Aspegi Gipuzkoako Emakume Profesional, Enpresaburu eta Zuzendarien Elkarteak bere sarien 11. edizioa egin zuen atzo Donostiako Parke Teknologikoan. 200 bat pertsona bildu ziren bertan, tartean lurraldeko enpresaburu eta zuzendari ugari, baita Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Unai Andueza Ekonomia Sustapeneko eta Estrategia Proiektuetako diputatua, Jaione Ganzarain Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuordea, edota Jon Insausti Donostiako alkatea ere.
Aquí, cuentas. Hemen, bazara lelopean, edizio honetako saridunak Eider Sánchez Naru konpainiako sortzaile eta zuzendari orokorra (enpresaburuaren saria) eta Leire Mugerza Mondragon Kongresuko presidentea (zuzendari / profesionalen saria) izan ziren. “Ibilbide inspiratzaileak eta erreferente handiak dira biak, emakumeek gizartean duten lidergo-gaitasuna eta inpaktua ezin hobeto erakusten dutenak”, adierazi zuen Iratxe Pascual Aspegiko presidenteak.
Mugerzak sakoneko aldaketa kultural baten beharra azpimarratu zuen: “Asko egin dugu aurrera: legeak daude, berdintasun-planak eta gizarte-kontzientzia handiagoa. Baina erronka nagusia kulturala da. Emakumeek libreki erabaki ahal izatea lortu behar dugu, besteren aurreiritziekin kargatu gabe, eta gizarteak erabaki horiek errespeta ditzala. Aldaketa hori gabe, aurrerapen formalak ez dira nahikoak izango”.
Sanchezek, halaber, teknologia arloan emakumeek aurre egin beharreko oztopoak izan zituen hizpide: “enpresa teknologiko baten ekintzaile estandarraren estereotipoa ez zarenean, oztopoak eta hautsi beharreko estereotipo batzuk daude. Bilera bakoitzean erakutsi behar izan dut benetan nekiela zertaz ari nintzen”.
Gipuzkoan zuzendaritza-postuen %27 daude emakumeen esku, Aspegiren arabera. Zenbaki “eskasa” da Pascualen aburuz, emakumeek duten “talentua” kontuan hartuta. “Aldaketa positiboa izan da, baina bidea luzea da oraindik”, adierazi zuen Aspegiko presidenteak atzoko ekitaldian.