, eta ez bakarrik jende nagusiaren aurkakoa, ikasketak amaitu berri dituen gazte batek ere pairatzen du adinkeria hori. Estereotipo batzuk dauzkagu adinaren eraginez, eta jarrera negatiboak sortzen dira.
Kooperatiba gisa, nola bideratzen dituzue programak erakundeekin eta enpresekin?
Batez ere enpresekin egiten dugu lan, lehen aipatutako erretiroa baino lehenagoko prestaketa programak lantzen ditugu. Udalekin, hiri handietan izan ezik, baliabide asko dituztelako, herri txikietan lan egiten dugu, baita jubilatuen elkarteekin ere. Aldundiekin eta Jaurlaritzarekin ez dugu lanik egiten. Udal bakoitzaren beharrizanak aztertzen ditugu. Parte-hartze soziala sustatzeko programetan bertako eragile sozialekin lan egitea izaten da ohikoena. Pertsona nagusien kontseiluak sortzen ditugu, eta jubilatuen elkarteekin edota nagusiekin lan egiten duten elkarte edo erakundeekin (Cáritas, Gurutze Gorria..), teknikari eta pertsona independenteekin dihardugu.
Herriaren gaineko azterketa egiten dugu, zerbitzuak, pertsona nagusiei eskainitako arreta. Herri bakoitzak nondik jo behar duen erabakitzen dugu ondoren: formakuntza, zaintza. Horrez gain, Osasunaren Munduko Erakundeak Pertsona Nagusiekin Hiri Lagunkoiak deritzon proiektua Jaurlaritzak hartu zuen beregain, hemen Euskadi Lagunkoia deitzen da proiektua. Sare horretan parte hartzen duten udalerriak zortzi arlotan (hirigintza, parkeak, etxebizitza, osasungintza etab.) aztertzen dira, pertsona nagusiei dagokienez.
Zeintzuk dituzu etorkizuneko xedeak maila pertsonalean eta Bizipoz kooperatibaren baitan?
Arlo ekonomikoari dagokionez hastapenak zailak izan ziren. Kosta egin zitzaigun errentagarritasun maila batera iristea. Gainera, sortu ginenean pandemia etorri zen. Hori gainditu dugu, lagun bi izatetik sei lankide izatera igaro gara. Bizitza duin bat nahi dugu kooperatiban lan egiten dugun guztiontzat. Ez gara bizi dirulaguntzetatik. Proiektu zuzenak fakturatzen dizkiegu bai enpresa bai udalei. Lantaldearen biziraupena lortu dudan honetan, punta-puntako proiektuak bideratzea izango litzateke nire helburu nagusia. Ez dut gura jarraitu beti berdina egiten. Berritzen, pentsatzen eta ikasten jarraituko dut. Enpresa erreferentea izan nahi dugu sektorean, uste dut gaur egun bagarela eta horrela jarraitu nahi dugu. Horretarako, ikerketa proiektu gehiagotan parte hartu behar dugu.