• EKONOMIA
  • Enpresek irabaziak bikoiztu dituztela salatu du ELAk, langileek erosahalmena galdu duten arren

Enpresek irabaziak bikoiztu dituztela salatu du ELAk, langileek erosahalmena galdu duten arren

2008 urteaz geroztik ekonomia %22,5 hazi da; soldatak, aldiz, %2,9

Iazko urtekaria ere aurkeztu du sindikatuak | Argazkia: ELA
Iazko urtekaria ere aurkeztu du sindikatuak | Argazkia: ELA
2026eko martxoaren 9a - 12:47

ELA sindikatuak 2025eko urtekaria aurkeztu du gaur, baita Hego Euskal Herriko soldaten egoera aztertzen duen txosten bat ere. Martxoaren 17ko greba orokorrerako astebete geratzen den honetan, sindikatuak gogorarazi du langileek erosahalmena galdu dutela azken urteetan zehar, eta kontrara, enpresen irabaziak nabarmen handitu direla.

 

“Hazkunde ekonomikoa eta soldata geldialdia Hego Euskal Herrian” izenburua duen txostenean jaso dituzten ondorioak “sendoak” dira, “hainbat iturritan oinarritzen direlako eta norabide bera adierazten dutelako”, azaldu dute ELAkoek. Zenbatekoek zera adierazten dute: 2008. urteaz geroztik ekonomia %22,5 handitu da, baina soldatak %2,9 besterik ez dira igo. Gainera, enpresek duten irabazien marjina, batez beste, %7,47koa izatetik %13,24ra igo da, 2015. urtetik 2024. urtera bitartean.

Aitor Murgia ELAko Azterketa Bulegoko arduradunak defendatu du 2010 eta 2012. urtean Espainian onartu ziren lan-erreformek “soldata galera” ekarri ziela langileei, “oraindik ere berreskuratu ez dena”. Are gehiago, erreforma horiek soldatetan 1.940 milioi euroko murrizketak ekarri dituztela baieztatu du. Era berean, gogorarazi dute emakumeek gizonek baino gutxiago kobratzen dutela gaur egun: %12,8 gutxiago EAEn, eta %20,7 gutxiago Nafarroan; atzerritarrek ere %36,9 gutxiago kobratzen dute EAEn, eta %27,4 gutxiago Nafarroan.

 

Gauzak horrela, “aberastasuna hobeto banatzeko” bi aukera proposatu ditu ELAk: lan-harremanen esparru propio baten alde lan egitea, eta lantokietan sindikatuen presentzia indartzea.

2025eko urtekaria

Iaz lortutako 91 “garaipen sindikal” jasotzen ditu sindikatuaren urtekariak. “Garaipen horiekin, ELAk lan harremanen berezko esparru baten alde egiten du, praktika sindikalaren bidez”, adierazi du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak.