• EKONOMIA
  • ELAk dio Udalhitzeko proposamenak ez diela eskaera nagusiei erantzuten

ELAk dio Udalhitzeko proposamenak ez diela eskaera nagusiei erantzuten

EUDELek lehen aldiz proposamen idatzia aurkeztu duen arren, sindikatuak dio udal sektoreko eskaera nagusiek erantzunik gabe jarraitzen dutela

Argazkia: ELA
Argazkia: ELA
2026ko maiatzaren 29a - 15:57
Eg. 2026ko maiatzaren 29a - 16:16

Hilabeteetako negoziazioen ostean, EUDELek lehen aldiz aurkeztu du proposamen idatzia Udalhitzeko mahai negoziatzailean. ELAren esanetan, urrats hori azken hilabeteetan egindako mobilizazioen eta greben ondorio izan da, nahiz eta edukietan egindako aurrerapenak mugatuak direla iritzi.

 

Aurkeztutako dokumentuak hainbat neurri jasotzen ditu, besteak beste, aldi baterako ezintasun kasuetan soldataren %100 osatzeko aukera, lanaldiaren inguruko murrizketa batzuk, berdintasun planak lehen urtean martxan jartzea eta 20.000 biztanletik gorako udaletan ingurumen ordezkariaren figura sortzea. Hala ere, sindikatuak uste du proposamenak ez dituela sektoreko langileen aldarrikapen nagusiak asetzeko beharrezko neurriak biltzen.

ELAk salatu du soldaten igoerek ez dutela erosahalmena bermatzen eta karrera profesionalari lotutako neurriak atzeratuta eta mugatuta daudela. Horrez gain, kritikatu du ez dela benetako hobekuntzarik aurreikusten hautaketa prozesuetan, ezta belaunaldi erreleboa sustatzeko planik ere. Sindikatuaren arabera, dokumentuak ez du jasotzen lanaldia 32 ordura murrizteko aukerarik, ezta behin-behinekotasun handiari aurre egiteko neurririk edo subrogazio eskubidea bermatzeko konpromisorik ere.

 

Bestalde, ELAk gaitzetsi egin du EUDELek negoziazio mahaian landutako informazioa prentsara filtratu izana. Egoera horren aurrean, mobilizazioekin jarraitzeko deia egin du eta ekainaren 4rako deitutako greba “presio tresna nagusia” izango dela nabarmendu du, udal langileen lan baldintzetan aldaketak lortzeko helburuarekin.