2022. urtean Lea-Artibai eskualdeko garapen ekonomikorako plangintza estrategikoa definitu zuten eskualdeko hainbat eragile publiko eta pribaturen artean. 2030era begirako estrategia horretan, garatu beharreko 5 proiektu traktore adostu ziren. Proiektu horietako batek ekonomia urdina du ardatz, itsasoa oinarri duten negozio jasangarriak sustatu, erakarri eta lehiakorragoak egiteko.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
“Azken 20 urteetan arrantza sektorea osatzen duten enpresekin bertatik bertara lanean ibili gara: nazioarteko misioak egin ditugu, negozio ereduetan berrikuntza txertatzen lagundu dugu, jasangarritasuna eta digitalizazioarekin lotutako proiektuak ere sustatu ditugu, eta orain, ekonomia urdineko egitasmo honen baitan, itsasoarekin lotutako balio kate berriak ere sortu nahi dira”, adierazi du Ainhoa Arrizubietak, Leartibai Fundazioko zuzendari nagusiak. Helburu horri erantzuten dio 2030era begira diseinatu duten ibilbide orriak.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzako arrantza sailak definitu duen Euskadi Urdina estrategiaren baitan kokatzen da Ondarroako ekosistema, horrek proiektuari beste pisu edo entitate bat ematen dio, eta elkarlanerako aukerak zabaltzen ditu.
Industria, ekonomiaren ardatza
Eskualdearen berrindustrializazioa proiektuaren erronkarik garrantzitsuenetarikoa da, Lea-Artibai industriala baita. 10.611 lanpostu badaude, ehorietatik %41 industrian eta zerbitzu aurreratuen sektoreko 285 enpresetan banatuta daude. “Industria da gure ekonomiaren ardatza, baina sektore honen pisua jaisten joango dela aurreikusten dugu; baditugu horren zantzuak, eta industria ehuna indartu eta balio kate berriak sortzea beharrezkoa dugu”, aldarrikatu du Arrizubietak.
Balio kate berri horiek sortzeko dituzten gaitasunetan oinarritu beharra dago, eta argi dago eskualde horren bereizgarritasun garrantzitsu bat itsasoa, eta hari lotuta duten ezagutza eta erakunde sarea dela. Horren adierazgarri eskualdeko balio erantsiaren %9,5 ekonomia urdinetik eratorria izatea, gaur egun gehiena arrantza sektoretik, hori ere egiturazko beherakadari aurre egin nahian.
“Industria da gure ekonomiaren ardatz, baina sektore honen pisua jaisten joango dela aurreikusten dugu"
Beraz, industriaren pisu galerari, eta konkretuki arrantza sektorearen pisu galerari, aurre egiteko helburuarekin beharrezkoa dute ekonomia urdineko estrategia bultzatzea.
Ondarroako portua Fishinn proiektuaren baitan
Bizkaiko Foru Aldundiaren (BFA) Ekonomia Sustatzeko departamentua bidelagun izan dute ibilbide guztian zehar, eta azken urteetan Interreg Atlantic Area programaren bidez FISHINN deituriko proiektua garatu ahal izan dute, Portugal, Frantzia eta Irlandako hainbat eragilerekin batera.
Proiektu horrek bultzada handia eman die: eskualdeko ekonomia urdineko eragileen gaitasunak, erronkak eta aukerak identifikatu dituzte, Atlantiko arloan martxan dauden praktika onak ezagutzeko aukera izan dute, eta Ondarroako portuan garatu nahi duten ekonomia urdineko ekosistemaren oinarriak ezartzen lagundu die.
Hiru lan arlo buruan
Momentu honetan hiru lan arlo nagusi dituzte eta haien garapenean lan egiten ari dira. Lehenik eta behin, arrantza sektorearen lehiakortasunean eragitea: azken 20 urteetako bideari jarraituz, eskura dituzten baliabide eta tresna guztiak jartzen dira gaur egungo arrantza katea osatzen duten enpresen esku. Beraiekin Bizinfish deituriko proiektu markoa dute, eta aurrerantzean ere lankidetza hori mantentzea da helburua.
Bigarrenik, ekonomia urdineko enpresen sorrera eta erakarpena. “Azken urte eta erdian esfortzu handia egiten gabiltza lan lerro honetan, beste eremu geografiko batzuetatik gurera etortzeko interesa duten enpresak erakarriz”, esan du Arrizubietak. Horren adierazgarri da Ondarroako Portura Ocean Econstructures Kataluniako enpresak ekarri duen produkzio zentroa. Enpresa berrien sorrerari dagokionez, Leartiker zentro teknologikoaren eskutik ari dira lanean.
Lea-Artibai eskualdea, eta bereziki Ondarroako portua, ekonomia urdineko egitasmoak bultzatzeko ekosistema erakargarria izatea nahi dute, posizionamendu sendoarekin
Eta azkenik, berrikuntza irekia, ezagutza eta talentua: definizio fasean duten ildoa da hirugarren hori. Ekonomia urdinaren inguruko harreman sarea sendotu, ezagutza elkarbanatu, berrikuntza proiektuak garatu, eta talentua sortzeko helburuari erantzungo dion lerroa.
Ekonomia urdina bultzatzeko ekosistema
Ekonomia urdina ez da sektore bakar bezala definitzen, haren barnean hainbat sektore jasotzen baititu, itsasoarekin zerikusia izan dezaketen guztiak, hain zuzen ere. Zeharkako eremu bat dela esan dezakegu. Beraz, bere baitan hartzen dituen sektoreen egoera oso desberdina izan daiteke: arrantzak egoera estua bizi duen bitartean, bioteknologia edo energia arloan aukerak sortzen ari dira.
Lea-Artibai eskualdea, eta bereziki Ondarroako portua, ekonomia urdineko egitasmoak bultzatzeko ekosistema erakargarria izatea nahi dute, posizionamendu sendoarekin. Horretarako, Arrizubietaren arabera, eskualdeko eragile askoren arteko lankidetza beharrezkoa da, besteak beste, Leartiker, Ondarroako arrantza eskola eta arrain lonjako entitate desberdinak, Mutrikuko akuikultura eskola, eta Lekeitioko eta Ondarroako udalak.
“Guztiok banaka ditugun baliabideak ekosistema honen eskura jartzeko hautua egin dugu. 20 kilometroko eremu batean, bertara etorri nahi duten enpresentzat hainbat baliabide eskura jarriz. Horren guztiaren kudeaketak bere zailtasunak dakartza”, gehitu du Arrizubietak.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta