Bizkaiko metalgintzako negoziazio mahaia abiatu da aste honetan, eta ELAko ordezkariek euskaraz egin dute soilik. Negoziazio kolektiboetan hizkuntz eskubideak bermatzearren, sindikatuak uztailean eskaria luzatu zion LHK Lan Harremanen Kontseiluari sektore mailako hitzarmenen negoziazioetan aldi bereko itzulpen zerbitzua martxan jar zezan, eta ELAk salatu du ez duela halakorik egin.
“LHK-k Bizkaiko Metaleko negoziaketa mahaiko ordezkarien esku utzi du hizkuntza-irizpideen gaineko erabakia eta ez du bere gain hartu aldi bereko itzultzaile zerbitzua jartzea. Hori gutxi balitz, ELA sindikatuak jarri behar izan ditu baliabide teknikoak eta laguntza militantea parte hartzaile guztien hizkuntza-eskubideak bermatu ahal izateko. Hala ere, FVEM patronalak uko egin dio laguntza honi eta nahiago izan du hainbat negoziatzailek ELAren azalpenak ez ulertzea”, adierazi du sindikatuak ohar bidez.
ELAren esanetan, erakunde publiko batek oinarrizko hizkuntz eskubideak bermatzea negoziatzaileen eskutan uztea “oso larria” da. Horrela, LHKren jarrera “kontraesankorra” dela adierazi du. “Hizkuntzen trataera sindikatu eta patronalen esku utzi ondoren, “ahal denean” itzultzaileen laguntza eskainiko duela esan baitu, laguntza horretarako eperik zehaztu ez duen arren. Hau da, bere ardura onartu du etorkizunari begira, baina epe laburrean hizkuntz-eskubideak urratzen jarraitzea erabaki du”.
LHKk aste honetan bertan jakinarazi du itzulpen zerbitzua eskaintzeko lanean ari dela, baina ez du zehaztu noizko izango duen prest. Hartara, Bizkaiko Metalaren mahaian euskara itzultzeko aukerarik izan ez bada ere, ELAk euskara hutsez egin du. “Euskara hutsean egiteko erabakiak behartu du LHK itzultzaileak jartzeko erabakia aztertzera. Iraganean eskaera egin zaioenean uko egin dio baliabideak eskaintzeari, soilik negoziaketa zehatzetan gaztelaniaz aritzeari uko egin zaionean hasi du eztabaida”, salatu du sindikatuak.
CCOOk blokeoa salatu du
EAEko CCOOk FVEM patronalaren "inmobilismoa" salatu du negoziazioa mahaia amaitzerakoan. Sindikatuak adierazi du patronalak negozioazioa blokeatu duela, ez dagoelako sindikatuak bateratzen dituen plataforma bat.
"FVEMek ez dio jaramonik egiten KPIaren igoerak langile klasearen soldatetan duen eraginari. Era berean, patronalak ez du neurririk hartzen lanpostuetako bero-boladen gorakadaren aurrean, eta arriskuan dauden enpleguek bere horretan jarraitzen dute sektorean subrogazio osorik ez dagoelako", gehitu du sindikatuak ohar bidez.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta