Iratxe Pascual Careagak aro berri bati ekin dio Aspegi Gipuzkoako emakumezko enpresaburuak eta zuzendariak bultzatzen eta ikusarazten dituen elkartearen buru. Ibilbide luzea egin du aholkularitza estrategikoan, enpresa-eraldaketan eta lidergoan diharduten eragin handiko erakundeetan, eta helburu argi batekin hartu du bere gain lehendakaritza: emakumeen presentzia bizkortzea funtsezko sektoreetan, hala nola, industrian, teknologian eta kudeaketan, eta emakumearen rola indartzea lurraldeko enpresa-ekosisteman. Gipuzkoako emakumeen lidergoaren erronkez, aukerez eta etorkizunaz mintzatu gara berarekin.
Zein izan da orain arte Aspegik izan duen bilakaerari buruzko zure iritzia eta zerk bultzatu zintuen lehendakari izateko urratsa ematera?
Nerea Ibañezen lehendakaritzapean, Aspegik Gipuzkoan 600 emakume profesional, zuzendari eta enpresaburu baino gehiagoko sare bihurtzea lortu du azken urteotan. Urtean 40 jarduera baino gehiago egitea lortu du, batez beste 50 pertsona bertaratuz, eta beste eragile garrantzitsu batzuekin lankidetzan aritzeko ateak ireki ditu. Dagoeneko gizartean eragiten ari da.
Horrek guztiak elkartearen buru izateko pausoa ematera bultzatu nau, eta oraindik erronka asko ditugula ikusten dut. Ezin dugu 20 urte itxaron, adibidez, enpresetako zuzendaritza-organoetan benetako berdintasuna lortzeko; aldaketa bizkortu behar dugu.
Lehendakari gisa egindako aurkezpenean aipatu zenuen “jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa” eman nahi zenuela industrian, teknologian eta kudeaketan, emakumeen presentzia handitzeko. Nola planteatzen duzu zehazki jauzi hori?
Industria aurreratua eta teknologia etorkizuneko sektore estrategikoak dira Euskadin, eta gaur egun, emakumeek ordezkaritza txikia dute sektore horietan. Era berean, etorkizuneko sektore horiei lotutako graduetan (digitalean, esaterako) emakume gazterik ez egoteak kezkatzen gaitu, horrek esan nahi baitu emakumeok ez gaudela eta ez garela etorkizuneko sektoreetan egongo.
Gure lurraldearen lehiakortasunean eragiten duen arrakala hori mantentzea ezin dugu onartu. Hori izango da Aspegik datozen urteetan planteatuko duen ildo estrategikoetako bat. Lehen urrats gisa, hutsuneak azalduko ditugu, hainbat azterlan egingo ditugu benetako egoera eta horren kausak identifikatzeko, eta erakundeekin eta beste eragile batzuekin lankidetzan aritzeko, sektore horietan emakume profesionalak sartzen lagunduko duten ildoak aktibatu nahi ditugu.
"Ezin dugu 20 urte itxaron enpresetako zuzendaritza-organoetan benetako berdintasuna lortzeko; aldaketa bizkortu behar dugu"
Aspegik lan handia egiten du prestakuntzan, networkingean eta ikusgarritasunean. Zer prestakuntza edo networking ekimen berri dituzu buruan Gipuzkoako emakumezko enpresari eta zuzendarien sarea indartzeko?
Emakumeen profil guztiek (profesionalek, zuzendariek eta enpresaburuek) jarduera interesgarriak aurkitzea lortu nahi dugu. Gure lantaldeak ahalegin handia egiten du gure bazkideen egungo joerak eta beharrak ezagutzeko, haien itxaropenak betetzen dituzten ekimenak planteatzeko. Ildo horretan, 2026rako ekintzen eskaintza planifikatzen ari gara, eta jarduerak eta harreman-dinamikak bultzatuko ditugu, emakume gehiagok sare profesional ona izan dezaten, beren ibilbide profesionalari bultzada eman diezaieten.
Ibilbide profesional nabarmena duzu (aholkularitza, multinazionalak, enpresa-sorkuntza...), nola eragingo du eskarmentu horrek elkartearen buru gisa duzun rolean?
Alde batetik, ordezkatzen ditudan emakume askorekin identifika naiteke, nire bizitza profesionaleko uneren batean haiek jasaten ari diren egoeretan egon izan naizelako. Besta aldetik, nire egungo lanbidea enpresetan estrategiatik eta pertsonetatik abiatuta, antolamendu-aldaketak bultzatzea da. Rol horrek, aurreko zuzendaritzarekin eta hainbat sektoretako enpresen kudeatzaile izatearekin batera, ikuspegi globala eta estrategikoa ematen dit, behar ditugun aldaketak bizkortzeko. Emaitzak axola zaizkion profesionala naiz, eta ahaleginak egingo ditut Aspegin emaitzak lortzeko, etorkizuneko emakume gazte guztientzat.
Genero-arrakalak (batez ere zuzendaritza karguetan eta sektore teknologiko / industrialetan) handia izaten jarraitzen du. Zuk diozu ezin dugula 20 urte itxaron enpresetan benetako berdintasuna lortzeko. Zeintzuk dira, zure ustez, aldaketa hori azkartzeko oztopo nagusiak eta nola uste duzu Aspegik horiek gainditzen lagundu dezakeela?
Izan ere, hitza "oztopoak" da. Emakumeok benetako labirinto bat zeharkatu behar dugu zuzendaritza-postuetara iristeko eta jatorri ugari dituzten oztopoak gainditzeko. Besteak beste, arrazoi kulturalak, lidergo-estilokoak, jarduera maskulinizatuak, amatasunaren itxaropena eta errealitatea... Ez da aldagai bakarra eta, beraz, konplexua da. Horrek ez du aitzakia izan behar, aktibatzeko eta irtenbideak proposatzen jarraitzeko akuilua baizik. Jakina, gauzak lortu ditugu, baina oraindik lan asko dugu. Horregatik, datozen lau urteetarako gure lan-ildoetako bat gure lurraldeko benetako egoera eta kausak aztertzea izango da.
"Emakumeok benetako labirinto bat zeharkatu behar dugu zuzendaritza-postuetara iristeko eta jatorri ugari dituzten oztopoak gainditzeko"
Gipuzkoako enpresa-ekosistemari lotuta dago elkartea: nola ikusten duzu enpresaburuen, erakunde publikoen eta unibertsitateen arteko lankidetza emakumearen eta enpresaren ekosistema indartzeko?
Aspegi elkarte irekia, plurala eta elkarlaneko DNA duena da. Horregatik, ziur gaude lankidetzatik aurrera egitea lortuko dugula; hori da gure abiapuntua. Aipatzen dituzun organismoekin harremanak bikainak dira ekosistema hori bultzatzeko. Elkartea dagoeneko Gipuzkoako ekonomian eragina duen eragilea da, eta, zalantzarik gabe, nire nahia inpaktu hori handitzea eta gero eta ezagunagoak izatea da.
Eraldaketa digitalaren eta pandemiaren osteko erronken une honetan, zer eskumen dira garrantzitsuenak Gipuzkoan zuzendaritza karguetara iritsi edo ekintzaile izan nahi duten emakumeentzat? Nola babes ditzake elkarteak bide horretan?
Gero eta beharrezkoagoa da lidergo eraldatzaile bat, hainbat gaitasun dituena, hala nola, entzutea, enpatia eta malgutasuna. Gainera, ezinbestekoa da adimen artifizial generatiboko tresnekin lan egiten jakitea eta ulertzea.
Garapen profesional baten bila bazabiltza, gainera, sare profesional on bat, laguntza edo mentoringa eta irauteko adorea emango dizuten pertsonak behar dituzu. Aspegik ekimen ugari ditu horri guztiari aurre egiteko: prestakuntza, garapena, sarea eta laguntza.
Jasangarritasuna funtsezko ardatza da dagoeneko enpresa-garapenean. Nola uste duzu bultza dezakeela elkarteak emakumeen lidergoa eta negozio-eredu jasangarriak barne hartzen dituen erakunde bat?
Aniztasuna bisioarekin lehiarako abantaila bihurtzen da. Aniztasunak berrikuntza, malgutasuna eta antolaketa-erresilientzia sustatzen ditu, eta, beraz, enpresen lehiakortasuna handitzen du. Guk errealitate hori Gipuzkoako enpresa eta erakundeei ikusarazten ahalegintzen gara eta hala izan dadin lanean jarraituko dugu. Ikusten ez dena ezin delako konpondu.
"Beste eragile eta erakunde batzuek aldaketaren bidean aurrera egiteko funtsezko faktorea garela sinestea gustatuko litzaidake"
Nazioartekotzea erronka bat da enpresa askorentzat. Elkarteak ba al du kanpora irekitzea erraztuko duen plan edo aliantzarik?
Aspegin lankidetza estua dugu Gipuzkoako Merkataritza Ganberarekin, sinatutako hitzarmen baten bidez zigilatua. Akordio horren helburua da gure bazkideen artean ganberak garatzen dituen jarduerak sustatzea, eta, zehazki, nazioartekotzeari buruzko ildoak daude.
Epe ertainera begira (4-5 urte), zer adierazle edo emaitza zehatz lortu nahi zenituzke elkartearen buru zaren bitartean “etapa hau arrakastatsua izan da” esateko gerora?
Jakitun naiz aurrean dugun erronka zaila dela, eta lau urteren buruan agian ez dugula gizarte osoak ikusteko moduko aldaketa esanguratsurik ikusiko. Baina funtsezko hiru adierazle daude: lehenik, bazkide kopurua eta aniztasuna. Gehiago bagara, ahots gehiago izango dugu, eta askotarikoagoak bagara, eragin handiagoa izango dugu; bigarrenik, Gipuzkoako enpresetako zuzendaritza-postuetan dauden emakume kopurua: handitzea gustatuko litzaidake eta, esan dudan bezala, horretan ari gara lanean; eta, hirugarrenik, beste eragile eta erakunde batzuekiko lankidetza. Aldaketarako eragile bultzatzaile izan gaitezkeela uste dut, eta beste eragile eta erakunde batzuek aldaketaren bidean aurrera egiteko funtsezko faktorea garela sinestea gustatuko litzaidake.