
Pandemiaren eragina hainbat merkatutan nabari da oraindik, ezohiko egoera horrek gorabehera ugari sortu baitzituen Euskal Herriko ekonomian. Mahasgintza sektorea da honen adierazle, egoera konplexua bizi duelako egun. Arabako ekoizpena joera beherakorrean dago 2020 urte hartatik, eta inflazioaren eragina zein lehortea bilketa zein salmenta murrizten du.
Guardiako Ardoaren Etxeko Mahastigintza eta Enologia zerbitzuak kaleratutako azken txostenean, lehorteak eragindako eragina ikertu dute, baita bilketaren aurreikuspenak aztertu ere. Azken asteko euritea ongarria izan dela dio txostenak, mahastien heldutasun prozesuan eragin positiboa izan duena. Tenperatura leunak, neurrizko euriteak zein egunaren eta gauaren arteko anplitude termikoak uztaren kalitatea egokia izateko prozesuan lagunduko duela argitu du idatziak. Heldutasun prozesua jarraitzeko laginketa azterketa jada hasi dute Ardoaren Etxeko profesionalek.
Jesús Gonzalez: "Ez dakit aldaketa klimatikoa den edota zikloak diren, baina azken urteetan bilketa aurreratu egin izan dugu”
Arabako mahats bilketa epea aurreratzen ari dela dio Jesus Gonzalez mahastizainak. Bodegas Gonzalez Teso upategia darama Bastidan. Aurreko urtean irailaren 20an hasi zuten mendema, eta aurten egun batzuk beranduago izatea espero dute: “Ez dakit aldaketa klimatikoa den edota zikloak diren, baina azken urteetan bilketa aurreratu egin izan dugu”. Hartzidura egoki bat izateko, bilketa “fresko” bat eman behar dela dio upategiko jabeak, 13 edo 15 gradu ingurukoa. “Aurreko urtean 28 eta 30 bitarteko tenperaturarekin jaso genituen mahatsak”, nabarmendu du.
Lehorteak bilketan eragina izaten ari da, landaredia sufritzen ari delako. “Mahastia begetazio gutxiago izaten ari da, eta horrek estres hidrikoa eragin dio”. Horrela, mahats mordoak txikiagoak geratu direla dio mahastizainak. Hori gutxi balitz, Bastidan harritea erori da eta horrek mordoak kaltetu ditu. Era berean, eguraldiaren garrantzia nabarmendu du bilketa prozesuan: “Gauaren eta egunaren arteko tenperatura aldaketa nabarmenak mordoen heldutasun egoki bat eragiten dute”. Baina urte honetan, aurreko urtearen antzera, oszilazio gutxi ematen ari da goizetik gauera.
Jesús Gonzalez: “Ez da berdina hamar seme-alabari jatekoa ematea edota soilik hiruri, janari bera izanda. Hori gertatzen ari da mahatsondoekin”
Egoerak ez du soilik albiste txarrak eragin bada. Aurten, Gonzalezek uste du ardo ona ekoiztuko dela: “Ekoizpen gutxiago egongo denez, bilketa bikaina izango dela uste dugu, mahats mordoak heltzeko aukera ona izango dutelako”. Ekoizpena hobeto kontzentratzen da gutxiago egonda, eta horrek mahats mordoen kalitatea handitzen du. “Mahatsondoa guraso modukoa da, haren seme-alabei jatekoa eman behar diona”, mahaigaineratu du. “Ez da berdina hamar seme-alabari jatekoa ematea edota soilik hiruri, janari bera izanda. Hori gertatzen ari da mahatsondoekin”.
Amaierako produktua, ona
Adibideak adibide, amaierako produktua egokia izango dela aurreikusi du Gonzalezek, nahiz eta mahatsen salmentak behera egin izan. “Pandemia garaitik, hainbat upategik stock ugari dute pilatuta, ezin saldu”. Ekonomia lotu zeneko ekoizpen guztia dute oraindik saltzeke. Hori dela eta nekazariei ez diete mahatsik erosten, eta erosten baldin badie merkeago egiten dute. “Nekazariek egoera konplexua bizi dute, ekoizpen kostuek eta salmenta kostuak ia-ia berdinak direlako haientzat”. Upategiek ere egoera “konplexua” dute adituaren esanetan, ardoaren salmenta inflazioa dela eta behera egin duelako. Bai nekazariak, bai upategiak “krisialdian” daudela dio Gonzalezek.
Egoera hobetze aldera, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Mahastien Kontseilu Arautzaileak politika jakin batzuk kaleratu dituzte erantzun gisa. “Laguntza publikoak ematen ari zaie nekazariei ekoizpena murriztu dezaten merkatuaren mesedetan”, azpimarratu du Gonzalezek. Izatez, 0,76 zentimora erosten ari dira mahats alea, ostera horiek lurrera botatzeko, upategiek ez dituztelako nahi. “Mahats bilketa berdean egiten ari dira dirulaguntza jasotzeko, eta horrela merkatuaren egoera ahal den heinean hobetzeko”.
Upategiek destilazioari bideratutako laguntzak jaso dituzte. Metatuta dituzten stock horiek guztiak horiek “garbitzen” hasteko helburua dute
Bestalde, upategiek destilazioari bideratutako laguntzak jaso dituzte. Metatuta dituzten stock horiek guztiak horiek “garbitzen” hasteko helburua dutela dio mahastizainak, merkatua eta ekoizpena berriz ere orekatzea lortzeko. Egoera korapilotsua dute sektoreko profesionalek, baina baikor ageri da Gonzalez: “Igoerak eta beherakadak bizi ditugu hainbat sektoretan; beste krisi bat izatea espero dugu, besterik ez”.
Nafarroan bilketa abian
Bere aldetik, Nafarroako bilketa ere inoiz baino lehenago hasi da, abuztuaren erdialdean hasi baitzuten. Arrazoiak Arabaren kasuko bertsuak dira: tenperatura altuak eta lehortea. Urtero bezala, Erriberabeitia eskualdean hasi da bilketa, eta mahats barietate goiztiarrenak jasotzen hasi dira, hau da, chardonnay eta piko moskatela, azken hau eskualdeko ardo gozoak egiteko erabiltzen dena. Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko Mahastizaintza eta Enologia Atalak egindako lehen kalkuluen arabera, jatorrizko deiturako 66 milioi kilo mahats inguru bilduko dira aurten, aurreko urtean bildutako uzta baino %10 bat gehiago.