Ekonomian ezker ala eskuin

Sistema ekonomiko bat gizarte batek ondasunak eta zerbitzuak ekoitzi, banatu eta kontsumitzeko erabiltzen duen antolakuntza eta metodologia da

Irudia: iStock Irudia: iStock

Gabonetan ziur denok eduki ditugula ekonomiari buruzko elkarrizketak. Bai ezagunekin, bai familiarekin eta baita parrandan ere. Azkenaldian Argentinan Javier Mileiren etorrerarekin gertatutakoak asko aztoratu du ekonomia mundua. Ikaragarri ona iruditzen zait mugimendua, horrek erakusten du ekonomiaren mugimenduak edozein biztanlerentzako funtsezkoak direla, eta hortaz, konturatzen ari garela dirudi.

Sistema ekonomikoen nondik norakoak hobeto ulertzeko ipuin batekin natorkizue. Baziren behin bi herrialde, Eguzkigune eta Ilargigune. Bi herrialde horiek mugak elkarbanatzen zituzten arren ekonomia alorrean zituzten ideiak eta pentsamoldeak erabat ezberdinak ziren. Bakoitzak bere sistema ekonomikoa inplementatuta zuen eta gustura bizi ziren bertako biztanleak.

Sistema ekonomiko bat gizarte batek ondasunak eta zerbitzuak ekoitzi, banatu eta kontsumitzeko erabiltzen duen antolakuntza eta metodologia da. Sistema ekonomiko horiek estatuaren esku hartzearen arabera sistema ekonomiko “eskuindar” edo “kapitalista”, eta “ezkertiar” edo “sozialista” bezala ezagunagoak dira. Estatuaren esku hartzea ekonomiaren barruan zenbat eta handiagoa izan, sistema “ezkeriarragoa” edo “sozialistagoa” izango dela esango da. Aldiz, estatuaren esku hartze maila txikiagoa izaten den heinean, sistema “eskuindar” edo “kapitalista” baten aurrean izango gara.

Eguzkigune kapitalista

Eguzkigune herrialde distiratsua zen: beti urdina zen zeruaren azpian, eguzkiak askatasun ekonomikoa adierazten zuen. Eguzkigunen sistema ekonomikoa kapitalista zen, hau da, enpresak eta norbanakoak ziren eragile ekonomiko nagusiak. Lehia izugarria zen, baina bidezkoa. Sistema ekonomiko horren funtzionamendu egokirako lehia oinarrizkoa da.

Lehia hori bidezkoa izateko merkatua desitxuratu zezaketen monopolio edo oligopolioen presentzia oso txikia zen. Eguzkiguneko gobernuak gertutik zaintzen zuen monopolioen eraketa, eta hala monopolioaren aurkako legeak sortu zituen, bidezko lehia bermatzeko. Erregulazio horrek enpresa bakar batek edo enpresa talde txiki batek industria oso bat kontrolatzea saihesten laguntzen zuen, bestela prezio bidegabeak eta ondasun eta zerbitzuen kalitatea gutxitzea sortu zitekeen. Eguzkigunen, lehia askea funtsezkoa zen berrikuntza bultzatzeko, eraginkortasuna hobetzeko eta kontsumitzaileei hainbat aukera eskaintzeko.

Eguzkiguneko herritarrek sendo sinesten zuten berrikuntzan eta lan gogorrean. Pertsona bakoitzak bere negozioa hasteko askatasuna zuen: negozio horien arrakasta merkatuaren beharrak asetzeko ahaleginaren eta trebetasunaren mende zegoen

Eguzkiguneko herritarrek sendo sinesten zuten berrikuntzan eta lan gogorrean. Pertsona bakoitzak bere negozioa hasteko askatasuna zuen: negozio horien arrakasta merkatuaren beharrak asetzeko ahaleginaren eta trebetasunaren mende zegoen, ez beste ezeren menpe.

Eguzkigunen, gobernuak garrantzi txikia zuen ekonomian. Oinarrizko zerbitzuak ematen zituen, hala nola segurtasuna eta osasuna, baina hortik haratago, merkatua bere kasa erregulatzeko aukera ematen zuen. Eguzkiguneko kapitalismoak askatasun ekonomikoa sustatzen zuen, baina desberdintasun nabarmenak ere bazituen. Aberastasuna eta aukerak ez zeuden modu uniformean banatuta: alegia, emaitza izan zen klase dirudun baten eta baliabide gutxiagoko langile klase baten sorrera.

Ilargigune sozialista

Bestalde, Ilargigunek, ilargi argi leun eta gozo batean bustita, ezkerreko ideiak islatzen zituen bere sistema ekonomiko sozialistaren bidez. Ilargigunen, gobernuak funtsezko industriak kontrolatzen zituen eta baliabideak banatzen zituen gizarte osoarentzat bidezkoena iruditzen zitzaionaren arabera. Egitura horrek bermatzen zuen herritar guztiek oinarrizko zerbitzuak izatea, hala nola hezkuntza, osasuna eta etxebizitza.

Ilargigunen, estatuko politikek mugatzen zituzten diru sarrerak eta ekonomian eta gizartean aurrera egiteko gaitasuna. Hala ere, horrek esan nahi zuen diru sarrera pertsonalak edo familiarrak nabarmen handitzeko aukerak mugatuak zirela.

Ilargigunen, estatuaren aurrerapena eta garapena, neurri handi batean, gobernuaren plangintzaren eraginkortasunaren menpe zeuden. Gobernua zen plangintza horren arduraduna, zer eta zenbat eskaintzen zen erabakitzeaz arduratzen zena

Ilargigunen, estatuaren aurrerapena eta garapena, neurri handi batean, gobernuaren plangintzaren eraginkortasunaren menpe zeuden. Gobernua zen plangintza horren arduraduna, zer eta zenbat eskaintzen zen erabakitzeaz arduratzen zena, sarritan erabaki labirinto batean aurkitzen zen herritarren nahiak era askotakoak baitziren.

Herrialde oso baten beharrak iragartzea ez zen lan erraza eta akatsak ohikoak ziren. Batzuetan, gauza gehiegi eta bestetan oso gutxi egoten ziren; horrela batzutan ezusteko eskasia edo gehiegikeriak sortzen ziren. Ilargiguneko gobernuaren bihotzean, burokrazia sustraiak zabaltzen ziren. prozesuak luzeak eta gogaikarriak ziren, eta, batzuetan, funtzionario batzuk ustelkeriaren tentazioan erortzen ziren, baliabideen gainean zuten botereaz baliatuz.

Irabazi pertsonalaren motibaziorik gabe eta norbanakoaren berrikuntzarako pizgarri gutxiago izanik, Ilargigunek, batzuetan, erronka handiak izaten zituen aldaketa teknologikoetara bizkor egokitzeko edo herritarren eskariak asetzeko. Horren ondorioz, ekonomia ez zen hain dinamikoa, eta hazkunde tasa motelagoa izan zezakeen, Eguzkigunerekin alderatuta.

Elkarrengandik ikasten

Nahiz eta ekonomikoki oso desberdinak izan, Eguzkigune eta Ilargiguneko liderrak batak bestearengandik ikasten ahalegintzen ziren. Eguzkigune bere gizartearen ongizaterako alderdi batzuen garrantzia aitortzen hasi zen eta ahulenak babesteko politikak ezartzen hasi zen, Ilargiguneren sistema ekonomikoan inspiratuta. Bien bitartean, Ilargigunek askatasun ekonomiko handiagoa sartzeko eta berrikuntza sustatzeko moduak bilatu zituen, Eguzkiguneko zenbait praktika ekonomiko adibidetzat hartuta.

Eguzkigune eta Ilargiguneren istorioa horrek erakusten du sistema ekonomikoek, kapitalistak edo sozialistak izan, eskuinekoak edo ezkerrekoak, ezaugarri bereziak dituztela, beren abantaila eta desabantailekin

Eguzkigune eta Ilargiguneren istorio horrek erakusten du sistema ekonomikoek, kapitalistak edo sozialistak izan, eskuinekoak edo ezkerrekoak, ezaugarri bereziak dituztela, beren abantaila eta desabantailekin. Funtsezkoena oreka eta etengabeko egokitzapena da, gizartearen beharrak modu zuzen eta eraginkorrean asetzeko. Honetarako komunikazioa ardatz hartuta.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK