• EKONOMIA
  • ELAk Nafarroan ere euskaraz negoziatzeko baldintzak bermatzea eskatu du

ELAk Nafarroan ere euskaraz negoziatzeko baldintzak bermatzea eskatu du

Sindikatuak Nafarroako Gobernuari bileretako dokumentazioa euskaraz ere aurkez dezan eskatu dio

Argazkia: ELA
Argazkia: ELA
2026ko uztailaren 29a - 14:29

Duela aste batzuk negoziazio kolektiboan euskara indartzeko asmoa iragarri ostean, ELAk urrats berri bat egin du Nafarroan. Sindikatuak Nafarroako Gobernuari jakinarazi dio hemendik aurrera sektore publikoko negoziazioak euskaraz ere egingo dituela, eta bileretan aurkezten den dokumentazioa bi hizkuntzetan egotea eskatu du. Era berean, irailaren 23rako UGT, CCOO, LAB eta CEN deitu ditu, hitzarmen kolektiboak euskaraz ere negoziatzeko baldintzak aztertzeko.

 

ELAren arabera, Nafarroan langileen lan baldintzak arautzen dituzten hitzarmenen negoziazioak gaztelaniaz egiten dira ia bere osotasunean. Sindikatuak salatu du Nafarroako Gobernuak ez duela sindikatuen eta patronalaren arteko negoziazioak errazteko itzulpen zerbitzu publikorik eskaintzen, eta horrek eragiten duela bileretan gaztelania nagusitzea. Ondorioz, sindikatuak dio euskaraz aritu nahi duten negoziatzaileek ez dutela horretarako aukerarik izaten.

Egoera horrek eragina du hitzarmen kolektiboetan bertan ere. Aztertutako 376 hitzarmenetatik hamahiruk (%0,03k) baino ez dute jasotzen euskaraz lan egin ahal izateko laguntzaren bat, eta horrek erakusten du euskaldunen hizkuntza eskubideek toki oso mugatua dutela lan arloan. Horregatik, sindikatuak proposatu du sindikatuek eta patronalak elkarrekin eskatzea Nafarroako Gobernuari negoziazioetarako itzulpen zerbitzu publikoak jartzea, "ELAk ez baitio uko egingo euskaraz aritzeari".

 

Sektore publikoari dagokionez, sindikatuak nabarmendu du egoera antzekoa dela, administrazioak bileretara eramaten dituen proposamenak normalean gaztelania hutsean aurkezten direlako. Horren aurrean, erakunde publikoei "aitzindariak" izatea eskatu die hizkuntza eskubideeak berma daitezen, eta berehalako neurriak hartzeko eskaria egin dio Nafarroako Gobernuari. 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain