Duela aste batzuk, Ekonomia Itunaren inguruko ezagutza eta iritzia aztertzen dituen inkestaren emaitzak argitaratu zituen Prospekzio Soziologikoen Kabineteak. Kabinetea Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu bat da, eta euskal gizartearen egoera eta etorkizuna aztertzea du helburu. Testu honetan, inkestaren emaitzak aztertuko dira; baina labur-labur esanda, aurkezpenean erakutsitako datuetatik bi ondorio nagusi atera daitezke: Ekonomia Itunaren ezagutza mugatua dela euskal gizartean, baina haren inguruko iritzia positiboa dela.
Inkesta 18 urte edo gehiagoko 1.230 pertsonei egin zaie: 303 pertsona Araban, 561 Bizkaian eta 366 Gipuzkoan. Inkestatuak sexuaren, adinaren eta lan egoeraren araberako kuoten bidez aukeratu ziren. Kabinetearen helburua, gai honen inguruan Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren ikuspegia ezagutzea izan da. Emaitzen txostena euren web orrialdean dago eskuragarri. Ekonomia Itunaren eta Foru Ogasunen Ikerketarako Agiritegiak azken urteotan egin dituen beste inkesta batzuekin alderatzea ahalbidetzen digu.
Historiaren errepaso azkarra
Ekonomia Ituna Euskal Herriaren finantzaketa-sistema propioa da, eta haren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Espainiar Estatuaren arteko zerga- eta finantzaketa-harremanak ezartzen dira. Ituna III. Karlistaldiaren bukaeran sortu zen, XIX. mendearen amaieran, alderdi karlistaren porrotak Foruen indargabetzea eragin zuenean.
Ekonomia Ituna euskal autogobernuaren oinarri gisa hartzen da
Hasieran, denboraldi baterako neurri gisa ezarri zen, Espainiako Erreinuak euskal lurraldeetan zerga-bilketarako ahalmena lortu arte iraungo zuena. Akordio horren bidez, aldundiek tributuak kudeatzen jarraitu zuten, Ogasun Ministerioari hark bildu ahal izango lukeena konpentsatuz. Denborarekin, espainiar zerga-administrazioek ezin izan zuten helburu hori lortu; ondorioz, euskal eta espainiar gobernuek Itunaren berrikuntzak adosten jarraitu zuten, hasieran aldi baterako izaera izan arren. Berrikuntza horiek gaur egun arte iraun dute, garai frankistaren salbuespenarekin; eta 2002tik aurrera Ekonomia Ituna lege bidez onartuta dago, izaera mugagabea lortuz.
Ekonomia Ituna euskal autogobernuaren oinarri gisa hartzen da, eta mundu osoan aurki daitezkeen nazio-azpiko autonomia kasuen artean, Euskal Herriko eredua paregabea da. Ezaugarri horiek kontuan hartuta, euskal gizarteak Itunaren historia eta garrantzia ezagutzea espero liteke. Hala ere, inkesta honek ondorio hori neurri batean zalantzan jartzen du. Jarraian aurkezten dira Prospekzio Soziologikoen Kabineteak lortutako emaitzak.
Itunaren ezagutza mugatua
Inkestatuen artean, %60k Euskal Ekonomia Itunaren berri izan du noizbait. Datua 2013an eta 2008an egindako inkesten emaitzetara hurbiltzen da: urte horietan emaitza %62 eta %61ekoa izan zen, hurrenez hurren. Horrez gain, 2002ko, 2001eko eta 1999ko emaitzak hobetzen dira.

Ezagutza hori talde sozial desberdinetan aztertzean, hainbat desberdintasun agertzen dira. Lurralde historikoen arabera, Araban dago ezagutza handiena (%64), Bizkaiarekin parekatuta (%63); Gipuzkoa, aldiz, batez bestekoaren azpitik dago (%53).
Sexuaren arabera ere alde nabarmena dago: gizonek gehiago entzun dute Ekonomia Itunari buruz (%69) emakumeek baino (%51). Adinari dagokionez, joera argia da: adinean gora egin ahala, ezagutza-maila ere handitzen da. Gazteenek (%46) ezagutza txikiagoa dute; adinekoen taldean, %68k dute ezagutza.
%60k Euskal Ekonomia Itunarien berri izan du noizbait. Datua 2013an eta 2008an egindako inkesten emaitzetara hurbiltzen da
Dena den, ezagutza maila zehaztasunez neurtzeko, galdera osagarriak egin dira. Ekonomia Itunaren berri dutenen artean, %73k dio zerbait ezagutzen duela, %17k asko ezagutzen duela eta %9ak ezer ez dakiela aitortu du. Horrenbestez, ezagutza orokorra mugatua dela ondoriozta daiteke.
Bestalde, inkestatuen %68k badaki zerga nagusiak Foru Aldundiek biltzen dituztela; datu positiboa da, aurreko urteekin alderatuta hobekuntza erakusten baitu.

Babes zabala eta goranzko joerarekin
Jakintza maila mugatua bada ere, Ekonomia Itunaren balorazio orokorra positiboa da, adin, ideologia eta beste faktore batzuk alde batera utziz. Euskal gizartean Itunak kontsentsu maila oso altua dauka. Inkestatuen gehiengoak garrantzi handia edo nahikoa ematen dio, eta datu historikoekin alderatuta, argi ikusten da balorazioaren bilakaera goranzkoa dela azken urteetan. Horrek erakusten du Itunaren pertzepzio soziala ez dela estatikoa, baizik eta denboran zehar sendotzen joan dela.

Halaber, gehienek Ituna onuragarritzat hartzen dute. Oso gutxik jotzen dute kaltegarritzat, eta azken urteetan pertzepzio positiboak indartu egin dira. Balorazio kuantitatiboari dagokionez, inkestatuen batez besteko puntuazioa 7 inguruan kokatzen da, eta antzeko maila erakusten du Itunarekiko identifikazio subjektiboak ere. Datu horiek guztiek adierazten dute Ekonomia Itunak ez duela soilik onarpen zabala, baizik eta egonkortasun eta sendotasun sozial nabarmena ere baduela.
Adostasun zabala: autogobernua indartzen du
Ekonomia Itunak autogobernuan duen garrantziari dagokionez, adostasun handia dago. Inkestatuen %87k uste du autogobernuari mesede egiten diola, %5ek kalte egiten diola eta %2k ez duela eraginik.
Mesedegarritzat jotzen dutenen artean, arrazoi nagusia erabakitzeko eta kontrolerako gaitasun handiagoa izatea da. Beste arrazoi batzuk ere aipatzen dira, hala nola ekonomia hobetzea edo baliabideen kudeaketa eraginkorragoa izatea.
Inkestatuen %87k uste du autogobernuari mesede egiten diola, %5ek kalte egiten diola eta %2k ez duela eraginik
Aitzitik, kaltegarritzat jotzen dutenen artean, gehienek uste dute Espainiako Gobernuari gehiegi ordaintzen zaiola. Halaber, beste arrazoi batzuk ere aipatzen dira, tartean akordioak ez betetzea edo kudeaketa txarra.
Etorkizunari begira, inkestatuen gehiengoak autogobernu-maila handiagoa nahi du, eta gutxiengo batek soilik maila txikiagoa.

Ondorioa, erronka partekatua
Inkestaren emaitzek erakusten dute Ekonomia Itunaren ezagutza oraindik mugatua dela, nahiz eta azken urteetan hobekuntza izan. Aldi berean, balorazioa eta onarpena oso positiboak dira.
Horrek kontraesan interesgarri bat agerian uzten du: ezagutza mugatua izan arren, Itunak babes sozial handia du. Horregatik, bere ezagutza zabaltzea funtsezkoa da etorkizunean ere bere legitimitatea indartzeko.
Norabide horretan, gizarte-eragile guztien inplikazioa funtsezkoa da. Ituna Agiritegian (EHU), helburu horretan lan egiten da Ekonomia Itunaren ezagutza sustatuz, informazioa sistematizatuz eta zabalduz, haren garrantzi instituzionala azalduz, eta ikerketa lerroekin zerikusia duen ikertzaileentzako topagune eta erreferentzia gunea bilakatuz. Horrela, ezagutza akademikoa eta gizartearen ulermena uztartzen dituen zubi lana indartzeko helburuarekin.