ELAk azterketa berri bat argitaratu du euskararen egoerari eta negoziazio kolektiboari buruz. Prentsaurrekoan aditzera eman dituzte azterlanaren ondorio nagusiak, eta argi adierazi dute "euskarak gaztelaniaren menpe jarraitzen" duela Hego Euskal Erriko negoziazio kolektiboan.
Izan ere, 1.499 hitzarmen aztertu ditu sindikatuak, eta ondorioztatu da %83,19k ez duela neurrik zehazten lan esparruan euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko. Datuen arabera, hitzartutako hitzarmenen %5,07k baino ez du euskara plan bat jasotzen edo garatzea aurreikusten; %4,37k soilik eskaintzen du aukera euskara ikasteko lanaldiaren barruan; eta %1,66k dio kontratatzerako orduan euskara balioetsiko duela. Aztertu diren neurrietatik gehien aplikatzen direnak eukara ikasteko laguntza eskaintzea (%13,80k) eta paisaia linguistikoa arautzea (%16,81ek) dira, eta sindikatuak "erabat sinbolikotzat" jo ditu.
Gauzak horrela, ELAko kideak lan esparruan euskara arautzearen garrantziaz eta euskara ikastea lan eskubidetzat aitortzearen garrantziaz mintzatu dira. "Erabateko nagusitasuna irabazi duen hizkuntzaren erabilera neutralizatu egiten da eta beste hizkuntzen erabilera salbuespeneko gisa hartzen da, hizkuntz eskubideak parekatzeko arauak eta baliabideak egon ezean", nabarmendu du Negoziazio Kolektiboko arduradun Pello Igeregik.
Azterlana aurkeztearekin batera, sindikatuak iragarri du irailetik aurrera euskaraz negoziatuko dituela martxan dauden 27 hitzarmenak, eta LHK Lan Harremanen Kontseiluari exijitu dio beharrezko baliabideak jartzeko negoziazio mahaiak normaltasunez euskaraz egin ahal izateko. Itzulpen zerbitzurik egon ezean ere, ELAkoek euskaraz egiten jarraituko dute; izan ere, gaur egun "oso salbuesenez" egin daitezke negoziaketak euskaraz, ez dagoelako itzulpen zerbitzurik. "Sarri LHKko langileek beraiek egiten dute itzulpen lana, horretarako prestakuntzarik ez duten arren", gaineratu du ELAk.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta