Ekonomiak larritzen gaitu

Arazo ekonomikoak dira euskal gazteok gehien arduratzen gaituen gaia. Hala erakusten du Gurea Geroa izeneko makro inkestan oinarritutako txostenak

Xabi Murua Gure Geroa txostenaren aurkezpenean | Argazkia: Utzitakoa Xabi Murua Gure Geroa txostenaren aurkezpenean | Argazkia: Utzitakoa

Emantzipatzea, lan merkatura sartzea edota lan duin eta kalitatezko bat edukitzea dira euskal gazteon artean atsekabe handiena sorrarazten diguten gaiak. Ekonomiari buruzko arazo horiek dira, kontu politiko edo beste hainbaten gainetik,  16 eta 35 urte arteko pertsonen egunerokotasunean ardura handiena pizten dutenak. Egoera hau Gurea Geroa izeneko makro inkestan oinarritutako txostenak jasotzen du. Osoigo Next plataformak eta PlayGround komunikabideak, Laboral Kutxaren babesarekin, Hego Euskal Herriko 4.500 gazte ingururi egindako galdeketa da, eta azaroan Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuten. Ekonomiaz gain, politika, hezkuntza, euskara, kultura eta osasuna bezalako gaiei buruz ere galdetu zaigu.

16 eta 35 urteko galdekatutakoen artean, %55ak familiaren etxean bizi dela dio. Halaber, etxetik aldentzean, jabetzako etxebizitza gutxiengoen aukera da

Gurea Geroa txostenaren arabera, adinez nagusi izan arren, gazte gehienok gurasoen etxean bizi gara oraindik, eta independizatzen garenean, errentan edo partekatutako etxebizitza batean egiten dugu, batez ere udalerri handietan. 16 eta 35 urteko galdekatutakoen artean, %55ak familiaren etxean bizi dela dio. Halaber, etxetik aldentzean, jabetzako etxebizitza gutxiengoen aukera da, eta gehiengoak etxebizitza partekatua edo errentaren aldeko hautua egiten du. Inkestaren arduraduna den Xabi Muruaren esanetan, emantzipatzeko gazteok ditugun zailtasunak ikusita, aipagarria da etxebizitza eredu alternatiboak bilatzen dugunon ehunekoa. “Gazteen %11 beste modu batera biziko litzateke, ez familian edota bakarrik, ez jabetza edota errentan ere. Etxebizitza kooperatiboetan, adibidez”, azaldu du.

Gure Geroa txostenaren aurkezpena Eusko Legebiltzarrean | Argazkia: Utzitakoa
Gure Geroa txostenaren aurkezpena Eusko Legebiltzarrean | Argazkia: Utzitakoa

Gure balioak lanaren gainetik

Lanari buruz hitz egiterako orduan, malgutasuna zein duintasuna dira gazteon eskakizun nagusienak. Bizi dugun garaiarekin bat datozen lanak nahi ditugu gazteok. Galdekatutakoen %91k garrantzi handia edo nahikoa ematen diogu lanari, eta lan-mota aukeratu ahal izanez gero, %48ak lan modalitatea hibridoaren alde egiten dugu, hau da, lan modalitate presentziala eta telelana uztartzearen alde.

Xabi Murua: "Batez beste urte eta erdiro aldatzen dugu lanez, errotazio handia dago"

“Prest egongo zinateke zure lana uzteko, enpresak ez dituelako zure balioak sustatzen” galderari erdiak baino gehiagok (58%k) baiezkoa erantzun diogu. “Lanaren arabera” %34ak eta soilik %9ak diogu ezetz. Datua deigarria iruditu ahal zaigun arren, gazteon artean lan aldaketa ugari egiten ditugu: "Batez beste urte eta erdiro aldatzen dugu lanez, errotazio handia dago", nabarmendu du Muruak. Ez diogu, beraz, lan merkatuan egonkortasunari garrantzi handirik ematen. 

Ezkortasun begirada etorkizunera

Inkestan jorratutako gai askori modu ezkorrean begiratzen diogu euskal gazteok. Ustelkeriak, arazo sozialek, osasungintzak, genero desberdintasunak edo hezkuntzak arduratzen gaitu, besteak beste. Aitzitik, gehien kezkatzen gaituen gaia ekonomikoa da (%48), 31 urtetik aurrera bereziki (%59). “Nire lagun taldean ia ez dugu beste ezertaz hitz egiten. Lana eta etxebizitza”, dio Muruak. Makro inkestan bildutako iritziek lan merkatura sartzeko ditugun zailtasunak sorrarazitako kezka islatzen dute, eta behin merkatuan sartzen garenean, enpleguaren kalitatearekin zerikusia duten arazoak aipatzen dira.

Ustelkeriak, arazo sozialek, osasungintzak, genero desberdintasunak edo hezkuntzak arduratzen gaitu, besteak beste. Aitzitik, gehien kezkatzen gaituen gaia ekonomikoa da

Kultura eta euskarari buruz ere galdetzen da inkestan, eta are zehatzago, euskaldun izatearen kontzeptuari buruz. Tradizioarekin lotzen dugu gehienok euskara (%29), baina era berean, ehuneko esanguratsu batek lan etika, ahalegina eta konpromisoarekin (%19), berrikuntzarekin (%18) eta aniztasuna eta elkartasunarekin (%15) erlazio gehiago duela uste dugu. Muruak dionez, ekonomiarekin badute lotura kontzeptu hauek, eta interesgarria da etorkizunera begira berrikuntza, lan etika eta elkartasuna bezalako gaiak euskal izaerarekin lotzea.

Autogestio ekonomikorako formakuntza

Inkestan zehar ekonomiari buruz egiten den beste aipamenak hezkuntzarekin du lotura eta gazte askok helarazitako ideia da. Autogestio ekonomikorako formakuntza falta dagoela adierazten dugu, hala nola, nominak eta antzeko dokumentuak ulertzea, eta errenta aitorpena edota lan kontratuak kudeatzeko ezagutza eskuratzeko eskumenei garrantzi handiagoa eman behar zaiela aldarrikatzen dugu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK