• EKONOMIA
  • Ekilore olioaren berpizkundea Euskal Herrian

Ekilore olioaren berpizkundea Euskal Herrian

Ukrainako ekilore olioaren eskaintza jaistearekin batera, euskal ekoizleentzat salmentak igo egin dira, eta nafar nekazari askok, artoaren ordez, ekilorea landatzea erabaki dute

Argazkia: INTIA
Argazkia: INTIA
bb 20231002374527
EnpresaBIDEAko negozio zuzendaria
2022eko ekainaren 9a
Eg. 2022eko ekainaren 9a

Ukrainaren inbasio errusiarraren astinaldia ez da gasolindegietan, fabriketan eta supermerkatuetan bakarrik nabaritzen ari. Landa-ingurunera ere iritsi da, eta Euskal Herriko nekazari eta ekoizleek erne jarraitzen diote nazioarteko egoerari, astez aste egoera aztertu, eta euren erabakiak hartzen joateko.

 

Iaz, Espainiak inportatutako ekilore oliotik %62 Ukrainatik zetorren, 368.323 tona, 422,15 milioi euroren truke. Egoera horrek udaberri honetan udako labore batzuetan eragina izan du Nafarroako landetan, besteak beste, ekilorea landatzea. Azken bi hamarkadetan ia bazterturik egon den labore hau 2022an itzuliko litzateke, indar nabarmenez, duela urte asko eduki ez zuen espazioa eta lursailak berreskuratuz.

  Amaia Caballero: “Artoa ekoizteko muga horretan zeudenek zenbakiak egin behar izan dituzte gure teknikariekin, batzuk arriskatu egin dira eta beste askok ekilorea jartzea erabaki dute”

INTIA sozietate publikoak, Nafarroan nekazaritza sektorea berritzen laguntzen duenak, baieztatu du nekazariek hamarnaka dei egin dituztela ekilorea lantzeko. “Zalantzak dituzten nekazarien dei asko jasotzen ari gara. Ureztalurretan udako labore bat erein behar duten nekazariak dira, eta urte normal batean artoa erein zezaketen pentsatu gabe, baina aurten desberdina da. Artoak, gutxi gorabehera, ekiloreak baino hiru aldiz ongarri nitrogenatu gehiago behar ditu, eta ura, berriz, bikoitza, gutxi gorabehera, partzelen eta kanpainaren meteorologiaren arabera”, esan du Amaia Caballero INTIAko teknikariak. Ongarrien prezioak gora egin du zerealaren kanpainaren hasieratik, eta Ukrainako gerraren egoerak are gehiago desorekatu du merkatua. Horregatik, beren lursailak errendimendu handia lortzeko baldintzak betetzen ez dituelako arto-uzta handia lortuko dutela argi ikusten ez duten nekazariak dira orain zalantza egin dutenak. Ekilorea ereiteak askoz gastu txikiagoa eragiten du hazian, ongarritzean, ponpatzean eta bestelako produktu fitosanitarioetan. “Artoa ekoizteko muga horretan zeudenek zenbakiak egin behar izan dituzte gure teknikariekin. Batzuk arriskatu egin dira eta beste askok ekilorea jartzea erabaki dute”, gehitu du Caballerok.

 

XX. mende amaierako beherakada

Udaberri honetako ezustekoa izan da. Ekilorea Nafarroako udako paisaiaren parte izan zen, batez ere 80ko hamarkadaren amaieran eta 90eko hamarkadaren hasieran. Europako diru-laguntza eskuzabalek, garai hartan Espainiara emari modernizatzaile gisa iristen zirenek, haien ereintza eta laborantza bultzatu zuten oso leku desberdinetan. Baina garaiak aldatu egin ziren. Nekazaritzako Politika Bateratuaren ondorengo erreformek gero eta lehentasun handiagoa eman zioten nekazaritzako azaleraren benetako aprobetxamenduari, eta ondorioz, ekilorea lurra galtzen hasi zen. Mende amaieran 15.000 hektarea baino gutxiago zeuden; 2001. urtean 10.000 hektarea baino zertxobait gehiago ziren, eta erdira erori ziren berehala. UAGN Nafarroako nekazal eta abeltzain elkartearen arabera, 2021ean 4.500 tona ekilore ekoitzi baziren, aurten 5.200 jasotzea aurreikusten dute. Ekilorea urrezko aroa berreskuratzen ari dela dirudi.

Iñaki Martinezek Baldorbako Amatriain herrian dituen lur eremuetan zerealak landu ditu azken urteetan: garia, garagarra, koltza, ilarra… Aurten aldiz, ekilorea landatzea erabaki du. “Urteak daramatzagu ekilorea zerealaren ordezko labore gisa erabiltzen, NPBk (Nekazarita Politika Komuna) laborearen errotazioa eskatzen baitu. Orain arte, lekadunekin eta koltzarekin egiten genuen. Gerraren ondorioz piparen prezioak gora egin duenez, askok aukera ikusi dugu ekilorearen aldeko apustua egiteko”, adierazi du.

UAGN Nafarroako nekazal eta abeltzain elkartearen arabera, 2021ean 4.500 tona ekilore ekoitzi baziren, aurten 5.200 izango dira jasoko direnak

Ekilore eskasia saihesteko asmoz, Europar Batasunak nekazariei erraztasunak eman dizkie gainera ekilorea landatu ahal izateko, eta lugorrian ereiteko aukera eman du. Hala ere, Martinezek erabaki honen aurrean itxurakeria salatu du. “Gizartean ondo geratzeko modu bat iruditzen zait, baina ez oso eraginkorra. Izan ere, azalera horren zati handi bat ez da egokia landatzeko, eta, gainera, Europako erabaki horren ondorioz lortuko den olioa ez da merkaturatuko 202k3ko erdialdera arte. Beraz, ezer gutxi konponduko du honek epe motzean”, azaldu du.

Hamasei urteko ibilbidea

Hamabost bat laborariren elkarlanetik sortu zen 2006an Nouste Ekilili kooperatiba, Ipar Euskal Herriaren eta Bearnoren artean. “Nouste”-k, bearnesez, “gure” esan nahi du. Europako laguntza batzuei esker, olioa itsasontzietako motorren erregai gisa saltzen hasi ziren lehen urteetan. Laguntzak bukatu zirenean, ordea, bide hori itxi eta beste zerbait bilatu behar izan zuten. 2014an ekilore olioa ekoizten hasi ziren.

Olioa egiteko prozesua eredu industrialetik erabat desberdina da. “Gure olioa oso sinpleki egina da”, dio Jean Jackes Prebendek, kooperatibako sortzaile eta egun lehendakari denak. Laborarietako baten etxaldean dute kooperatibako eraldaketa gunea, Gabadin. “Hasieran eskuz egiten genuen dena, baina orain bi makina ditugu, bata etiketak jartzeko eta bestea botilaratzeko”, kontatu du. Olioa egiteko prozesua eredu industrialetik erabat desberdina da: xehatzerakoan, hazia hotza dago kooperatibaren kasuan. “Eredu industrialean hazia berotu egiten dute, modu horretan olio gehiago ateratzen dutelako”. Berotzearekin, ordea, olioaren propietate ugari ere galdu egiten direla dio Prebendek. “Guk hotzean tinkatu eta hilabete eta erdi uzten dugu olioa. Orduan, sortzen diren zikinak kendu, eta kito”, dio.

Jean Jackes Prebende: “Geroz eta ostatu, denda gehiago guregana etorri dira baina ezin diegu denei baikorki erantzun, ez baitugu produktu aski ekoizten”

Gerraren ondorioz ekilore olioaren eskasia antzeman dela esan du, bai Frantzian, baita Euskal Herrian ere. Prebenderen esanetan “olio eskaerak ukan ditugu Euskal Herri eta Frantzia osotik (Paris, Marseilla, Lyon...). Geroz eta ostatu, denda gehiago guregana etorri dira, eta haien eskaera handitu dute, baina ezin diegu denei baikorki erantzun, ez baitugu produktu aski ekoizten”. Ekililin gainezka daude: “Une honetan ezin ditugu bezero berriak edota eskaera handiak onartu”, gaineratu du Prebendek.